Azken urteotan ibili da eztabaida bat euskal gizartean: zein ote den Euskal Herria ondoen ordezkatu lezakeen kantua. Euskaldun askok adierazi du Iparragirreren Gernikako arbola dela horretarako egokiena. Andoni Egañak aurtengo irailaren 19ko Berriako artikuluan hiru kanta aipatu zituen; hiruretan garbi omen dago euskaldunoi gustatzen zaigula zer garen zuzen adieraztea, eta hori hiru kantuen bukaeran agertzen da, indarra emateko: Beti eskamak kentzen kantuan: "... Nor gera gu? Zer gera gu? Euskotarrak gera gu"; San Simon eta San Juda abestian: "... Euskara dugu guk, gu gara euskaldunak"; eta Ikusi mendizaleak kantan: "... Gora, gora, Euskal Herria, a, a, a! Gu, euskaldunak gara, Euskal Herrikoak!". Horrela borobiltzen du artikulua zarauztarrak: "Herri baten identitate nahia kantuen biziraupenean ere neurtzen da. Eta kantu horiek bizirik ditugu".
Anjel Lertxundik Gogoa zubi liburuan esaldi esanguratsu bat zekarren: "Izenetik izanera, gogoa zubi", euskara biziberritzeko euskaldunon ahalegin kolektiboa gogoan, batzuetan izena eta izana ez datozela bat adierazteko. Horren adibideak asko ditugu gure gizartean. Orain dela gutxi, bazkari batean eztabaidan ari ziren: mahaikide batek Katxiñako txakolina Getariako dela; besteak ezetz, Oriokoa dela. Baietz zioenak botila eskuan hartu eta "ikusten al duk?". Hala jartzen zuen, bai: Getariako Txakolina. Bai, baina etiketako txoko batean Orio ere jartzen zuen. Bilboko Athleticen jokalariak fitxatzeko politikaz eta haien nongotasunaz ere izaten dira eztabaidak zaleen artean. Errealitatea batzuetan uste baino konplikatuagoa da, ertz gehiago ditu.
Aia-Orioko istorioak
Aurtengo ekainean, Parisko Olinpiar Jokoak zirela eta, webgune batean Aiako istorioak idazten dituen Mikel Uriak, Inazio Sarasua zenaren eta oraingo haren senideen Aiarekiko lotura azpimarratzen zuen: "Jon eta bere senideek, nahiz eta aretxabaletarrak izan, Aiarekin duten lotura ez dute galdu, ze, Aian duten etxean igarotzen dituzte denboraldiak".
Aia-Orio tren geltokiaren ondoko biztanleak, aiarrentzat aiarrak izatea, eta oriotarrentzat, berriz, oriotarrak, ez da harritzekoa. Lehen ere, 1950eko urteetan, bertakoek bazituzten beren kezkak gai horretan, erreferendum bat egitera ere iritsi ziren eta.
Aiako istorioak webguneko beste artikulu batean, Urdaibaiko patroi lanetan dabilen Gorka Aranberriz ere hauxe zioen Mikel Uriak: "Honek ere Aiakoa zerbait badu, nahiz eta zarauztarra izan, aita Erreizta baserrikoa du eta". Eta arrazoi du Uriak. Joera hori, alegia, zerbaitetan nabarmendu den jendea ahal dela norbere herrikotzat hartzea, ulergarria da.
Pentsatzekoa da herri batean bertakoa izan beharra, izatekotan, alkateari dagokiola. Ba, orain dela urte batzuk egoera bitxi samarra ezagutu genuen: Getariako alkatea aiarra zen, Zarauzkoa oriotarra; Donostiakoa Aian bizi zen, eta Oriokoa Zarautzen. Garrantzirik gabeko anekdota txiki bat besterik ez da hori: nongotasuna eta nortasuna.
Eta arraunean, zer?
Orain hasi den denboraldian, Orioko arraun elkarteak nesketan entrenatzaile donostiarra du, eta mutiletan, bermeotarra; Bermeoko klubak, berriz, oriotarra. Hondarribiko eta Castroko entrenatzaileak ere hala dira, oriotarrak. Baina gauza horiek ez dira oraingoak bakarrik, joera hori aspalditik dator. Herri askok irabazi du Kontxako bandera, tartean oriotarren bat zutela: Donostia, Aginaga, Lasarte, Zumaia, Kaiku, Castro, Hondarribia eta Bermeok. Horiek gutxienez. Baina Oriok ere arraunlari asko izan ditu traineruan, Oriotik urruti jaioak: Uruguai, Sevilla, Galizia, Asturias... eta gertuagotik etorriak ere bai: Ondarroa, Hondarribia, Tolosa, Donostia... Baita entrenatzaileak ere: frantsesa, alemana... Beraz, hau ez da momentua inor eskandalizatzen hasteko, aurten entrenatzailea, patroia edo zenbait arraunlari kanpotik etorriak direlako.
1990eko urteetako Orioko arraunlarien artetik entrenatzaile asko atera dira. Herrian lekua batentzat bakarrik, eta gehienek herritik kanpo jardun behar izan dute, eta hala ari dira orain ere. Patroirik, berriz, herritik ez da ia inor atera, aspaldiko urteotan kanpotik etorriak izan ditugu traineruaren txopan: Hondarribia, Donostia, Zarautz, Getaria eta Ondarroa: bertakoak, Irakoitz Etxeberria eta Nadeth Agirre. 1970etako urte batean Kontxako zortzi ontzietako bostek Orioko patroia zuten. Gorabeherak.
Oriotarron identitatearen eta nortasunean eragin handia du arraunaren munduak, eta, horri lotuta, traineruan herria ordezkatzen duten neska-mutilek. Arraunzaleek, zenbait herritarrek eta arraun elkarteko arduradunek gogoeta eta eztabaida izan dute azken asteotan arraunlarien nongotasunaz eta izaeraz. Eztabaida dabil oraindik ere.
Rafael Agirre Franco zenaren Donostiako estropadak 1879-2001 liburuan (198. orria) gai honek nolako bilakaera izan duen agertzen da: alegia estropalarien jatorria eta izaera, Donostiako estropaden historian.
Donostiako estropadetan
1921era arte segurutzat jotzen zen herriko arrantzaleen artean osatzen zela lehiarako trainerua. 1916an, Euskal-Erria aldizkarian berrikuntza baten berri ematen da, goraipatzen da Orion arraun taldea aldi berean nekazari eta arrantzale diren mutilen artean osatuta dagoela. 1922tik 1941era, arau bat egon zen indarrean: arraunlari guztiek estropada egunaren aurretik gutxienez sei hilabetez arrantza-industrian edo itsasoan lan egin zutela egiaztatu behar zuten. 42tik 46ra, araua arintzeko, honako hau gehitu zioten: edo gutxienez herrian bizi zirela. 47tik 50era, Donostiako Udalak Espainiako traineruen estropadetako araudia onartu zuen, arraunlariak fitxatzeko askatasun oso ematen zuena. 51tik 54ra, Gipuzkoako itsas portuetako herritartasuna egiaztatu behar zuten. 55 eta 56an, herrian erroldatuta gutxienez urtebete, baina onartzen ziren beste herrietako hiru arraunlari, baldin eta herri horiek estropadan parte hartzekoak ez baziren. 1957an, zenbait herrik eskifaia osatzeko zuten zailtasuna zela eta, nahikoa izango zen federazioaren fitxa aurkeztea, edonongoa izanda ere. 58an, berriro gutxienez urtebete erroldan. 60an, partaidetza zona edo ibai-arroen arabera antolatu zen: 1: Oria arroa –Lasarte-Oria, Aginaga, Orio, Aia eta Zarautz–; 2: Donostia; 3: Pasaia, Lezo, Errenteria eta Oiartzun; eta 4: Hondarribia eta Irun. 61etik 75era, arroen sistema hori egokitzen aritu ziren, estropadara aurkezten ziren herrien arabera. 76tik, kontrataziorako askatasun osoa dago, nahikoa da klubaren fitxa izatea.
Liburuak 2001. urte artekoa erakusten du. Garbi dago arraunlarien nongotasuna ez dela atzo goizeko gaia, aspalditik dakartzala eztabaida eta arazoak.
Gai horretan, arraunlarien nongotasunean, iritzi desberdinak eta eztabaidak izatea normala da, eta onargarria, baldin eta errespetuz egiten bada. Entrenatzaile nor izango den elkarteko zuzendaritzak erabaki behar du, horretarako dago, eta kanpotarra ekartzea onargarria da, nola ez ba!
Baina gauzak ondo egin behar dira. Aurreko entrenatzailea, herriko semea, minduta agertu zen hedabideen aurrean, esanez oso denboraldi ona egin eta gero, berari bizkar emanda egin zituztela bera ordezkatuko zuenarekiko negoziazioak, eta egia esan gabe, berarentzat modu mingarrian.
Arraun elkartean inportantea da lana ondo eta serio egitea, bertako neska-mutil gazteen artean arraunerako gogoa eta grina sustatzea, arraun giro jatorra sortzea, etorkizuna prestatzea, eta, jakina, ondo lehiatzea eta irabazten saiatzea.
Adiskide bat bazen
Aurreko denboraldiko mutilen traineru nagusiko entrenatzaileak bezala, nesken traineruan arraunean ibilitako Lapurdiko neska batek ere plazaratu zuen gogoeta kezkagarri bat, denboraldia bukatuta Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketan.
Besteak beste, honakoak esna zituen neska gazteak, euskara ederrena: "Traineruan sartu naizenetik, erakutsi behar izan dut nire nortasuna: ez naizela frantsesa, euskalduna naizela; nire lurraldea Lapurdi dela, ez dela Frantzia, Ipar Euskal Herria dela. Pisua da, astuna eta aspergarria. Taldearen %80k uste du frantsesa naizela eta Frantzian bizi naizela. Espero dut egunen batean ulertuko dutela, baina zaila da. Ez dute gaizto egiten, baina Ipar Euskal Herria ez da ezagutzen. Ez gaituzte ezagutzen. Orion ez, eta beste taldeetan ere ez. Esaten didate: euskaraz badakizu, baina familiarekin zer hizkuntza darabilzu? Entrenatzaileak ez daki euskaraz, batzuetan saiatzen naiz gazteleraz hitz egiten, baina niretzat ez da erraza. Gero badira neskak itzulpena egiteko. Nik egokitu behar izan dut".
Bada abesti bat euskaldun guztiok kantatzen duguna: "Adiskide bat bazen, orotan bihozbera, poesiaren hegoek, sentimenduzko bertsoek, antzaldatzen zutena... Non hago, zer larretan, Urepeleko artzaina?". Xalbador da, Urepeleko bertsolari-poeta. Haren olerki batzuek ondo asko adierazten dute zenbateraino zen sentibera, bereziki hizkuntzaren gaian: "Sumatuz euskaldunak, ospetsu nahian, guretik deus ez duen hizkuntza mihian (mingainean), sufritzen du".
Behin, Bergarako bertso saio batean Xalbador eta Mattin egokitu ziren kantari, Iparraldeko bertsolari bikainak. Saioaren amaieran, Egileor gai jartzaileak bukatzen hasteko proposatu zuen, frantsesek presa izango zutelako etxe aldera abiatzeko. Xalbadorrek hauxe kantatu zuen, erantzun gisa: "... hemendik ez da frantsesik joanen, handik ez baita etorri".
Aurtengo udan ETB1eko Biba zuek! programan Orioko traineruetako bi patroi elkarrizketatu zituzten: Maider Etxaniz oiartzuarra eta Iñigo Larrinaga ondarroarra. Xabier Sukiak OGA (Oriotarren Gaitasun Agiria) proba jarri zien biei. Gainditu egin zuten, sei galderetatik bost asmatuta.
Aurrerantzean ere ez legoke gaizki OGA proba jartzea arraunlariei, denei, eta galdetu ea badakiten nor zen Xalbador eta ea haren bertsoak gustukoak al dituzten.