"Duela mila urte bazen Aia izeneko herri bat…". Hitz horiek zituzten idatzita aurten Aian zabaldu dituzten poltsa batzuek. Eta hori zergatik? Ba, Gipuzkoa hitza historian lehen aldiz aipatzen den liburuan, Nafarroako Erresumako batean, Aia hitza ere ageri delako, eta Elkano ere bai. Liburua 1025ekoa da, orain dela mila urtekoa.
1025etik gaur egunera arte mila urte igaro dira. 1925etik, ehun, mende bete. Mila urte asko dira, ehun ere bai. Orion bost emakume eta gizon bat bizi dira 1925ean edo lehenago jaioak. Zekorraneko Teresa Loidi Aierbe da zaharrena, 104 urterekin (1921-03-07). Aspalditik Donostian bizi den Xuai baserriko Juanita Aldaz Etxezarretak ere 104 ditu (1921-10-09). Josepa Abalabide Iradi da adinez hirugarrena (1923-03-19). Maria Luisa Uranga Miralles (1923-11-14) Zumaiako Otezuri egoitzan bizi da; 102 urte bete berri ditu. Jose Manuel Uranga Aiestaran Iñarra-k (1925-01-29) eta Josefa Muñoz Sanchezek (1925-04-30) aurten bete dituzte 100 urte.
2024ko otsailaren 27an zendu zen Maria Luisa Murgiondo Aiertza (1922-02-26), 102 urte bete eta biharamunean. Eta aurtengo maiatzaren 12an, Emerenciana Molinero Cuenca (1922-01-31), 103 urte zituela. Ehun urte bete zituzten egunean, herriko alkatearen bisita jaso zuten. Alkateak, herriaren izenean, lore sorta bana eta bertsoa eman zizkien; bertso pertsonala, Errikotxia elkarteko bertsolariek haientzat propio egina.
1925eko urtea, bete-betea
1925ean, Espainia Miguel Primo de Riveraren diktadurapean zegoen. Alderdi politikoak debekatuta zeuden eta ez zen hauteskunderik. Gobernadore zibilak aukeratzen zituen alkateak. Espainia Rifeko (Maroko iparraldea) gerran sartuta zegoen bete-betean, eta gerra hartara eraman zituzten hainbat euskal mutil, tartean oriotarrak: han ibili zen, esaterako, Andu baserriko Agustin Lertxundi. Batzuek ihes egin zuten Euskal Herritik, gerrara ez joateko; adibidez Lontzoneko Ramon Azpirozek, Argentinara.
1925eko urriaren 13an. Propaganda Antipatriotiko eta Antisozialari buruzko Errege Dekretua sinatu zuten, bigarren puntuan hau zioena (geronek euskaratuta): "Lehen Hezkuntzako ikuskariek eskoletako testuliburuak aztertuko dituzte, eta espainolez idatzita ez badaude edo Espainiaren batasunaren kontrakoak baldin badira, berehala haurren eskuetatik erretiratuko dira, eta irakasleari espedientea zabalduko zaio, enplegua eten eta soldata erdia kendu". Alegia, euskarazko liburuak debekatu zituen legeak. Espainiako Gobernuaren erabaki horretan zerikusia izango zuen, noski, urte hartan bertan Xabiertxo izeneko liburua argitaratu izanak, Euskal Herriko ikastoletan erabiltzeko. Euskarazko testuliburuen aitzindaria eta belaunaldi askorentzat erreferente izango zen Xabiertxo (Argia, 2934, 41. or.: Xabiertxok espainolez ikasi behar du).
Orion ere 1925. urtea ez zen nolanahikoa izan. Joakin Cortes zen alkatea; zinegotzi, besteak beste, Antonio Maria Uranga, urte hartan bertan, traineruko patroi zela, Kontxako bandera irabazi zuena. Garai hartan eraiki zen arrantzaleen San Nikolas kofradia izango zenaren etxea, 2019ko irailean eraitsi zuten arte zutik egon zena; eta sortu zen San Nikolas arrantzaleen kofradia, ordura arte izandako beste kofradia baten zatiketatik eratu zutena. Kofradia-etxearen atarian data hori agertzen zen: 1925. Herriko merkatu plaza ere urte hartan inauguratu zuten. Urte hartan bertan, naufragio tragiko bat gertatu zen Orioko barran. Eta, azkenik, Espainiako erreginaren eta haren familiaren bisita jaso zuten oriotarrek. Tira, ia denetik izan zen.
Orioko herritarrentzat, hala ere, urte hartako heroia kirolari bat izan zen: aipatutako Antonio Maria Uranga, Donostiako estropada irabazi zuten arraunlarien patroia. Eta Aian, beste bat: Lokate segalaria.
Lau gizon ito barran, bi bizirik
1925eko maiatzaren 8an, naufragio bat izan zen gure herriko barra arriskutsuan. Garai hartako La Voz de Guipuzcoa-k honela azaldu zuen tragedia hura (geronek euskaratuta): "1925eko maiatzaren 8 hartan, goizean itsasoratu zen Goizeko Izarra eta arratsean, 21:30ak aldera, etxera zetozen, ontzia arrainez gainezka. Itsaso handia zen, zakarra, Orioko barra itsusi zegoen itsasotik sartzeko. Zalantza izan zuten, baina Laureano Oliden patroiak aurrera egitea erabaki zuen. Itsasoa handiegia edo ontzia txikiegia, olatu izugarri batek arrantzaontzia trabeska harrapatu, eta irauli egin zuen. Arrantzaleak itsasoaren mende geratu ziren. Handik gutxira, herriko baporeak bertaratu ziren, galdutako bi gizonen bila. Dena alferrik izan zen, itsasoak irentsi zituen betiko. Gobernadoreak diru bilketa bat zabaldu zuen, galdutako gizonen familiei laguntzeko, berak diru pixka bat jarrita"
Goizeko Izarra-k ez zituen alde izan izarrak egun hartan. Itsasoak, beste askotan bezala, tributu latza ordainarazi zien arrantzaleei. Bi gizon ito ziren: 30 urteko Ignazio Manzisidor, eta 35eko Laureano Oliden. Patxi Danbolin zena, orduan 2 urteko haurra, Laureanoren semea zen.
Hiru urte lehenago, 1922ko otsailaren 13an, Mariposa baporea hondoratu zen barran, eta bi gizon ito: Jose Bixente Loidi eta Jose Manuel Mitxelena, 23 urteko bi arrantzale gazte. Barra muturrean dago bertan itotakoen zerrenda. Han agertzen dira bi istripuotan itotako lauren izenak ere.
1925eko istripuaren kronikan datu bat egiten da deigarria, izugarria: bi gizon atera ziren bizirik naufragiotik, bi anaia: Anjel eta Tiburtzio Etxeberria, biak ezkongabeak. Ba, hiru urte lehenagoko istripuan ere bi arrantzale haietxek atera ziren bizirik: Etxeberria anaiak. Txanponaren bi aldeak: leon/kastillo. Bi bizirik, bi hilda: bizitza eta heriotza.
Herriko plazaren inaugurazioa
1925eko abuztuaren 8ko goizean inauguratu zuten Orioko plaza. Ostegun goiz hartarako, Cortes alkateak hamar zinegotziak eta herriko bikarioa deitu zituen "merkatu plaza berria" –horrela izendatu zuten udalbatzarraren aktan– bedeinkatzeko eta inauguratzeko ekitaldira. Freskagarriak banatu zituzten bertaratu ziren herritarren artean.
1925eko irailaren 6an eta 13an, Kontxako estropadetan bost traineru lehiatu ziren: Orio, Donostia, Hondarribia, San Juan eta Santoña. Portaletako apustuetan Orio zen faborito, eta nagusitu egin zen. Bigarren igandean, ohorezko txanda bakarrik jokatu zen: Orio eta Hondarribia lehiatu ziren. Oriotarrak, txuriz, hondarribiarren traineruan, Ondarrabitarran; eta hondarribiarrak, horiz, oriotarren San Nikolasen. Garai hartan kolorea zozketatu egiten zen. Antonio Maria Uranga zen oriotarren patroia. Banderarekin batera, 12.000 pezetako saria eskuratu zuten; Hondarribiak, 7.500ekoa. Kontxako hiru bandera irabazi zituen Urangak: 1923an, 1925ean eta 1939an. Oriotarrentzat zazpigarrena zen 1925ekoa.
Bigarren estropada egunean, irailaren 13an, jaio zen Orion Jose Ramon Salsamendi, herrian bizitza osoan barbero lanetan ezagutu genuen gizona. Orduan, Don Migel zen herriko medikua, Migel Perez Agote, Palaziokoa (orain, autopista azpian legoke jauregi hura). Don Migel kezkatuta zebilen bezperatik, emakume haurdunaren sabela garaiz erdituko ote zen, haurra jaiota bera estropada ikustera joateko. Medikuaren onerako, Jose Ramon goiz munduratu zen, goizeko bostetan. Horrelaxe kontatzen zituen Jose Ramonek, berak amaren ahotik entzunda, goiz hartako kontuak.
Jose Ramon Salsamendi bezala, 1925ean jaio zen Jose Mari Salsamendi erremontari handia ere, urtarrilaren 8an. Eta 1925ekoa zen, era berean, Milagro Aristimuño, Venezuelan Joakin Salsamendi pilotaria ezagutu eta harekin ezkondu zena –haren biografia eman genuen 414. Karkaran). Joakin beste pilotari baten semea zen: El tigre de Orio izengotiarekin ezaguna zen Ramon Salsamendirena.
Donostiako estropadatik bi astera, 1925eko irailaren 28an, astelehena, Pedro Mendizabal Lokate aiarra eta Urnietako Jose Arrieta Prantxesa lehiatu ziren Iturriotzeko zelaian, segan, bi orduko lehian. Lokatek 53 urte zituen eta, 4.294 kilo belar moztuta, irabazi egin zuen lehia; Prantxesak, berriz, 3.957 kilo moztu zituen. Euskal herri kirolen gainean idatzitako liburuetan norgehiagoka hura jotzen da inoizko sega-saio gorentzat. Sei mila lagun bertaratu ziren Iturriotzera eta orduko 150.000 pezeta inguru jokatu ziren apustuetan.
Espainiako erreginaren bisita
1925eko irail bukaerako egun batean bigarren estreinaldia izan zuen herriko plazak, bisitari ospetsuekin. Espainiako erregina Victoria Eugenia herriratu zen, Alfontso XIII.a erregearen emaztea eta oraingoaren birramona. Fackun Tu Zin yatean etorri ziren Orioko plaza ondoko moilaraino, Donostiatik abiatuta, erregina eta familia. Plazan meza entzun, eta hiru bandera bedeinkatu zituzten: herrikoa, Somatenarena eta irailean Kontxan irabazitakoa.






