Udalerri euskaldunen mankomunitateak (UEMAk) bat egin du BERRIA egunkariak harpidetza bultzatzeko abiatu duen kanpainarekin, euskarazko komunikabide sendoak edukitzea funtsezkoa delako herri euskaldunetan bizitza euskaraz egin ahal izateko.
BERRIA egunkaria ahalegin handia egiten ari da azken urteotan euskarazko hedabideen sarea zabaldu eta sendotzen. Euskarazko hedabideena sektore estrategikoa da euskararen normalizaziorako eta, are nabarmenagoa da hori UEMAk biltzen dituen herri euskaldunetan. Horregatik, UEMAk eta BERRIAk bat egin dute sustapen kanpaina honetan.
Paperezko BERRIAren diseinua aldatu egingo dute datorren larunbatean, maiatzak 31, eta data hori aprobetxatu dute sustapen kanpainari hasiera emateko.
BERRIA 15 egunez doan jasotzeko aukera
UEMAko herrietako biztanleek aukera izango dute egunkari berritua doan jasotzeko 15 egunez: ekainaren 3tik 15era. Horretarako, eskatu besterik ez dute, telefonoz (943 304 345) edo posta elektronikoz (harpidetza@berria.info), izena, telefonoa eta herria adieraziz.
Kanpaina UEMAko udalerri guztietara zabalduko da: 72 udal, 200.000 herritar.
Kanpainak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere izango du.