Aita Rodrigo Aganduru misiolaria, idazlea eta marinela

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2026ko apirilaren 19a

Aita Rodrigo Aganduru erlijio katolikoaren misiolari lanetan ibili zen Asia aldean.

Martxoko Aia-Orio Guka aldizkarian argitaratutako Oroimenaren kutxa ataleko artikulua da honakoa.

Aurtengo abuztuaren 10ean, 100 urte beteko dira Santa Kruz apaiza, 94 urterekin, 1926an, Kolonbian hil zenetik. 1842an jaioa zen, Gipuzkoako herri txiki batean, Elduaienen. Hango oraingo alkateak Aranzadi zientzia elkarteari eskatu dio ea posible ote den Santa Kruzen gorpuzkiak Kolonbiatik jaioterrira ekartzea, haren oroimenez ospatuko diren ekitaldietarako. Bigarren karlistaldiko soldadu karlisten buruzagi gerrillaria izan zen, eta 1873an Aia aldean ibili zen borrokan.

Aurtengo abenduaren 27an, 400 urte beteko dira Rodrigo Aganduru Moriz fraide agustindarra, 42 urte zituela, 1626an Orion hil zenetik. Aganduru 1584an jaio zen; sorlekuari dagokionez, bi bertsio agertzen dira historia liburuetan: batzuek diote Valladoliden jaio zela, baina bada Orio izan zuela jaioterri dioenik. Badirudi gaur egungo Andu baserrian duela jatorria XVI. mendean jaiotako gizonak. Segurutzat jotzen dena da Orion hil zela, 1626ko abenduaren 27an. Aurtengo Gabonetan izango da Aita Agandururen heriotzaren 400. urteurrena. Aukera ederra gizon hura, nolabait, herrian gogora ekartzeko.

Aita Aganduru Filipinetan

"Aita Aganduru misiolari agustindarra, Orioko ondorengoa, 1584an Valladoliden jaioa. Misiolari lanak egin zituen Luzonen (Filipinak) eta Japonian. Urbano VIII.a aita santuaren aurrera bidali zuten, han hiru urtetan egindako lanaren berri emateko. Japonian eta Filipinetan kristautasunera ekarritakoen historia idatzi zuen, eta Moluka eta Filipina uharteen historia orokorra" (Auñamendi Entziklopedia: Karmelo Etxegarai, Ikerketa historikoak. Donostia, 1893).

Abenduaren 27an, 400 urte beteko dira aita Aganduru fraide agustindarra 1626an Orion hil zenetik

"Aita Rodrigo Aganduru pertsonaia historiko konplexua da. Asko idatzi da hari buruz, eta ez beti behar bezalako neurriz. Agustindarrek, eta ez haiek bakarrik, era askotan goraipatu dute Aganduru: misiolari, historialari, hizkuntzalari, kosmografo, bidaiari, baita poeta gisa ere. Zalantzarik gabe, gizon bikaina, ikasia eta ausarta izan zen, abangoardiako misiolari bokazioa gobernu zereginekin eta jakin-min unibertsalarekin uztartzen jakin zuena, jakintza guztietara irekia". Horrelaxe hasten da Aita Rodrigo Agandururen bizitza eta obra (1584-1626) liburua, Erromako Agustindar Errekoletoen Institutu Historikoko Angel Martinez Cuestak idatzia (gaztelaniatik euskaratuta).

Andu baserria; bertan jaio zen Aita Agandururen aita XVI. mendean. (Indalecio Ojanguren)

Agustindarrek egindako Aita Agandururen biografiak hiru aro bereizten ditu: lehena, haren haurtzaro eta gaztaroko lehen hogei urteak; bigarrena, 20 urtetik 38ra bitartean Filipinetan ebanjelizatze lanetan emandakoak; eta hirugarrena, etxeratzeko bidean, Indiar Ozeanoan eta Ekialde Hurbileko lurretan eman zituen bizitzako azken lau urteak: 1622ko Gabonetatik 1626ko abenduaren 27an Orion hil zen artekoak.

15 bat urte zituela sartu zen San Agustinen Ordenan. Gaztaroa teologia ikasten eta lantzen eman zuen, Valladoliden eta Salamancan. Han apaiztu zen. Apaizgaien irakasle zebilen bere lehengusu batek, Apolinario Franco Morizek, eman zion Rodrigo gazteari Filipinetara misiolari joateko ideia. Lehengusua Japonian hil zuten 1622an, martirizatuta.

Ebanjelizatzailea eta predikatzailea izan zen Aganduru, artean gutxi kristaututa zeuden lurraldeetan, batez ere Filipinetan eta Japonian, gaztelarren garai kolonialean. Berehala nabarmendu zen bere lan pastoralagatik eta herri ebanjelizatuetako hizkuntzak menderatzeagatik. Aktiboki parte hartu zuen fundazio berriak antolatzen eta agustindarren misio egiturak ezartzen.

Marinel trebea

Filipinetarako joan-etorrietan trebatu zen Aganduru nautikako ezagutzan, bai teorian eta bai praktikan, eta bihurtu zen nabigazioko marinel pilotu aditua. 4.800 itsas milia egin zituen hemendik harakoan, eta 7.160 honakoan (itsas milia: 5.560 metro). Itsas bidaiaren luzeragatik eta han bizi izandakoengatik, marinel oso trebetzat jo zuten Aganduru, eta haren joan-etorriak oso ezagun bihurtu ziren garai hartan.

Etxerakoan, Filipinetatik abiatu eta, Ozeano Barea zeharkatuta, Kaliforniara iritsi zen. Artean zuriek konkistatu gabeko Ipar Amerikako lurretan zehar, Mexikon barneratuta, Acapulcora jo zuen. Handik itsasoratuta, Kuba, Florida eta Bermudak igaro zituen. Ondoren Europa aldera abiatu ziren, baina itsasoratu orduko zazpi egun iraun zuen enbatak Ternua eta Labrador aldera eraman zuen itsasontzia; justu-justu iritsi zen portura, urez gainezka, eta kroskoa oso egoera kaskarrean zuela, hondoratzeko zorian. Han, penintsulara zetorren itsasontzi ingeles bat hartu behar izan zuen. Cadizen lehorreratu zen.

Filipinetarako eta Japoniarako itsas joan-etorrietan 125.000 kilometro inguru egin zituen.

Ez zuen, hala ere, hura izan bere azken bidaia; berriro joan zen Filipinetara, 1626an azkenekoz etxeratu aurretik. Azken aldi hartan Indiar Ozeanoan barrena etorri zen, era horretan mundu bira osatuz. Denera, 125.000 kilometro egin zituen itsasoan, eta beti adi, arreta handiz, itsas nautika eta kosmografiako ezagutza handitzen. Horixe erakusten dute Aganduruk idatzitako zenbait testuk. Horrez gain, ezagutu zituen herrialdeen alde historiko, politiko, kostunbrista eta erlijiosoez ere idatzi zuen.

Azken aldi hartan, Borneo eta Timorretik barrena, Arabiako kostaldean lehorreratu zen. Han ere ez zen mugatu ikusten zuena behatzera, idaztera eta marraztera; kontaktuan jarri zen hango arduradun erlijioso musulmanekin, haiekin eztabaidatuz eta erlijio katolikoa predikatuz. Misiolaritzan arrakastarik handiena Basoran izan zuen, musulmanen eremuan zegoen hirian: hango hogeitik gora printzek gutun bat izenpetu zuten, Erromako elizaren agindupean sartzea onartuz.

Misiolaria eta idazle iaioa

Hiru urteko bidaia nekagarriari amaiera emateko, milatik gora gameluko karabana batean joan zen Ekialde Hurbileko lurretatik Erromaraino. Oinutsik, bizar eta ile luzearekin iritsi omen zen Erromara, eta abiatu zenetik arropa aldatu gabe. Han Urbano VIII.a aita santuarengana joan, eta hari entregatu zion Arabia aldeko printzeek sinatutako gutuna, eta azaldu zion kristautasunak Filipinetan egindako aurrerabidea. Erromatik, akituta, etxe aldera abiatu zen. Huescan familiar batzuei bisita eginda etorri zen Oriora, eta handik gutxira bertan hil.

Aita Aganduruk asko idatzi zuen. Misiolari lanari eta bera egon zen eskualdeen historiari buruzko kronikak eta idazlanak egin zituen. Lan ezagunena 1623an idatzi zuen: Historia General de las Islas occidentales a la Asia adyacentes, llamadas Philipinas, non erlijio eta kultura ezagutzak konbinatu zituen. Liburuan historia eta geografia mitologiarekin eta erlijioarekin nahasten da. XVII. mendeko kristau katoliko baten ikuspegitik eta Gaztelako Erresumako herritar batenetik idatzia da liburua, haien defentsan.

Urbano VIII.a aita santuak audientzia eman zion, Filipinetatik etxera bidean zetorrela.

Horrela hasten da (euskaratuta): "Mendebaldeko irla hauek, munduaren muturrean ezkutatuta bezala, Jainkoak itsasoan kokatuta daude, Asiaren jarraipen moduan; eta hain dira emankorrak eta aberatsak, munduko herrialde aberatsenak ere borrokatuko bailirateke haietaz jabetzeko; eta hango lur aberatsetako meategi ezkutuetan gordeta dituen altxor preziatuak hain dira ederrak, munduko erreinu oparoenetan ere ez baita antzekorik ikusi, edertasunean eta aberastasunean. Uharte hauetan denetik baitago: kilate handiko urrea, zilar garbia, diamanteak, errubiak, topazioak eta bestelako harribitxiak, eta perla xalo, garbi eta lodiak; eta horrenbesteko ugaritasunean dena, non eskualde eta mundu osoko probintziak hornitu litezkeen. Zeta eta kotoia, aroma zoragarrienak, antzina hain preziatua zen marfila... arruntak dira mendebaldeko lurralde hauetan, egunerokoak".

Orioko bi fraide historiko

Aita Aganduru (1584-1626) eta Aita Lertxundi (1836-1896) garai historiko desberdinekoak izan arren, parez pare jar daitezke: Orioko jatorria dute biek, gaztetxotan fraide sartu eta Europatik kanpora joan ziren, kristautasunaren misiolari. Tokian tokiko hizkuntzak ikasteko jarrera irekia izan zuten, eta horretan erraztasuna erakutsi. Aganduruk tagaloa ikasi zuen, Filipinetako jatorrizko hizkuntza; Aita Lertxundik, arabiera eta Marokoko dialektoak. Hainbat liburu idatzi zituzten, bisitatutako herrietako historia eta istorioak azalduz. Garaiko aita santuarekin izan ziren, bertatik bertara, ezagutu zituzten lurraldeen berri emanez; Filipinak batak, Maroko iparraldea besteak.

Aita Agandururen liburua Orioko jatorria duen batek idatzitako aurrenekoa izango da

Antzeko ariketa egin liteke Rodrigo Agandururen eta Anjel Lertxundiren artean ere: Orioko Andu baserriari lotuta dago bi idazleon jatorria, aita bertan jaioa zuten biek. Rodrigoren liburua Orioko jatorria duen batek idatzitako aurrenekoa izango da; Anjel, berriz, emankorrena da.

'Historia General de las Islas occidentales a la Asia adyacentes, llamadas Philipinas' liburua idatzi zuen.

Bada beste kasualitate historiko bat ere: Rodrigo Aganduru Valladoliden jaio eta Orion hil zen. Joanes Etxaniz balea arrantzalea, Orion sortu eta Ternuan zendu. Hango kostaldean hilzorian zegoela, 1584ko Gabon egunean testamentua egin zuen. Haren hitzak zarauztar batek idatziz jaso zituen. Dokumentu hura jo izan da urteetan Ameriketan idatzi eta gorde direnen artean zaharrentzat. Beraz, historikoa da. Ba, Etxaniz hil zen urtean jaio zen Aganduru, 1584an, bata bestearen segidakoak ziren. Bien hitzak pasatu ziren historiara: Etxanizenak ahoz, Agandururenak idatziz.

Aita Aganduru, agian, euskal marinel historikoen artean ere sartu genezake, Elkano, Urdaneta eta abarrek osatutako taldean; izan ere, hori ere aitortzen diote historialariek: marinel trebea zela, Aganduruk ere, bi joan-etorri desberdinetan izan arren, mundu bira osoa egin baitzuen itsasoz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide