Herriko boluntarioak eta elkartasuna

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2025eko azaroaren 30a

1967ko Donostiako estropadaren bezperan, Joakin Arostegi eta Julian Manterola 'Txaga' boluntarioak traineru azpia leuntzen. Ezkerrean, Benito, atzean aita Patxi 'Uxkun' duela.

Urriko Aia-Orio Guka aldizkarian argitaratutako Oroimenaren kutxa ataleko artikulua da honakoa.

Jakes Goikoetxea kazetari oriotarrak sinatuta, 2025eko abuztuaren 19an Berria-n argitaratutako artikulutik hartutako hitzak dira hauek: "Denbora eskaintzen dute. Dedikazioa. Ardura. Konplizitatea. Funtsean, konpromisoa. Musu truk. Lan isila eta itzalekoa gehienetan, beharrezkoa beti. Sistemaren eta elkarteen hutsuneak betetzen dituzte. Boluntarioak dira. Kontzeptua ezaguna da, baina kontzeptuaren definizioa eta ezaugarriak ez hainbeste. Boluntarioaren zakuan sartzen baitira, alde batetik, maiztasun finko samar batekin edadetuei, gaixotasun edo desgaitasunen bat dutenei, migratzaileei eta abarrei laguntzen dietenak; baina, bestetik, baita urtean behin edo bitan kanpaina edo ekintza jakin batean parte hartzen dutenak ere. Bada aldea: bata konpromiso egonkorra eta iraunkorra da; bestea, noizean behingoa. Era berean, boluntariotza zer ez den zehazten da: ezin du izan norbere probetxurako zerbait lortzeko, ezin du ordainsaririk izan eta ezin dituzte ordezkatu ordaindutako zerbitzu profesionalak".

Batzuek diote oraingo gazteen artean galtzen ari dela boluntariotza. Litekeena da; baina Orion boluntario asko ari da lanean hainbat alorretan. Begiratu bat emango diogu herriari. Uda hasieran, Orioko Arraun Elkarteak idatzi bat zabaldu zuen Internet bidez, azalduz nolako lanak hartu zituen klubak orain bukatu den denboraldian. Hitz bat asmatu zuten idatzian: Boluntorio; egoki-egokia, klubeko zuzendaritzako kide guztiak gaur egun boluntorio-ak baitira:

Boluntorio-en inbentorio-a

"2024ko urria: arraun mobila, batelak, trainerillak, traineruak, ehunetik gora arraunlari. Fitxak eta dokumentazioa osatu, dagokion federazioan ordaindu. Entrenamenduei ekin. Mailak eta ordutegiak erabaki. Arduradunak zehaztu. Kirol arropa berriak diseinatu eta eskatu. Ontzi, arraun, furgoneta, erremolke, fueraborda zaharrak eta berriak, errebisioak egin eta dokumentazioa eguneratu. Muntatu eta desmuntatu, behin eta berriz. Goazen: Legutio, Banyoles, Castrelo, Sevilla, Pasaia, Ondarroa, Pobra do Caramiñal. Orio, Bermeo, Castro. Gasolinak, aseguruak, matxurak, kolpeak. Hotelak, pentsioak. Txapelketak, emaitzak. Lesioak eta errekuperazioak. Haserreak (mota guztietakoak). Dominak eta finaletatik kanpo. Pozak eta negarrak. Urteroko batzarra, serio-serio, legediak agintzen duena betez. Babesleak, zaharrei eutsi, berriak bilatu. Talde-aurkezpenak…

Denboraldiaren bigarren zatia, pil-pilean. Traineru txapelketak eta ligak martxan. Dozenaka formulario bete eta argazki ofizialak egin. Lau hilabeteko jarduera intentsiboan hara eta hona. Buelta berriz ere bukaezinezko jardunera. Elkarteko baliabide guztiek, eta materialek eta humanoek, martxan jarraitzen dute. Arraunlariak, entrenatzaileak, fisioak. Medikuak, laguntzaile nekaezinak eta direktiboak jo eta ke atsedenik hartu gabe. Kamiseta banaketa, bazkideak, denda. Etxeko estropadak. Udalarekin aurkezpena. Antolaketa eta banderak. Emaitza onak, txarrak, esperotakoak, ezustekoak. Udako ikastaroak. Galiziarainoko joan-etorriak. Donostiako erronka ondoren, dagoeneko izen-emate eta papeleo astun eta erraldoiak beteta daude. Zaleak, txaranga, harrerak, alironak. Atsedenik ez. Beste argazkiren bat falta ote da. Hau al zen guztia?".

Hitz hauekin bukatzen zen idatzia: "Arraunak, Orion, beti izango du bere izena eta izana: boluntOrio".

Arraun elkarteak urte osoan lanean ari diren boluntarioak izan zituen gogoan, egindako lanen inbentarioa umorez bukatu zuen, ironia pixka batekin, mezua ondo ulertzeko. Zuzendaritzako kideekin batera aritzen dira jo ta ke Jose Mari Olasagasti, Txanka, Kakio, Axuero, Txato… horiek bere egiten dituzte Benitoren abestiaren hitzak: "Nere herria, mirotz leinua, arraun orru bihozkadaren oihua; ez zara inoiz bakarrik joango, mirotz gogoa da zure arnasa izango".

Aspaldiko boluntorioak

Hasieratik izan dira boluntarioak gure herrian, arraun giroan. Oraingo arraun elkartea, 1965ean sortu zena, ez da gure herriaren historiako lehenengoa; aurretik, 1933an, beste bat ere izan zen: Emen gatoztik. Sanpedrotarren orduko nagusitasunari aurre egiteko eratu zuten, sei urte zeramatzan-eta Aita Manuelen Sanpedrok Donostiako estropada segidan irabazten. Lehiarako Emen gatoztik! oihukatu eta urte hartan bertan eta hurrengoan (1933 eta 1934an) Oriok irabazi zuen Kontxako estropada. Hamar lagunek eratu zuten elkartea eta, egun gutxitan, ehundik gora bazkide lortu zituzten. Denak boluntario, arraunlariak bezala, eta urte hartako hamalaukoaren berri bertso bakar batean eman zuen Fabian Loidi apaiza ere bai: "Gora Mitxelena zarra/ gora Manterola azkarra/ Sarasua ta Arrillaga/ Itzao, Azkue, Lopetegi ta Linotar biko trebea/ Etxeberria, Abaurrea/ iru Zumeta batea/ a ze nolako taldea!".

Mutilen talde nagusiko arraunlariak Galizian pozik irabazitako banderekin. Eskuinean, trainerua Galiziara eramandako boluntarioak, Txanka eta Axuero, etxerako itzulerari ekin aurretik.

1967ko trainerua

Boluntario lanaren adibiderik beharbada nabarmenenaren berri Jesus Mari Peronak eman digu; 1967koa da: "Donostian Hondarribiaren atzetik sartuta, Bilboko estropadarako beste traineru bat egin zuten, izan ere 1964an bandera irabazi zuen Kaiku txiki izeneko trainerua, bi urtez uretaratu gabe, egoera penagarrian zegoen. Herriko ebanistak auzolanean, txandaka, zazpi egunez 24 orduetan lanean jardun ziren, Ramon Indoren Goiko Kaleko lokalean. Traineruaren diseinatzailea Alberto Illarramendi izan zen, Altxola; harekin batera aritu ziren lanean Joxe Esnal Basarri eta Antxon Esnal; Martin eta Jesus Mari Perona, 17 eta 15 urteko gaztetxoak ere han ibili ziren ahal zutenean laguntzen; alegia Muebles Esnal eta Arin y Embil fabriketako langile jendea, beren ordu libreetan. Ebanistek lan ona egin zuten, baita Maria Frantxiska Xordo-k eta, haren inguruan, beste emakume batzuek ere: otorduak prestatzen zituzten auzolanean ari zirenentzat, jan-edariak, gau eta egun. Elkarlan ederragorik!

Iker Zabala Bermeotik etorritako entrenatzaile berria agudo jabetu zen: "Oriotarrak arraunarekin lotzen dituen sentimendua eta bizitzeko modua ez ditut nik inon ikusi, ez Santurtzin, ez Bermeon, ez inon. Arraun elkartearekin lotzen dituen harremana oso berezia da".

Orion dena ez da arrauna

Naturak edo gerrak ekarritako ezbehar handien aurrean erreakzionatu ohi du gizakiak elkartasunez. Israelgo Gobernua eta armada Palestinan egiten ari diren genozidioaren kontrako protesta egitera atera dira oriotarrak, lapikoak joz herriko plazara. Euskal Herrian 1983an izan ziren uholde izugarrien aurrean, Corazon Santo baporea Bermeoko portura joan zen Orioko moilatik abiatuta, herriko kaian pilatutako elikagaiez kargatuta. Saharako haurrak hartzen dira etxean udako hilabeteetan…

Ospele pilota elkarteko lagun anonimoak betiko agur esaten frontoi zaharrari, baina ez lanari, nahikoa izango dute-eta orain berria lehenbailehen eta ondo eraiki dadin.

Horixe gertatu zen iaz Valentzia (Herrialde Katalanak) aldeko uholdeetan ere, denboralde hilgarri hartan: Orioko Udalarekin batera, herriko bi elkartek, Ostargik eta Iriki Begik, diru eta material bilketa handia egin zuten hara bidaltzeko (arropa, botak, maskarak…), hango boluntario lanetarako. Aiatik, gainera, hiru elektrikari joan ziren, eta gidari bat bere kamioiarekin.

Hurrengoan ere elkartasuna nagusituko da eta laguntza bidaliko da munduko edozein bazterretara. Baina badira batzuk, urte guztian horretara jarrita daudenak, boluntario lanak egitera. Zorionez, arrauna ez da boluntarioak behar dituen eta dauzkan jarduera bakarra, herriko eguneroko martxan beste alor askotan ere boluntarioen lana ezinbestekoa da gauzak aurrera ateratzeko.

Ostargi eta Guerara elkarteko kideek haima berria egin zuten, lagun sahararrekin, hauen ikur nagusietako bat. Urtarrilean jaia ospatu zuten plazan.

Horren adibideak asko dira: Cristina Atorrasagasti eta Juan Jose Oliden senar-emazteek 50 urte eman zituzten 2022 arte, Orioko Odol Emaileen jardueraz arduratzen, herritarrek hiru hilabetean behin odola emateko. Orain haien alaba Karmelek dauka ardura hori. Joakin Uranga Iñarra eskuz esku aritzen da herriko sahararrekin batera, Güerara elkartetik, udan Oriora etortzen diren Saharako haurren etorrera antolatzen. Jose Mari Ollua-k bizitza osoa darama elizkizun guztietan apaizei laguntzen. Herrio talde ekologistak herria eta errioa batzen ditu izenean eta izanean, naturaren alde. Txomin Iribar arduratzen da jubilatuen elkartetik zaharren babeslekuaz eta bidaiak antolatzeaz (laster Segoviara (Espainia) doaz).

Elkarte asko dago herrian

Salatxo abesbatzak errepertorio ederra du. Hauxe, adibidez: "Kantuz bizi naiz eta kantuz nahi bizi, kantuz igortzen ditut nik penak ihesi". Boluntario dira elizako koruko emakumeak ere, elizkizunetan kantatzen. Surflariek deialdia egiten dute uda hasieran, hondartza garbitzeko. Errikotxiako bertsozaleen ardura da bertsoaren sua piztuta izatea. Harribil dantzari taldearena, herriak dantzan jarrai dezan. Txurrumuskikoena, haurrentzako udalekuena. Arkupe dendarien elkartearena, komertzio txikiaren aldeko borroka. Mugimendu feministarena, feminismoaren balioak lantzea herrigintzan.

Alzheimerraren gaian sekulako lana egiten dute Afari elkarteko boluntarioek. Irailean kalera atera ziren.

Karkara aldizkaria plazaratzen ere horrelaxe aritu ziren urtetan, boluntario, 1989an sortu zutenak. Hainbat boluntario dabil jaiak antolatzen (San Pedro, San Nikolas, Santio, Anibarko Portua…). Gazte Asanblada arduratzen da gaztetxearen kultur eskaintzaz. Ikastolako eta Zaraguetako guraso elkarteak inplikatuta daude haurren heziketan. Minbiziaren kontrako Zainbizi taldea dago; jostunen eta eskulanen Ostargi. Lera taldea, euskal mitologia lantzen. Caritas, behartsuen premiez arduratzen…

Kirolak leku handia hartzen du boluntariotzan, herrian praktikatzen diren kirol guztiek dute boluntario talde bat atzean, egunerokoa antolatzen. Mendirako zaletasuna sustatzen dabilen Talai Mendi da beteranoenetakoa herrian. Asko dira: zikloturisten Aldapa, pilotarien Ospele, Orioko futbol taldea, eskubaloiko Eragin, Kamel Ziani taldea atletismoan, surflarien Itxas tresna, herri kirolak, Orioko Bate Bizkorrak sofbolean, Badok 13 arraunlari beteranoena, saskibaloiko Zast, River Box&Roll boxealarien kluba, Oria Bizi ongizate elkartea, Muskuilu Harri kirol arrantza sustatzen…

Mundu bat da boluntariotzarena, anitza eta gizatasunez aberatsa, behar-beharrezkoa herriak funtzionatu dezan. Barkatu aipatu gabe geratu zaretenok; ezin denera ailegatu. Dirurik ezean, bada modu bat haien lana ordaintzeko: eskerrak ematea. Eskerrik asko!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide