Errefuxiatuen Munduko Eguna ekainaren 20an ospatzen da urtero, Nazio Batuek mundu osoko errefuxiatuekiko elkartasuna, sentsibilizazioa eta aitortza adierazteko 2002. urtean egun hori izendatu zuenetik. 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren babespean sortutako eguna da, errefuxiatu guztien eskubideak eta duintasuna aldarrikatzeko sortua. Arazo politikoei, etnikoei edo erlijiosoei lotutako gatazken ondorioz desplazatutakoak dira errefuxiatuak. 2026an 71 milioi desplazatu daude munduan, eta horietatik 25 milioi dira errefuxiatuak.
Gizateriaren historian, herrialde guztietako jendeak utzi du atzean bere herria. Euskal Herrian ere bai, nola ez, ba! Hori izendatzeko bi hitz ditu euskarak: erbestea eta atzerria. Lehenengoan, herriaz beste egiten da; bigarrenean, berriz, norbere herria atzean utzi.
Historian zehar, hiru garaitan joan dira euskaldun asko kanpora. Lehen aldia duela 150 urte gertatu zen, 1876ko uztailaren 21ean, Alfonso XII.a Espainiako erregeak euskal foruak indargabetu zituenean. Bigarrena, 1936ko gerra garaian. Eta hirugarrena, XX. mendearen azken hamarkadetan, ETAren urteetan.
Testuan aipatutako hiru garai historiko horietako kasu gutxi batzuk ekarriko ditugu gogora. Lehenengo adibidea Jose Mari Iparragirre da, Urretxuko bardoa. Bigarren Karlistaldia amaitu berritan joan zen Ameriketara, ihesi, Angela Kerejeta andregaiarekin. Gerra haren ondorioz, Espainiako Gorteek Euskal Herriko mendebaldeko lurraldeetako erakunde eta lege propioak indargabetu egin zituzten, eta bertan behera geratu ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foruak. Iparragirrek, beste milaka euskaldunek bezala, erbesterako bidea hartu zuen. Haiek osatu zuten Ameriketan euskaldunen "zortzigarren probintzia" deitu izan dena.
Atzerriratuen kantuak
Euskal Herritik kanpora joandakoen kasuan, literatura ugari sortu da erbestea eta urruntasuna ardatz hartuta; bereziki Ameriketara joandako euskaldunen inguruan.
Historia liburuak, eleberriak, olerkiak, bertsoak eta kantuak idatzi dira joandakoaren herrimina edo etxean gelditu zirenen samina adierazteko. Horrela hasten da Antonio Zabalak Auspoa bildumako Ameriketako bertsoak lanean egin zuen sarrera: "Benetako euskalduna izateko, Ameriketan osabaren bat izan behar omen da". Liburua Ameriketako bertsoz osatua dago.
Ezaguna da Kaxianoren honako kanta hau ere: "Itsasontzi baten Euskal Herritik kanpora naramate eta ez dakit nora...". Eta Benito Lertxundik Zuberoatik Parisera lan bila joandako euskaldunen herrimina horrela kantatu zuen: "Anaia etxean da ezkondu, joatea erabaki dut, ogiaren bila, banoa Parisera. Oi Ama Eskual Herri goxua, zugandik urrun triste banoa, adios gaixo etxean dena, adios Xiberua". Eta Iparragirrerena da, Ameriketara joan aurretik Santanderrera erbesteratu zutenean sortutako honako kantu hau: "Zibilek esan naute... Ez etortzeko gehiago probintzia honetara; orduan hartu nuen Santander aldera".
Oriotarrak erbestean
Oriotarren artean ere izan dira erbesteratuak. Ramon Azpiroz Argentinara joan zen 1913an, 18 urte bete berritan. Bestela, Espainiako armadara deitu eta XX. mendearen hasieran Espainiak Afrika iparraldean egin zuen gerrara eramango zuten.
1936ko gerra bukatu ondoren, Jose Benito Lertxundi eta Serafina Genova senar-emazteek Argentinara ihes egin zuten, lau seme-alabarekin batera; Jose Benito, gerran Errepublikaren defentsarako komisariako buru izan zen eta, gerra bukatutakoan ezin zen etxera itzuli, akabatu egingo zutelako.
Francoren tropak Orion sartu aurretik, herritar askok ihes egin behar izan zuen. Haien artean ziren Genova familiakoak. Lehenik Iparraldera jo zuten; ondoren Bartzelonara, eta han bonbardaketak hasi zirenean, Frantziara. Gerra amaitutakoan, etxeratu ziren, eta Kataluniako Montserraten jaso zuten ongi etorriaren esker onez eman zioten Orion egin zuten baporeari izena: Montserrat.
Hirugarren erbesteratze aldia 1960ko eta 1970eko hamarkadetan gertatu zen, frankismotik ihesi. Batzuek beren borondatez hartu zuten alde egiteko erabakia; beste asko, ordea, behartuta eraman zituzten, adibidez Florentino Ostolaza Lertxundi Xalberdin.
Xalbardin Orion jaio zen 1943an. 1968an Donostiako Egia auzoan bizi zen, eta Lasarteko Michelin enpresan egiten zuen lan. Gainera, JOCeko militantea zen –langile katolikoen gazteriako kidea–, eta Egia auzoko Xabier taldeko presidente; talde haren bidez mendi irteerak eta euskararen sustapena antolatzen zituzten.
1968ko abuztuan atxilotu, epaitu eta Cuencako Motilla del Palancar herrira erbesteratu zuten urte bereko abendura arte. Egotzitako delituen artean zeuden ETAko bi kideri gau bateko aterpea eman izana eta Lasarteko Luistarren elkartean hitzaldi bat eskaini izana, Katolizismoa marxismotik ikusita izenburupean.
XX. mendeko azken urteotan ETAren mehatxuek ikaratuta ere hainbat jendek alde egin zuen Euskal Herritik, haien artean Orion maisu eta zinegotzi izandako Luis Cisneros, Espainiako hegoaldera joan zena.
Euskal herritarren elkartasuna
XXI. mendean asko handitu da herrialde pobreetatik aberatsetara doan jende kopurua. Euskal Herrira kanpotar asko etorri da azken hamarkadetan, bizimodu hobe baten bila. Onena litzateke munduko txoko baztertuetako baldintza ekonomikoak eta politikoak hobetzea, hango jendea ihes egitera behartuta ez egoteko, baina datozenei elkartasuna zor zaie.
Ezaguna da Aita Mari itsasontzian Mediterraneo itsasoan pateretan galduta dabiltzanak jaso eta portu onera eramateko egiten duten lana. Ongi Etorri Errefuxiatuak Euskadiko gizarte plataforma bat da, 2016tik errefuxiatuen eta migratzaileen eskubideen alde lan egiten duena, harrera duina eta aukera berdintasuna sustatuz. Taldekideek ohartarazi dute egoerak okerrera egin duela: gatazka gehiago daude, desplazatutako pertsona gehiago.
Ijito herria beso zabalik
Zergatik deitzen digute ijito oriotarroi? Dirudienez, garai batean ijitoak beren gurdiekin herriz herri ibiltzen zirenean, Orion harrera ona izan ohi zuten; ez zituzten herritik botatzen, eta gaur egun Anibarko Portua auzoa dagoen inguruan akanpatzen zuten.
Gaur egungo ijitoak, ordea, jatorri askotariko pertsonak dira: Ukraina, Senegal, Sahara, Palestina, Ekuador... Urrutitik etorriak. Eta orain ere harrera ona izan dute gure herrian. 2008an hasita zenbait urtez ospatu zen Orion Aniztasunaren Jaia; egun haietan, herriko plaza munduko kulturen topagune eta agertoki bihurtu izan zen. Gaur egun, Palestinaren aldeko Palestina-Orio elkartea dago herrian, baita Saharako errefuxiatuei laguntzen dien Gureara Orio ere. Aurten Errefuxiatuen Eguna modu berezian ospatuko da Orion.
Fatimatu Abdalahafed 31 urteko sahararra Orion bizi da, eta Guerara Orio elkarteko kidea da. Hark kontatu duenez, bere aiton-amonek Espainiak Saharan gauzatu zuen kolonizazioa ezagutu egin zuten, eta 1975ean, Marokoren okupazioa ere bai. Martxa Berdearen ondorioz, etxea utzi eta Aljeriara erbesteratu ziren; astebete oinez, ia gelditu gabe, hara iristeko. Azkenean, Tindufen kokatu ziren. Gurasoek, berriz, bizitzaren zatirik handiena Tindufeko errefuxiatu esparruetan eman dute.
Fatimatu han jaio zen, Argeliako Aaiunen (kanpalekuei beren aberriko hirien eta herrien izenak ematen dizkiete). 13 urte zituela Argelera joan zen ikastera. Handik, haurdun zegoela, Europara etorri zen, Alacantera, eta gero Euskal Herrira.
Palestinarren genozidioa
Sonia Sanchez euskalduna da, Donostian jaioa. Orion bizi da. Aspalditik erakutsi du palestinarren aldeko konpromisoa. Zarautzen bizi den Lolo Mohsen neska palestinarraren testigantza ekarri digu gogora, iaz bizi izan zuen egoera izugarria: Gazan zela, haur txikia besoetan zuela, israeldarren bonba batek etxea jo zuen, eta teilatua gainera erori zitzaien. Haurra hiltzen ikusi zuen. Lolo zaurituta atera zuten Gazatik, eta Euskal Herrira ekarri; baina beste lau seme-alabak Gazan utzita.
Sanchez-eta duela urte batzuk herriko meskitan elkartzen hasi ziren, israeldarrek palestinarren aurka eragindako sarraskiez hitz egiteko. Denborarekin ohartu ziren beren artean hitz egitea ez zela nahikoa, eta urrats bat aurrera emanda, Palestina-Orio taldea sortu zuten. Harrezkero, herriko hainbat lagunekin, Palestinako genozidioaren salaketa plazaratzen ari dira etengabe.
Hileko lehen ostiralean elkartzen dira plazan, genozidioa salatzeko. Aurten, haien bidez, Palestinako banderak presentzia izan du Orioko Korrikan. Plazan kultur ekitaldi bat antolatu zuten Palestinako kultura ezagutarazteko: olerkiak, dantzak... Kultur etxean Israelen krimenei buruzko erakusketa jarri dute. Gazan haurra galdu zuen Lolo han izan zen, eta bideo bateko bonbaren ziztua eta leherketa entzutean, izuak gainezka egin eta kultur etxetik irten egin behar izan zuen, erabat larrituta.
Ekainaren 20an, Errefuxiatuen Munduko Egunean, jaia eta aldarrikapena uztartu nahi dituzte herriko kaleetan eta plazan. Egun horren antolaketan dabiltza Jokin Urangarekin eta zenbait herritarrekin batera.




