Euskaldunok, zorionez, hitz asko ditugu pertsona baten edo giza talde baten izaera, jarrera, jokaera edo legatua gogoan hartuz harentzako esker ona adierazteko: omenaldia, aitortza, gorazarrea, gorespena, laudorioa...
Adierazpen hori gauzatzeko moduak ere asko daude; adibidez, herriko kale bati pertsona baten izena ematea. Orion horixe egin zitzaien Aita Lertxundi, Gabriel Oa, Manuel Antxiola, Antonio Arizaga, Tomas Endaia eta Juanes Urdaire herriko semeei, eta gizatalde hauei ere bai: Abeslari, Arrantzale, Eusko Gudari, Estropalari, Pelotari, Txistulari eta Saregile.
Kale izenek ez dute noski betiko balio izaten, garaian garaikoak dira. 1936ko gerra bukatuta, 40 urtez Calle Calvo Sotelo izan zena orain Eusko Gudari kalea da. Bizitza aldaketa etengabea da. Aspaldi ez dela, herriko gazte batzuek zalaparta pixka bat sortu zuten herriko zenbait kaleren izena aldatu nahi zutela eta.
Bada beste era bat herritarrei gorazarre egiteko: seme edo alaba kuttun izendatzea. Oriok gutxienez laurekin egina du: Jose Lertxundi (Aita Lertxundi), Maria Kamino (Maria Maistra), Juan Zaragueta eta Selma Huxley. Huxley andre ikerlari kanadarrak hitzaldia eman zuen Cine Leundan, bere ikerketen berri azaltzeko. Huxleyk urteak eman zituen Oñatiko Unibertsitateko artxiboko dokumentuak ikertzen, euskal arrantzaleek Kanadako kostaldean ehizatutako baleei buruzkoak.
Karkara aldizkariak modu bitxia izan zuen herritarrek egindako ekarpenak aipatzeko: atal bat sortu zuen zORIOnak izenekoa, ondoan zORIOtxarrak izenekoa zeukana, zoriontzeko edo gaitzesteko.
Omenaldiak egiteko ohitura ez da berria, aspalditik dator. Artikulura ekarritakoak gure eskuetara iritsitakoak dira; tamalez, bidean ahaztuta geldituko zen hainbat. Kronologikoki zerrendatuta daude; eta dokumentuetan erdaraz zeuden testuak, euskaratuta.
Aspaldiko omenaldiak
1919-09-23. Omenaldia egin zitzaion Donostian Celestino Agirresaroberi: Horrela dio Orioko udal artxiboko dokumentuak: "Aho batez erabaki da datorren astean Donostiako Bellas Artes-eko antzokian Celestino Agirresarobe baritono oriotar gailenaren alde egingo den funtziorako palko bat ordaintzea eta udaleko batzorde bat joatea".
1926-08-31. Udalbatzarrean, Aita Lertxundiren memoriari buruzko proposamena aztertu zuten: "Fraide frantziskotarrek, liburu batean argitaratzeko, afrikanista ospetsuaren datuak eta jaiotetxearen irudiak eskatu zituztela eta, posta txartelen bilduma bat osatu zuten, eta Lertxundiren busto bat jartzeko proiektu bat egin, bilduma salduz eta herriko seme-alaba onen dohainekin gauzatu zitekeena". 1928an udalak diruz lagundu zuen Aita Lertxundiren biografia liburua eta uko egin zion estatua egiteari.
1930-08-10. Iparraldeko pilotazaleek omenaldia egin zioten Bittor Enbili Orioko plazan, Iparraldean errebotea sustatzeagatik. Harrizko plaka bat jarri zuten haren jaiotetxeko paretan.
1936-10-24. Gerra bukatu berri, Udalbatzak Jose Maria Carmonari gorazarre egin zion. Erabaki zuen "marxistek hildako herritarraren aldeko sentimendua aktan jasotzea, eta doluminik sentituena helaraztea haren aita Jesus Carmona zinegotziari eta familiari". Zinegotzi batek herriko kale bati hildakoaren izena ematea proposatuta, udalak onartu egin zuen.
1946ko urria. Donostiako Antzoki Zaharrean omenaldi handia egin zitzaien Orioko arraunlariei, Santanderreko uretan Pedreñari irabaziz "Gipuzkoako Arraunaren Ohorea" defendatzeagatik. Fabian Loidik bertso bat eskaini zien: "Lenbizi Oriyo ta, bigarren Pedreña, irugarren Sestao, laugarren Coruña". Aurretik ere jaialdia izan zen antzoki berean, Orioko txistulariekin eta dantzariekin, eta Basarri eta Uztapide bertsolariekin.
1950-07-26. Udalak aitortza egin zion Ramon Iribarren Gipuzkoako portu ingeniariari, barra konpontzeko egindako proiektuagatik, Ramon Uranga arrantzalea alkate zela. Oroigarri bat eman zioten, eta hamaiketakoa egin zuten hondartzan.
1951-07-31. Santiago egunean, elizako kantariek Santiago Azurza musikaria omendu zuten. Elizako organo jotzailea, udal idazkaria eta herritarren musika irakasle izan zen. Joakin Aldabek bertsoa egin zion: "Erein dezun aziyak nai nuke benetan/ eman ditzaten beti emaitzak urtetan/ jarrai jarrai gaztiak leengo bidetan/ ederki abestuz danak egun aundiyetan".
1970-11-08. Joakin Aldaberi egin zitzaion esker oneko gorazarrea, udaleko kontu hartzaile, arrantzaleen kofradiako idazkari eta elizako sakristau izandakoari. Bazkaritan hiru bertsolari izan ziren: Basarri, Manuel Lasarte eta Lexoti. Hiru opari egin zizkioten: udalak, zilarrezko plaka; Kofradiak, urrezko erlojua; eta Parrokiak, idazmakina.
1971-08-08. Orioko nazioarteko estropadan, arraun elkarteak Bizente Ferrin gizon apala omendu zuen, bazkideei etxez etxe kuota kobratzen zien arraunzaleari, ondo egindako lana eta arraunlariekiko berotasuna eskertuz.
1977-01-19. Ikurrina legeztatu zen egunean, 40 urtez Ertzilla Enean ezkutuan egondako ikurrina argitara atera, eta, txistulariekin kalejiran joanda, udaletxeko balkoitik astindu zuten 1936ko Gerrako bi gudarik: Gabriel Loidik eta Jose Mari Solaberrietak.
1978ko San Pedro jaien programan, Pako Arruabarrenak artikulu bat eskaini zion Ignazio Leunda txistulari zenari: "On puska bat zen, denon laguna, langile nekaezina, borondate onekoa. Kontzertuak, kalejirak, aurreskuak eta euskal doinu herrikoi ugari eskaini zituen".
1981-05-24. Manuel Lasarte omendu zuten frontoian, oriotartutako leitzarra; zortzi bertsolari aritu ziren kantari: Manuel eta Euxebio Lasarte aita-semeak, Xanpun, Lazkao Txiki, Lopetegi, Azpillaga, Etxeberria eta Jose Lizaso. Han ziren alkatea eta bikarioa ere, biak bertsozale: Jose Mari Lizaso eta Andres Garmendia.
1984ko maiatza. Ikastolak Sotero Plazaola apaiza omendu zuen. Arantxa Adurizek, urte batzuk geroago, hala idatzi zuen Karkara-n: "Herriaren zerbitzaria zen, maite zuen herria eta garbi zuen herri baten oinarri nagusia hizkuntza dela. Inguruan taldeak osatzeko ahalmen berezia zuen, bere egiten zituen herriaren kezkak eta beharrak. Bera izan zen Ikastolaren sortzaile eta bultzatzaile nagusia".







