Victoria Eugenia erreginaren bisita Oriora

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2025eko abenduaren 12a

Victoria Eugenia erregina, Orioko plaza inguruan, 1925. urteko udazkenean. (Utzitakoa)

Orain dela 100 urte, 1925eko udazkenean, Espainiako monarkiaren bisita ofiziala jaso zuen Oriok. Eta gertaera hari buruz idatzi du artikulua Iñaki Iturainek, egun hartako argazki ugari bilduz.

Orain dela 100 urte, 1925eko udazkenean, Espainiako monarkiaren bisita ofiziala jaso zuen Oriok. Errio dokumentala egin dutenek erabilitako zenbait dokumentu historikoren arabera, lehendik ere egona zen Alfonso XIII.a Orion, behin baino gehiagotan; are gehiago, bolada batean urtero bidaltzen omen zioten Oriotik Donostiara errioko Donpernas txokoan harrapatutako izokin bat. Aurreko mendeetan ere, Oriako ontzigintza bere onenean zela, besteak beste armadarako gudaontziak egiten zituztenean, harreman sarria izan omen zen hemengo ontzigileen eta Espainiako monarkiaren artean.

1925eko abuztuan inauguratu zuen Orioko Udalak herriko plaza berria, merkatu plaza izendatu zuena. Aiako Santio Errekako Arrazubi Aldekoa baserrian jaiotako Esteban Orbegozo Iribarrek, siderurgiako enpresa ezagunaren sortzaile eta jabeak, finantzatu zuen plaza berriko kioskoaren obra.

Irail bukaerako egun batean bigarren estreinaldia izan zuen plazak, Espainiako bisitari ospetsuekin. Plazan meza entzun zuten, eta hiru bandera bedeinkatu ziren: herrikoa, somatenarena eta Orioko arraunlariek aste batzuk lehenago Kontxan irabazitakoa.

Honela zekarren horren berri Vida Vasca aldizkariak: "En Orio S. M. la Reina Victoria, acompañada de la gentil infanta Beatriz y demás familia, asistió a la jura de la bandera del Somatén de aquella localidad, acto solemnísimo y que revistió gran importancia, dando con ello una prueba de alto ejemplo". Aldizkari hartan erakusten ziren, Orioko bisitaren argazkiekin batera, Lasarteko hipodromora egin zuten bisita batenak ere.

Orioko orduko egoera politikoa

Joakin Arostegi apaiz oriotarra zenak hauxe zioen 2007an argitara eman zuen Oroitzapenak liburuan: "Egia esateko, askatasunik gabea gertatu zait ia nire bizitza osoa. Hamasei urte bitartean, Primo de Riveraren diktadura jasan genuen. Diktadura horren eragina eta ondorenak Oriora ere heldu ziren. Alkate erdalduna ezarri ziguten goitik, herriarekin ezertxo ere kontatu gabe…".

Halaxe zen, bai, 1925ean Espainiako estatu osoa Miguel Primo de Riveraren diktadurapean zegoen. Alderdi politikoak debekatuta zeuden eta ez zen hauteskunderik. Gobernadore zibilak izendatzen zituen alkateak. Joakin Cortés zen orduan Orioko alkate, Gipuzkoako gobernadoreak ezarrita; eta ez zen bertakoa eta ez zekien euskaraz.

Somatena milizia bat zen, Katalunia aldean militarrek sortua eta handik zabaldu zena. Herriz herri antolatua zen, herritarrek osatua eta badaezpadako izaera zuena; herriak kanpotarren erasoa jasaten bazuen, haiei erantzuteko milizia armatua. Eta bake garaian, urtean behin elkartu eta, plazan, miliziaren banderarekin batera, armen erakustaldia egitea zuena ia eginkizun bakar.

Erreginak eta bere akolitoek Somatenaren bandera hura bedeinkatzea zuten bisita-egun hartako zeregina. Bide batez, beste bi bandera ere bedeinkatu zituen apaizak: Orioko herriarena eta arraunlariek urte hartan Kontxan irabazitakoa. Bisitariek, plazan meza entzun ondoren, moilatik ikusi zuten arraunlarien erakustaldia. Udaletxean piknik bat egin ondoren, automobilez itzuli ziren Donostiara.

Nor zen Victoria Eugenia?

Battenberg-eko Victoria Eugenia Ingalaterrako familia aristokratiko bateko alaba zen, nahiz eta Eskozian jaioa izan. 1905an Espainiako errege Alfonso XIII.a ezagutu zuen Miarritzeko festa batean. Hurrengo urtean ezkondu ziren Madrilen, 1906an. Horretarako, aurretik uko egin behar izan zion bere erlijioari, anglikanismoari, Donostiako Miramar jauregiko kapilan egin zen elizkizunean, eta katolizismoa onartu.

Ezkondu ziren egunean bertan, elizkizunaren ondoren, ezkonberriak karrozan zihoazela, Mateo Morral anarkistak balkoi batetik bonba bat bota zien, lore sorta batean bilduta. Bonbak ez zuen jo helburua, metro batzuetara lehertu zen, eta 25 herritar hil zituen.

Zazpi seme-alaba izan zituzten: bost mutil eta bi neska. Bost mutiletatik bakarra jaio zen osasun onekoa, Juan, zazpietan seigarrena. Haietako bi hemofilikoak ziren, eta erregeak horren errua aurpegiratzen zion erreginari, aitak amari.

TVE1 telesail bat ematen ari da Victoria Eugeniaren biografiari buruzkoa. Seriean ondo aztertzen dute haren bizitza. Beste gauza askoren artean, honako hauek nabarmentzen ditu: 1914an, lehenengo mundu gerra hasi zenean, Victoria Eugeniak talka egin zuen amaginarrebarekin, Maria Cristina erreginarekin, azken hau germanofiloa baitzen, eta Victoria Eugenia, berriz, ingelesen aldekoa, ingelesa zen aldetik.

Victoria Eugeniak tea hartzeko ohitura zabaldu zuen Espainian, eta eztei-bazkarietako postrean tarta erraldoiak jatekoa. Erre egiten zuen eta irakurri, biak ezohikoak monarkia giro hartan. Senarrarekiko harremanari dagokionez, hauxe dio berak telesaioan: “Ezkonduz geroztik ez nintzen zoriontsu izan ezta egun bakar batean ere”. Gurutze Gorria erakundearen aldeko sustapena egin zuen Espainian, batez ere Melilla aldean, Rif-eko gerran zauritutako soldaduen sendaketa lanetan. Donostiako Victoria Eugenia antzoki ezagunari erregina haren izena eman zioten.

Nor zen Alfonso XIII.a?

Borboien kastako Alfonso XIII.a jaio zenetik izan zen Espainiako errege, ordurako haren aita (Alfonso XII.a) hila zelako; baina 1902an hartu zuen ardura, 16 urterekin. Primo de Rivera militarraren estatu kolpearen alde agertu zen 1923an, eta haren diktadurako urteetan ko-gobernatu egin zuten elkarrekin. 1936an, Italia faxistan atzerriratuta zegoela, Franco eta gainerako militar faxisten estatu kolpearen alde jokatu zuen.

Alemaniako presidenteak Gernikan egin berri duen aitortza politikoaren biharamunean, hauxe zioen Xabier Irujo idazle historialariak Berrian (2025-11-29): “1936ko estatu kolpean parte hartu zuen Alfonso XIII.ak erantzukizun historiko zuzena izan zuen frankismoaren sorreran, eta gaur egungo erregeak (Felipe VI.ak, haren birbilobak) ez du inoiz (Gernikako bonbardaketaren) inongo aitortzarik egin”. Jose Ignazio Ansorena musikariak hauxe zioen Berrian (25-12-02): “… hainbat mendetan lapur eta gezurtero kuadrilla izan da Borboi familia”.

Alfonso XIII.ak errudun jotzen zuen bere emazte Victoria Eugenia semeen hemofiliaz eta gainerako gaitzez. Alfonso eskuin muturrekoa zen, ehiztaria, jokozale eta diruzalea, eta oso gonazalea. Gainera, Espainian egin ziren lehenengo pelikula pornografikoen eragile nagusia izan zen. Alde horretatik, umiliazio asko jasanarazi zizkion emazteari. Victoria Eugenia depresio handian murgildu zen.

Alfonso XIII.ak, 1931ko apirilaren 14an, Espainian Errepublika ezarri zen egun berean, ihes egin zuen atzerrira, emaztea eta seme-alabak Madrilen utzita. Hauek, egun batzuetara, kostata, iritsi ziren Frantziara. Hara joan zirenetik bananduta bizi izan ziren; “ez dut zure aurpegi itsusia gehiago ikusi nahi” esan omen zion senarrari.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide