Ate joka ditugu Donostiako estropadak. Aurten ere oriotar gehienak Kontxako arraun lehiari begira egongo dira iraileko lehen bi igandeetako eguerdian, Donostian bertan edo telebistaren aurrean. Zer dira, baina, Donostiako estropadak oriotarrontzat? Batzuentzat urteko egunik garrantzizkoenak, batzuek astelehena ere jai hartua izaten dute, biharamuna.
Kontxako estropadak definitzeko, hitz asko erabil genitzake: tradizioa, kirola, lehia, ikuskizuna, ospakizuna, festa, errituala, kultura, itsasoa… Bat hartzekotan, egokia izan liteke ospakizuna. Esanahia zehazteko, hitz hori ezaugarriekin jantziko dugu, adjektiboekin: ospakizuna aspaldikoa da, tradizionala, historikoa, koloretsua, jendetsua, garrantzizkoa, ikusgarria, gatazkatsua, euskalduna eta herrikoia. Donostian izan ohi diren kirol ikuskizunen artean, ezaugarri horietan sailkapena eginez gero, iraileko estropadak geratuko lirateke ia denetan aurrena. Aztertu ditzagun ezaugarri horiek:
Aspaldikoa: Donostiako Artzain Onaren katedrala 1890ean zabaldu zuten; trena 1895ean iritsi zen lehen aldiz Aia-Orio geltokira; Bilboko Athletic 1898koa da; Erreala, 1909koa. Kontxako lehenengo estropada, berriz, 1879koa, katedrala baino 19 urte lehenagokoa.
Zein da Donostiako estropaden jatorria? Arrantzaleak arraunean joaten ziren arrain bila, batzuetan portutik urrutira; arraina harrapatu eta besteak baino lehenago porturatzeko, azkar egin behar zuten arraunean. Itsasontzi handiak itsasotik atoan porturatzeko ere bai, Pasaian (Gipuzkoa). Grina horretatik sortu zuten traineruen arteko arraun-lehia. 1879an lehia hori aristokrata eta udatiarrentzako ikuskizun bihurtu zuten. Donostiako estropadak sortu zituzten.
Tradizionala: Kontxako estropadak dira, San Sebastian eguneko tanborradarekin (urtarrilak 20), Aste Nagusiarekin (abuztuaren 15eko astea) eta San Tomas feriarekin (abenduak 21) batera, Donostiako ospakizun tradizionalenak. Laurak XIX. mendean sortuak.
Iraileko lehen bi igandeetan jokatzen dira. Gaur egun, emakumeena 11:00etan hasten da, eta gizonena 12:00etan. Patroiak eta hamahiru arraunlarik osatutako hamasei traineruk parte hartzen dute, mutilek hiru itsas miliako joan-etorria egin ohi dute, itsas zabalean jarrita dagoen balizari ziaboga emanda, neskek horren erdia.
Itsasoari lotutako euskaldunon kultura atabikoaren agerkari nabarmenena dira traineru estropadak; eta Donostiakoak, tradizionalenak eta ezagunenak. Estropaden tradizioak herrimina eta zirrara sortzen ditu, urtero berritzen direnak. Iragana eta arbasoak ekartzen dizkigu gogora, antzinako senide eta herrikideak.
Historikoa: 1879an jokatu zuten lehen aldiz, eta 1915etik urtero jokatu dira, gerrako urteetan izan ezik: 1936, 1937 eta 1938. Gerraren bukaera ospatzeko 1939an antolatu zuten estropadak gerra burokratikoa ekarri zuen askoz geroago, 2016an. Historiara pasatu(ko) diren arraunlari asko utzi ditu, batez ere patroi lana egin dutenak: Karril donostiarra, Aita Manuel sanpedrotarra, Elduaien hondarribiarra, Lujanbio sanjuandarra…; eta oriotarrei dagokienez, hauek dira Kontxan irabazitakoak: Olaizola, Uranga, Mitxelena, Txato, Sarasua, Gorria, Altxerri, Oliden, Korta, Txiki, Oskar Rodriguez, Irakoitz Etxeberria, Gorka Aranberri eta Nadeth Agirre.
Koloretsua: Kolore asko, bai uretan bai lehorrean. 1940ra arte kolorea zozketatu egiten zuten. Urte hartan erabaki zuten aurrerantzean herri bakoitzak berea izatea: Oriok horia, …, San Juanek arroxa, nonbait bilerara iritsi zirenerako gelditzen zen bakarra zelako (aurten sanjuanzale batzuek kamixetan Harroxa hitza erabili dute, harrotasunez). Geroztik, kolore horiek arraunlari-herri bakoitzaren ikur nagusi dira.
1931tik 1935era bitarteko banderak Errepublikaren koloreak zituen: gorri, hori eta morea; Oriok 1933 eta 1934an irabazitakoak, frankismoan, morearen gainean gorria josita eduki zuten. Aginagan, berriz, 1957ko eta 1960ko espainolak, frankismoaren ostean, kolore gorriei txuria erantsita. 1977tik aurrera Donostiako bandera txuri-urdinak ordezkatu du ordura arteko espainola. 2017an, banderaren oihala Txinatik ekarri zuten eta Valentzian josi, dirua aurreratzeko aitzakiarekin. Globalizazioaren eta xuhurkeriaren gauzak. Huraxe da mutiletan Oriok oraingoz irabazitako azkena.
Jendetsua: Kontxako estropada izango zen XX. mendean, bertatik bertara, Euskal Herriko kirol ikuskizunik jendetsuenetakoa; diotenez, inoiz 100.000 ikusle inguru. Lehorretik, uretatik eta airetik ere ikusten da. Tren bereziak jartzen dira, jendea oinez joaten da, Lasartetik, Oriotik Igeldon barrena… Gaur egun jende askok telebistaz jarraitzen ditu estropadak, ETB1en bidez, Euskal Herritik oso urruti dauden herrialde askotan ere bai.
Garrantzizkoa: Traineru estropadak lehenengo edizioetan aristokraziarentzako ikuskizun moduan sortu zituzten, yola eta bela-ontzien probekin txandakatuz. Espainiako politikariek beren irudia agertu nahi izan dute estropadari lotuta: Maria Cristina, Alfontso XIII, Indalecio Prieto, Franco... Diktadorearen kontrako atentatua prestatu zuten anarkistek 1948an, hegazkin batetik Azor ontzia bonbardatzeko. Modu ofizialean behintzat, Kontxako estropadara sekula etorri ez direnak Euskadiko Lehendakariak dira, ezta behin ere.
Garrantzirik handiena herriek eta herritarrek eman diote beti Donostiako estropadari, ez baita beste kirolik herria arraunak bezain modu betean ordezkatu duenik. Bestelako kiroletan selekzio nazionalek jokatzen duten rola betetzen dute, maila txikian, traineruek.
Ikusgarria: Ikuskizunaren antzoki naturala izugarri ederra da: Igeldoko parkea, Santa Klara irla, Miramar jauregia, Kontxako hondartza, Donostiako moila, Akuariuma, Paseo Berria, Urgull mendia eta, batez ere, itsasoa. Bada dioenik ez dagoela Donostiako estanpa politagorik bigarren igandeko bigarren txandan, traineruak ziabogatik bueltan, haien atzetik zetozen piragua, motor, batel, bapore eta era guztietako ontziek osatzen zutena baino. Duela urte gutxi galarazi egin zuten, azkena zihoan traineruari olatua puskatzen omen diotelako eta segurtasunagatik. Estropaden edertasunak osagai gehiago ditu –adibidez, margotutako kartelak–; baina, batez ere, arraunzaleek sortzen duten giroa da ederra, nork bere kolorearekin moilan eta Alde Zaharrean, txarangen doinu eta erritmoan... Arraunzale askok gogoan duten saiorik ikusgarriena 2017ko irailaren 10eko nesken txanda izan zen, ahaztezina, olatu izugarriek traineruak itsas zabalerako bidean ia erabateko bertikalean jarri zituztenak. Egun hartan emakumeen estropada aurrera botatzea ausarkeria eta arduragabekeria handia izan zela dioenik ere bada, arriskuan jarri zutela arraunlari askoren bizia.
Gatazkatsua: Oro ez da urre izaten Donostiako estropadan ere. Itsas lehiaren antzeztokia mugitu egiten da, aldakorra da, itsasoan mareak gora eta behera egiten du, olatuek ere bai; haizea dabil, iparra, mendebala… Itsasoa inoiz barea da, inoiz enbata, batzuetan magikoa, zenbaitetan dramatikoa ere bai. Historian zehar, gatazka asko sortu izan dira arraunlarien eta herrien artean. Arraunlariak, behar den bezala, lehiakorrak dira; baina, tamalez, gehiegitan, arerioa etsai bihurtu izan dute. Apustuak, dirua, ohorea… gauza asko jokoan, eta horrek guztiak ederretik gutxi duten ondorioak ere izan ditu: tongoa, azpijokoak, ezinikusiak, gorrotoa, borrokak, boikota, dopina, itxi gabeko zauriak… 1983ko lehen igandean, traineru batzuek barrikada egin zioten uretan Oriokoari, protestan, estropada galaraziz, sailkatze-proban Orio tranpetan sartu omen zutelako aurreneko zazpien artean. Gatazka izugarria izan zen eta tentsio handia ekarri zuen Zumaia eta Orioko hainbat herritarren artean, baina haren protagonista nagusi ia denak oriotarrak ziren. San Juanen gatazka are handiagoa gertatu zen 1990eko urteetan, herria bitan zatitu zuena.
Euskalduna: Urte askoan estropadaren kontakizuna bertso-paperen bidez eman diote herriari hainbat bertsolarik: Txirrita, Gaztelu, Txanka, Saikola, Mendaro… Apustuak, euskaraz kantatu dira Portaletan: "Aurrenak bigarrenari hamar baietz!". Manuel Olaizolari Ciaboga arrauneko aldizkariak 1928an euskaraz egin zion elkarrizketa. 1935ean Joseba Zubimendik Igeldotik irratiz zuzenean eman zuen estropada, euskaraz lehen aldiz. Rafael Agirrek Donostiako estropadak 1879-2001 liburuan: "Duela 25 urte arte arraunlariek, delegatuek, ordezkariek eta zale gehienek euskara zuten komunikazio hizkuntza nagusia". Donostia Irutxulo izan da hango arrantzaleentzat, itsasotik ikusten zuten bezala; Kaiarriba: Kai harripe; Pico del loro: Loreto peko… ETB1ek emanaldi zoragarrian eskaintzen ditu estropadak, euskara ederrean. Baina aspalditxotik gauzak bestelakotzen hasita daude, erdara nagusitzen ari da arraunlarien arteko komunikazioan, patroi euskaldun batzuen hitzetatik hasita, euskaltzale askoren amorrurako.
Herrikoia: Donostiako Euskal Jaien osagai nagusia dira estropadak. Arraunlariek ordezkatuta, kostaldeko herri asko batzen dira. Baina ez haiek bakarrik. Kontxako bandera irabaziak dira Aginaga eta Lasarte-Michelin. Eta Oiartzun, Irun, Errenteria, Hernani eta Tolosak ere jokatu dute. Zer beste kiroletan da posible herri txiki baten taldea, herriaren izenean, kirolaren elitean egotea, txapelketa garrantzitsuena irabaztea, eta kirol saio horiek uda osoan zuzenean telebistan agertzea? Arraunean bakarrik. Irabazleei egiten zaien ongietorria horren neurrikoa izan ohi da: balkoietan banderak, udaletxeko balkoitik irabazitako bandera astintzen eta herriari eskaintzen, itxaferoak, txaranga, kantuak… eta emozioa.