Txiki eta Otaegiren hilketa orain 50 urte

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2025ko ira. 26a, 11:00

Bihar beteko dira 50 urte Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militante fusilatu zituztenetik. Txikik eta Otaegik, biek dute lotura Oriorekin.

Iraileko azken larunbatean 50 urte beteko dira Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militante afusilatuta hil zituztenetik 1975eko irailaren 27an: Txiki, Bartzelonan; Otaegi, Burgosen; eta FRAPekoak, Madrilen. Haiek izan ziren frankismoaren azken krimenak, handik bi hilabetera hil baitzen Franco. Hiltzen zendu zen; euskal herritarren, mundu guztiko hainbat agintariren eta Paulo VI. paparen beraren eskaerei entzungor eginda. Eusko Legebiltzarrak biktimatzat aitortu zituen Txiki eta Otaegi 2012an, biak diktadura frankistaren kontrako borrokan abiatutako militanteak.

Aurtengo irailean erakusketa bat jarri dute Zarautzen orain dela 50 urteko frankismoaren menpeko giro errepresibo hura nolakoa zen erakusteko. Handik eta Berria egunkaritik hartutako datuak dira ondorengoak.

Txiki Paredes Zarauzko semea

Jon Paredes Txiki Badajozeko Zalamea de la Serenan jaio zen, bigarrena zazpi senideko familian. Hamar urte zituela, familia Zarautza etorri zen bizitzera. Berehala jabetu zen hartu zituen herrian beste hizkuntza bat ere erabiltzen zutela, beste nazio batean zegoela, eta azkar integratu zen Zarauzko gazteen giroan. Orduan Mundo Mejor izena zuen auzoan bizi ziren, handik abiatuta mundu hobe baten ametsa zuen Txikik.

Txiki mendizalea zen. Pagoeta mendian lagunekin, soinean Che Guevararen kamiseta, zutik. Belauniko, ezkerrean, Juan Mari Zulaika Orion bizi den zarauztarra, eta eserita erdian, Txema Moran oriotarra, ondoan Mikel, Txikiren anaia, duela.

1972an, 19 urterekin, ETAn militatzen hasi zen; 1974an, poliziaren sarekada bat zela eta Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen; 1975eko uztailaren 30ean atxilotu egin zuten Bartzelonan, aurrez aurreko batean polizia bat hiltzea egotzita, epaiketa militarra egin zioten eta heriotza zigorra ezarri, batere frogarik gabe. Haren amak aukera izan zuen kartzelan semeari azken besarkada emateko, orduan ikusi zizkion torturak eragindako ubeldurak; “seme, hil egingo zaituzte!” esan zion, eta Jonek erantzun “seme bat galdu baina milaka irabaziko dituzu”. 21 urterekin hil zuten.

“… eta behar dudan denbora baino lehen hiltzen banaiz, nire hortzetan itzaliko den azken antsia beste batenetan loratuko den lehen irria izango da”, Joxean Artzeren olerkia Zarauzko hilobian.

Angel Otaegi Nuarbeko baserritar arrantzalea

Angel Otaegi Nuarben jaio zen (Azpeitia) 1942an; 15 urterekin eskola utzi eta lanean hasi zen, Zumarraga eta Azpeitiko zenbait enpresatan jardun eta gero, arrantzale aritu zen itsasoan, Oriotik eta Getariatik. Oso kirolzalea zen, futbolean, pilotan eta ziklismoan ibili zen. Mugitzeko moto Vespa bat zuen. Moto hartan etortzen zen Oriora arrantzale-lanera. Lotura estua izan zuen Orioko zenbait jenderekin. Oraindik ere Orioko adin bateko arrantzaleek gogoan dute Nuarbeko mutila. Batzuek esan digutenez, Orioko bi baporetan ibili zen Angel, Paulo VI eta Jorge Oteiza. Beste batek zioenez, Corazon Santon ibili zen.

Arrantzale ibili zen garaian ETAren Frente Obreron abiatu zen, propaganda lanetan. Azpeitian 1974an hil zuten guardia zibilaren hilketan hiltzaileen informatzailetzat hartu, epaitu, erruduntzat jo eta 1975eko irailaren 27an hil egin zuten. Hil ostean, haren hilkutxa Burgosetik Azpeitira zekarren autoa Nafarroatik barrena etorri zen, Gipuzkoako herrietan haren zain egongo ziren herritarrei iskin egiteko. Azpeitiko eta Donostiako hiletetan guardia zibilak jendeari bertaratzea galarazten saiatu ziren.

Fusilamenduen kontrako erantzuna

Mobilizazio handiak izan ziren Euskal Herri osoan fusilamenduen kontra; greba orokorra deitu zen, manifestazioak izan ziren euskal herri ia guztietan. Zarautzen izan zen hiletan 4.000 lagun elkartu ziren. Orion ere batzar jendetsua izan zen elizan, jende asko batu zen grebara, tabernak itxita kalean guardia zibilek jendeari “de dos en dos” esanez galarazten zuten bitik gorako taldetan ibiltzea. Txikik hil bezperan paper batean idatzitako Che Guevararen hitzak zabaldu ziren: “Bihar hiltzen naizenean, ez negarrik egin, ez naiz lurpean izango, askatasun haizea naiz”.

Zarautzen igandean izango den fusilamenduen gaineko ikuskizunaren berri.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide