Euskaldun bizitzeko poza

Erabiltzailearen aurpegia Jabier Zabaleta 2014ko eka. 15a, 19:04

Kanpoan gabiltzala, gure herria nolakoa den galdetzen digutenean, zer da aurreneko gauza burura datorkiguna?

Bale… herri arraun zalea dela… eta Kontxako bandera pila irabazi dituela…

Bai, hori esango dute (edo duzue) askok aurren-aurreneko gauza; hori hola da.

Baina, segidan, ekitaldi honetan bildu garen gehienok behintzat, beste kontu bat ere esango dugu: Orio oso herri euskalduna dela.

Herri txiki euskaldun bat…

Izan ere, hizkuntzarena oso kontu garrantzizkoa da oriotarron nortasun kolektiboa definitzeko orduan. Euskarak definitzen gaitu, beste ezerk baino gehiago. Horrela izan da mendetan eta horrela da gaur egun ere.

Horregatik, Orioko curriculuma lantzerakoan, toki berezia eman diogu euskararen gaiari, iruditzen zaigulako inportantea dela gure haur eta gaztetxoek ondo barneratzea, ez bakarrik hizkuntza bera eta herriko hizkeraren partikulartasun eta aberastasun guztiak, baizik-eta, baita ere, bere historia soziala: erabileraren eboluzioa, sufritu dituen debekuak, mendetako diglosia, zailtasun era askotakoak…

Eta, horrekin batera, landu dugun dokumentuan, arreta berezia jarri dugu azken 40 urteotan euskararen alde herri honek egin duen ahalegin handia nabarmentzen eta horri balioa ematen. Orioko gazteek jakin behar dute berek euskaraz ikasi eta, alor askotan, euskaraz bizitzeko aukera izatea ez dela izan erraza. Jende askok lan handia egin behar izan duela hori posible izan dadin: ikastetxeetan, administrazioan, herriko elkarteetan… Esfortzu kolektibo izugarria egin du Orioko herriak euskarari eusteko eta euskararentzat esparru berriak irabazteko.

Baina, horretaz jabetzeaz gain, gazteek jakin behar dute, baita ere, oraindik asko dagoela egiteko eta euskararen egoera ez dela, ezta Orion ere, 'bertan goxo' geratzeko modukoa.

Etengabe aldatzen ari den gizarte honetan erronka berriak planteatzen zaizkie gure gazte euskaldunei (beste hizkuntza batzuk ikasi beharra, aniztasunera moldatu beharra…) eta, euskaldun segitzeko, nahitaezkoa izango dute euskararen aldeko jarrera kontzientea izatea. Hori landu beharra dago, eskolan, etxeetan eta herrian. Bestalde, euskararen arnasgune batean bizi direla jakitun izan behar dute, eta eredu direla Euskal Herriko beste euskaldunentzat.

Esaldi bakarrean biltzeko: euskaldun segitzeko gogoa transmititu behar diegu gure gazteei, eta euskaldun bizitzeko poza.

Orioko Curriculuma Sortzen taldearen ekainaren 13ko ekitaldirako sortutako testua

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide