Aurki botako duten frontoia ez da Orioko lehen pilotalekua. Haren aurretik, herriko plazan bertan egon zen urtetan erreboterako lehia-tokia, 1919an oraingo frontoia altxatu zuten arte. Han partidu gogoangarriak jokatu zituen Orioko errebote-taldeak, Zubieta, Usurbil, Villabona, Oiartzun, Sara eta beste zenbait herritako taldeen kontra. Bittor Enbil nabarmendu zen joko mota hori sustatzen. Harekin batera aritu ziren gure herria ordezkatzen haren seme Enrike, Juan Jose Iturain, Joakin Salsamendi, Eusebio Solaberrieta, Jose Lizaso Orioko Txikito eta Santiago Azpiroz herriko semeak. Iparraldeko pilotari eta pilotazaleek Bittor Enbili egindako omenaldia izan zen Orion pilotari lotuta inoiz ospatu den festarik handiena, herriko plazan izan zen (1930-08-10), 11 urte lehenago arte errebote-plaza izan zen lekuan.
Horiek baino lehenxeagokoa da Gabriel Pedros Olaizola (1870-1897), goren mailan ibili zen lehenengo pilotari oriotar ezaguna. Bartzelonan ibili zen, zesta-puntan, baita Madrilen eta Ameriketan ere. Haren berri emana dugu lehen ere Karkaran (207. zenbakia). Pedros bezala, ibili ziren zesta-puntan beste pilotari oriotar batzuk: Antonio Sagarna, Jose Leon Solaberrieta, Jose Orbegozo, Gonzalo Dominguez, Jose Parada, Jose Atorrasagasti…
1919an eraiki zuten frontoiko aurreko pareta kalitate handikoa da. Pilotaz asko dakitenek garbi diote oso frontis ona dela. Martin Peronak dioenez, Galarreta frontoia eraikitzen hasi zirenean, harri horren kalitatearen jakitun, eskaintza egin zitzaion Orioko Udalari, frontiseko harrien truke lagunduko zutela Orioko frontoia estaltzeko obra ordaintzen. Eta Udalak ezetz. Peronak eransten du orain frontoia eraitsi aurretik, harri horiek kontu handiz hartu eta gorde egin beharko liratekeela frontoi berrirako, kalitatean eta balio historikoan irabaziko litzatekeela.
Orioko frontoian modalitate ia guztiak praktikatu dira: esku-pilota, paleta, pala, erremontea, zesta-punta, frontenisa… Asko izan dira pilotaren historiara pasatu diren oriotarrak, lehenengo urratsak han emanda. 1977an, teilatua emanda frontoia itxi zutenean, Luis Azkuek (orduan zinegotzia) liburuxka bat osatu zuen herriak emandako pilotari ezagunenen biografia labur banarekin. Karkarak ere argitara eman ditu beste zenbait pilotariren berriak; esaterako, Bittor Enbilek-eta Saran jokatutako partida gogoangarriari buruzkoak (428. zenbakia), eta Jose Atorrasagasti Toki Alai hotelekoaren ingurukoak (305. zenbakia).
Manuel Lasarte zenak, Plaza-gizonak liburuan (Auspoa saila, 294. zenbakia, 2005), Euskal Herriko zenbait pertsonaren biografia laburrak bildu zituen. Haien artean Orioko hiru pilotarirenak: Juanito Iturain, Jose Mari Salsamendi eta Bixente Uranga Xerore. Liburutik hartu eta egokituak dira ondoko kronikak.
Juanito Iturain
"Juanito Iturain Larreategi (1908-05-14) azaina izugarriak egindako pilotaria izan zen, ezagutu zutenek behintzat aho batez aitortzen dute. Garai batean sarritan egin ohi zuen bisita Oriora, nahiz eta Donostian bizi. Oso gazterik hasi zen pilotan. 1925 eta 1926an, aita lagun zuela, Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuten eskuz, bi-bitara. Gero berriro palazkoa; eta Elizondorekin erremontean ere afizionatuetan garaile izan zen, 1926an. Espainiako afizionatuen norgehiagokan ere Bilboko Euskalduna pilotalekuan Iturain aita-semeak txapeldun izan ziren, Nafarroako Gorospe eta Larregiren aurka, 22-17. Artean Juanitok 17 urte zituen, eta aitak 41. 1927an debutatu zuen erremontean, Donostian, eta berehalaxe nabarmendu zen pilotari handi bat zela. 1933an, Arano eta Zumeta bikoteari berak bakarrik jokatu zien, eta irabazi. Urte berean, Patxiku Kintana palista sonatuaren kontra, palako pilotarekin, bata palaz eta bestea erremontez. Polita, ikusteko. Iturain nagusi. 1934an Iparraldeko Jean Urrutiri egin zion aurre: Jean, Yoko Garbian; eta Iturain, erremontez. Oriotarrak erraz irabazi zion partidua. Hurrengo, berriz, 1946an Espainiako Txapelketa antolatu zuten. Iturain, Azpiroz lagun zuela, garaile. Iturainek erronka jo zuen eta egunkarietan zabaldu: prest zegoen edozein pilotariren kontra jokatzeko, palaz, eskuz eta erremontez, partida bana. Urte mordoan mantendu zuen Iturainek hitza, baina inor atrebitu ez. Abregok eta biek ere partidu asko jokatu zituzten. Hemen Orioko gizon zahar batek sarritan kontatu dizkit bi horien istorioak, Donostiako Urumea pilotalekuan ikusitakoak. Artean sasoia zeukala erretiratu zen, 1957an, 30 urte pilotan emanda".
Joxe Mari Salsamendi
"Orion jaio (1925-01-08) eta oso gaztetan hasi zen pilotan, aita Bixente aholkulari zuela, erremontean ikasten, palaz eta eskuz ere jardun zuen. Salsamendi III izenez agertzen da pilotarien historian, adibidez Enrike Abrilen Dos siglos de pelota vasca liburuan. Goren mailakotzat jotzen du, punta-puntako pilotaritzat, Irigoien eta Abregoren pareko. Donostiako Urumea pilotalekuan debutatu zuen, 1942an. Gorputz egokia eta indarrez ongi hornitua zuen, pilotarako dohain bereziak. Sakean zorrotza eta gogorra zen; errestoan erreboteko pilotak jasotzen artista. Kontrarioak pilota jo aurretik, besoa luzatu orduko, hartzen zuen frontoian tokia hari erantzuteko, pauso baten okerrik gabe. 1943an, 17 urterekin, Unzue orduko pilotaririk onenetakoaren aurka aritu zen, eta erraz irabazi zion. 1944an, erremontean bakarkako lehen lehiaketa antolatu zuten, sei pilotari onenekin, Iruñeko Euskal Jai, Madrilgo Recoletos eta Donostiako Urumea frontoietako onenak. Garaile irten zen Joxe Mari.
Handik laster, Abrego sonatuari eman zion aurpegi, 18 urterekin, Donostiako Urumean. Abregok irabazi zuen hiru tantoz, baina galtzak bete lan erabilita. 1945ean, beste lehiaketa bat irabazi zuen Salsamendik Urumean bertan, Irigoien lagun zuela, bi-bitara. 1954an, berriro Iruñea, Donostia eta Madrilgo pilotariz osatutako talde batean irabazle izan zen. 1967an utzi zion pilotan jokatzeari, 25 urte goreneko mailan emanda. Hortik aparte, bere gizatasuna aipatu behar da, frontoian, lagunartean eta kalean. Horregatik eskuratuko zituen hainbat sari eder: 1967an, domina bat Madrilen, Junta de Educación Físicak emana; 1968an, zilarrezkoa kirol merezimenduengatik, Delegación de Deportesek; 1970ean, Placa al Caballero del Deporte, Nafarroako kirol ordezkaritzak. Horiek erakusten digute garbiro Joxe Mariren handitasuna. Pilotarako sasoi betean zegoen bitartean, Madrilen pasa zuen urte mordoska. Noizean behin bisitak eginez Oriora, libre antzean zenean. Umetatik, kanturako afizio izugarria izan zuen; eta Orion, parrokiko organista Santiago Azurza zenarekin hasi zen ikasten, poliki-poliki, sei urte zeuzkanerako.
Madril aldean ez zen gaizki ibiliko, baina inoiz ezin ahaztu, ordea, Orioko herria, gurasoak, sorlekua, eta gazte denborako lagunak, eta herrira etorri zen gizon apala bezain jatorra, emazte eta semearekin. Pilota-jokoari utzi zionean, Oriora etorri ziren, Galarreta pilotalekuan lanerako toki egokia bilatuta. 25 bat urte eman zituen han, intendente lanean. Erretiroa hartu zuenean omenaldia egin zioten, 1995 aldean".
Bixente Uranga Xerore
"Orioko mutil asko itsasoan ibili izan dira, oso gazterik hasita eta kirol-kontuak alde batera utzita. Eta pilotan aurrera egiteko, urte guztian ibili behar da frontoian; pilota beti eskuetan erabili, izerdiz bustita berari joka maiz jardun; bestela ez da pilotari ona izatera inoiz iritsiko. Orion badaude eskuz poliki jokatzen zekitenak, afizionatuetan; horietako bat da Bixente Uranga, Xerore deitzen dioguna, 59 urte dauzka (1995ean). Andrea Leitzakoa zuen; alargunduta dago eta seme-alaben babesean bizi da. Oriotar pilotari bizkor hau herri mailan partidu asko jokatua da. Hamabost urterekin hasi zen txapelketan parte hartzen. Garai ederrean, plazagizon egiteko. Eta lehenengo aldiz garaile irten, Balentin Manzisidor lagun hartuta. 1965etik 1988ra bitartean, partida asko jokatu zituen Xexorek, buruz buru eta bi-bitara, eta askotan jantzi zuen txapela. Orioko Udalak antolatuta, sanpedrotan; Arrantzaleen Kofradiak, arrantzale-egunean; Aurrezki Kutxa Probintzialak, Manterola tailerrak, Txindoki ostatuak, Xixario jatetxeak… denetan apuntatzen zen Bixente. Afizionatuetan fama handia eduki zuen luzaroan, prestakizun gutxirekin ibili arren. Itsasgizona izanik, ez zeukan denborarik pilotan behar bezala entrenatzeko. Beraz, ez dugu jakingo noraino igo zitekeen. Juan Mari Itsaso lagun zuela, jokatu zuen Txurrero anai gazteen kontra benetan partida neurtua. Ez zen harrokeriarik eta txantxarik. Hogeita bana berdin. Azkenean, Xerorek ezker bolea zorrotz batekin erabaki zuen auzia. Jende guztia zutik jarrita txaloka. Egun gogoangarria.
Xeroreri sake motel antzekoak ateratzen zitzaizkion. Pilota atzera jotzen zeukan beste akats txiki bat. Horretan ez zen horren indartsua edo trebea. Baina aurrean, txokoan eta zabalean, tanto dotoreak egiten artista hutsa zen. Pilota txaparen gainean ederki neurtua erabiltzen ederki zekien. Gorputza kantxan lurrera botatzen sarritan ikusi genuen. Boleak ere bizi amorratuak izan ditu, egokiak. Zarautzen bazen beste pilotari artista bat, Zaporra. Haren aurka bi aldiz jokatu zuen. Lehenengoa, Zarauzko Frontoi Txikin, galdu 21-22. Hurrengoa Orion, frontoiaren atzeko txokoan. Hemen erraz irabazi. Bakoitza nagusi etxean".
Horraino, Manuel Lasarteren Plaza-gizonak liburuko kontakizunak. Laster ateak betiko itxiko dituen frontoian ikasi zuen Xerorek dejadak egiten, bere burua lurrera botaz; hantxe, Salsamendik, pilota erreboteatzen atzeko paretatik; hantxe trebatu zen Iturain, pilotaren disziplina guztietan. Frontoi berriak eman ditzala, gutxienez, orain badoanak eman digun haina pilotari eta haiek bezain onak!