Larunbatean, apirilak 12, Orioko XX. Nazioarteko Estropada jokatu zen errioan. Lehiaren ostean, herriko plazan sari banaketaren ondoren omenaldi-ekitaldi ederra eratu zen: 1965. urtean Orioko Arraun Klub Olinpikoa sortu zutenei eta ondoren Peter Karres zendu berriari egin zitzaien esker oneko aitortza.
Oso ekitaldi sentitua eta hunkigarria izan zen. Omendutako guztiek Apostolu-arraunlari bana jaso zuten, egunaren oroigarri. Han elkartu ziren klubaren sortze-bileran izandako Iñaki Agote, Juan Luis Amilibia, Patxi Sarasua eta Antonio Campos.
Baina lehenengo zuzendaritza talde hartako beste hainbat kide hilda daude, eta haien senitartekoek jaso zuten oroigarria: Benedikto Etxeberria, Alberto Agirre, Justo Agirrebeña, Jose Antonio Lizaso eta Jose Antonio Salsamendiren senitartekoek. Era berean, han ziren 1960ko hamarkadako azken urteetan Orion entrenatzaile eta arraunketa olinpikoan erakusten ibili zen Peter Karresen alarguna Maite Azurmendi eta haien bi alabak: Jone eta Ingrid.
Han klubaren sorreran garrantzi handia izandako beste gizon baten oroitzapena falta izan zen: Emilio Olazabal zarauztarrarena. Gizon hark ekarri zuen Oriora arraun kluba sortzeko ideia; eta, behin kluba sortuta, hark bideratu zuen, baita ere, Albert Mainella entrenatzaile fisiko frantsesa ekartzea Oriora.
Klubaren sorrerako arraunzale horiek denek jaso zituzten Apostolu-arraunlariak Iñaki Arrillagak eginak ziren, 1970eko urte haietan arraunlari ibilitako herritarrak. Iñaki eguraldi-iragarle fina ere bada, larunbat eguerdian ikusi zuenean eguraldia duda-mudakoa zela, adierazi zigun estropada orduan euria egingo zuela, bai asmatu ere; arrantzale zaharrek esaten omen zuten holako egunetan marea betearen orduan egiten duela euria. Juan Luis Amilibiak biharamunean esan zigun nazioarteko lehenengo urte haietan beti izaten zutela eguraldi ona; horretarako, Benedikto Etxeberriak 13 arraultzako dozena ematen ziela estropadaren aurretik Zarauzko moja klaratarrei, estropadarako eguraldi ona eskatuz.
Orain dela 60 urteko omendu haiek denak han ikusita, arraun klubak 60 urteotan egindako ibilbidea hausnartuz, zenbat gauza egin eta lortu diren, zenbat milaka arraunlari aritu diren elkartean arraunean, zenbat garaipen eskuratu dituzten; gogora ekarrita kluba sortu eta zortzikoan Oxforden kontra jokatu eta irabazi zutela, estropada hura zuzenean telebistaz eman zutela, nola jakin duten uztartzen arraun modalitate berria askoz lehenagotik zetorren arraun mota tradizionalarekin, zortzikoa traineruarekin, Karresekin skiffean ikasitako Jose Luis Kortak 10 urtez segidan irabazi zuela modalitate horretan Espainiako txapelketa, herriko arraunlariak Joko Olinpikoetara iritsi zirela, munduko txapelketa irabazi zutela, gogoan izanda zenbat arraun erakustaile eta entrenatzaile atera diren gure herritik, Arraunetxe eraiki dela… bihotza hunkitu egiten da, eta esker ona erakusteko premia sentitzen da. Eta hitz hauek horretarako idatziak dira: horren guztiaren aitortza egin eta eskerrak emateko.
Herriko plazan, euritik aterpetuta, arraun-giro bete-betean, 60 urteko ibilbidearen errepasoa eginez, buruak denboraren zubia egiteko gogoa ere ematen du: ordukoaren eta oraingoaren arteko loturak egiteko. Eta oroimena lanean jarrita, buruak dio ordukoa oso ondo islatuta dagoela orainean: orduko lehen presidente Antonio Camposen seme Andoni oraingo zuzendaritzako kidea da, larunbatean bera zebilen, klubaren ordezkari, antolaketan eta sari banaketan. Juan Luis Amilibiaren alaba Ainoak familiaren ontziola-enpresan lan egiten du; han eginak dira iazko Kontxako estropadan lehiatu ziren zortzi traineruak. Orduko arraunlari Patxi Sarasuaren bi seme urte askoan aritu dira arraunean, bai zortzikoan bai traineruan. Iñaki Agoteren anai Jesus Mari ere bai.
Benediktoren seme Manu arraun olinpikoaz liburu gehien idatzi duen idazlea izango da Euskal Herrian. Jose Antonioren seme Jon Salsamendi arraunlari eta entrenatzaile izan da Orion, harekin irabazi zen Oriok mutiletan eskuratu duen Kontxako azken bandera, 2017koa. Emilio Olazabalen iloba Mikel esatari lanetan aritzen da udako traineru estropada guztietan, Ibon Gaztañazpirekin batera. Peter Karresen alaba Jonek erreportajeak egin ditu Alemaniako telebisio batzuentzat Euskal Herriko zenbait kultur gairen inguruan, tartean azken urteotako nesken traineru-estropadez…
Eta oroitzen hasita, ezin ahaztuta utzi altxerritarrak. Nazioarteko lehenengo estropada hartan, 1968koan, bi anai Altxerri lehiatu ziren Oxforden kontra Orioko zortzikoan: Juanito eta Jose Ramon Lizarralde; aurtengoan ere bi Altxerri lehiatu dira XX. Nazioarteko Estropadan: Jose Ramonen bi semeak: Jon eta Mikel Lizarralde.
Hirurogei urte pasatu dira, asko dira, baina orduko espirituak, orduko arraun-gogoak eta -grinak bizi-bizirik segitzen dute. Halakoxea izango ahal da hirurogei urte barru ere!