Hamar urte bizikidetza lantzen

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2024ko abe. 11a, 08:00

Herritarren Foroko kideek, Aranzadiko zientzia elkartekoekin eta udal ordezakriekin batera, 2020an jakinarazi zuten herrian 1936tik gaurdaino izandako giza eskubideen urraketak ikertuko zirela. (Iñigo Gaiton)

Iñaki Iturainek azaroko zenbakiko Oroimenaren Kutxa atalean Orioko Herritarren Foroa izan du hizpide.

2015ean Herritarren Foroa sortu zen Orion. Herriko udalak zenbait herritar banan-banan gonbidatuta, haietako seik onartu eta osatu zuten foroa. Orduan abiatutako ibilbideari amaiera eman diote aurten. Hamar urte eman dituzte lanean, bizikidetza lantzen. Orain erabaki dute bukatzeko modu ona dela, batetik, udalari eskerrak ematea, eta bestetik, merezi duelakoan, denbora horretan egin dutena herritarrei azaltzea eta bideak eman dienaren berri ematea.

Udalak 2015erako hasia zuen, bere aldetik, hausnarketa prozesu bat biolentzia politikoak eta terrorismoak gizartean izandako eraginaren ingurukoa, udaleko alderdi politiko guztiek aho batez onartuta: EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Orain. Eta erabaki zuten beste horrenbeste egin behar zutela herritarren artean: pentsaera eta jokaera politiko desberdineko herritarrak elkarren ondoan jarri, eta, askatasunez, beren ideiak eta bizipenak partekatzea.

Era horretako ekimenak Gipuzkoako herri askotan abiatu ziren garai hartan. Urte batzuk lehenago (2007-2012), inspiratzailea izan zen neurri batean Irlandako Glencree egitasmoa, biktimario ezberdinetako biktimak elkartu zituena, beren bizipenak partekatzeko.

Herritarren Foroko kideek baldintza bakarra izan zuten hasieratik beren jardunean: elkarrekiko errespetua. Urtetan isiltasuna nagusitu zen herritar gehienen artean; garaia zen, pixkanaka, elkarren ondoan bizi zirenek elkarri bizipenak kontatzeko eta entzuteko.

Bakeola EDE Fundazioa izan du herritarren taldeak erraztaile eta bidelagun zeregin horretan, bizikidetzaren alorrean lanean ari den elkartea. Euskal Herrian aspaldiko urteotan horren sustraituta dugun gatazka politikoak eragindako zauriak sendatzea du helburu Bakeolak, historian zehar barru-barruko orbain bihurtutakoak azaleratzea eta elkarrizketaren bitartez konponbidea bilatzea. Izenak berak dioen moduan, bakea lantzeko ekimena da Bakeola.

Hilean behin elkartu dira Orioko herritarrak, Kultur Etxean edo Salatxo aretoan. Bakeola arduratu da bileren antolaketaz. Hainbat saio egin dituzte, nork bere bizipenak partekatzen gainerako taldekideekin. Saiakerak egin izan dituzte beren topaketetara herritar gehiago bertaratzeko, ateak parez pare irekita izan dituzte, beso zabalik; eta hasierako sei haiei bidean beste zenbait lagun batu zaizkie, eta urteotan gorabeherak izan dira taldearen osaketan.

Taldekideen auto-ebaluazioa

Hamar urteotan urratutako bidearen amaieran, egindakoaren auto-ebaluazioa egin dute taldekideek. Saio horretan ondorioztatu dute ibili egin direla, mugitu, eta ez daudela abiatutako lekuan. Bide aberatsa izan dute, emankorra, errespetuzkoa, bakezalea eta baketsua. Ibilian-ibilian, gauza asko adostu dituzte. Irizpide etiko gutxieneko batzuetan bat egin dute. Nagusiki, honako honetan: "Herritar guztion giza eskubide guztien alde gaude, eta bizitzeko eskubidea da nagusia; hori ideologia guztien gainetik dago".

Egin duten bidea ebaluatzeko erabili dituzten hitzak dira honako hauek: "Elkarrekiko errespetua izan dugu", "pentsamendu kritikoa sustatu da", "gai korapilatsuen aurrean iritzia lasai emateko gaitasuna", "elkarrekin partekatu ditugu gure istorioak", "nik besteei eta haiek niri entzuteko aukera izan dugu", "denok daukagu egiaren puska bat. Gustura hartu dut besteena", "elkar entzutea da garrantzitsua; besteen mina ezagutzeko eta ulertzeko aukera eman dit", "nire sentiberatasuna besteekiko eta beste errealitateekiko aberastu dut", "poztasuna eman dit, taldetik hobeto atera izan naiz, batzuetan kostatu izan zait etortzea baina ondoren etxera beti hobeto itzuli izan naiz", "horrelako prozesuak zintzoki egiten direnean, aberasgarriak izaten dira", "gure errealitateaz, beldurrez, mamuez eta ikuskeraz hitz egin da eta inportantea da", "foro bezala gaiari herrian presentzia emateko aukera izan da". "herrietan gai batzuk lantzea zaila da eta ezjakinarena egitea errekurtso erraza izan daiteke, baina Karkaran agertu da, hainbat jarduera antolatu dira herriari begira, herritarrek gaiaz hausnartzea sustatzeko".

Taldeko kideek faltan sumatu dute, baina, taldea anitzagoa izatea, bestelako hausnarketak eta ikuspegiak entzuteko aukera izatea, eta bidean herritar gehiagok parte hartzea, horretan ez asmatzea.

Herritarren Foroko kideak bezala, udalaren zenbait ordezkari ere bizikidetza lantzen aritu dira, eta ari dira.

Ibilbideko urratsak

Bidean gauza asko egin dituzte. Beste herri batzuetako taldeak ezagutzeko aukera izan dute, haiekiko harremana sustatzeko. Donostian izan dira, Lasarten eta Gernikan. Baina haien zeregin nagusia Orion bertan gauzatu da. Egindakoen artean, orain, atzera begira, bost nabarmendu nahi izan dituzte:

Udalarekin batera Memoriaren Egunean adostutako eta plazaratutako adierazpena. Azaroaren 10ean ospatzen da EAEn Memoriaren Eguna. Egun horixe da egutegiko egun bakarra terrorismoak hildako pertsonarik inoiz izan ez dena. Egun horretan elkarretaratzea antolatu izan du udalak herriko plazan, herritarrak deituta. Herritarren Foroak eta udalak, 2017an, adierazpen politiko bat adostu eta publiko egin zuten, indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak gogora ekarriz.

Hala zioen: "Gaur hemen, azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, Orioko plazan elkartu gara udal ordezkariak eta herritarrak, indarkeriaren eta terrorismoaren biktimak gogoratzeko. Izandako biktima guztiak aintzat hartzen ditugu, gatazka honetan jazarpena bizi izan duten herritarrak direlako eta ez zuelako inoiz gertatu behar. Biktima guztiek merezi dute egia, justizia eta aitortza. Haiek bizi izandako injustizia salatu nahi dugu, eta, aldi berean, errepika ez dadin, gogoratu.

Kontziente gara herritarren bizikidetzan urteetan izandako biolentziak eta terrorismoak eragindako kaltea oso handia dela eta samin ugari eragin dituela: urruntasuna, bazterkeria, ezinikusia, beldurra, isiltasuna eta bestelako sufrimenduak... Jakin badakigu, era berean, zauri sakon asko dagoela oraindik orbaindu gabe, eta denbora eta lanketa handia beharko duela guztiak ondu arte.

Orioko Udalak urteak daramatza indarkeriak eragindako ondorioen inguruan lan egiten. Joan den agintaldian jarri zen martxan gaur egun lanean jarraitzen duen lantaldea, eta gure konpromiso irmoa adierazi nahi dugu hasi berri den prozesu honetan batera aritzeko. Horren aldeko apustua egiteak merezi duelakoan, guk jarraitzeko asmoa agertzen dugu.

Baina herriaren prestutasuna ezinbestekoa da prozesu hau aurrera eraman ahal izateko. Dagoeneko hainbat herrikidek lehenengo urratsak eman dituzte eta horiek ere hizketarako eta elkar entzuteko esparruak jorratzen ari dira.

Aurrerantzean pausoak ematen jarraitu beharko dugu, bakoitzak bere esparrutik, eta guk, udal ordezkariok, lanean jarraitzeko asmoa agerian uzten dugu".

2022ko abenduan aurkeztu zuten kultur etxean giza eskubideen urraketen berri ematen duen 'oriooroimenean.eus' ataria. (Aitziber Arzallus)

Priede eta Xuaren alde

Karkararen bidez beste bi adierazpen ere plazaratu zituen Foroak. Bata, Juan Priede zinegotzi sozialistaren hilketaren kontra eta haren izen onaren alde (415. zkia, 2020-03); eta bestea, Xua hiru urteko haurraren eta orduan preso zeuden haren gurasoen giza eskubideen alde (413. zkia, 2020-01).

Juan Priederen alde

"...Gogoan dugu gizon hura. Gogora ekarri nahi dugu, adierazteko haren hilketa giza eskubide oinarrizkoenaren kontrako indarkeria onartezina izan zela. Giza eskubideen artean bizitzeko eskubidea da lehena eta oinarrizkoena. Orion elkarbizitza sustatzeko orain dela urte batzuk sortu zen foro honetako kideok herritar guztion eskubide guztien aldeko aldarrikapena egin nahi dugu. Haien aldeko defentsa sutsua, eta gizon haren izen ona agertu. Bide batez, Juan Priederen seme-alabei eta gainerako senideei gure elkartasuna helarazi nahi diegu".

Juan Piedre, ETAk hil zuen PSE-EEko Orioko Udaleko zinegotzia. 2023an Herritarren Foroko zenbait kide herriko hilerrian izan ziren haren oroimeneko ekitaldian.

Xua haurraren alde

Era berean, Xua hiru urteko haurrak bere gurasoekin eta gurasoak Xuarekin egoteko eskubidearen aldeko aldarrikapena egin zuten, azpimarratuz adostasuna udaleko alderdi politiko guztien artean izan zutela.

2019an, Herritarren Foroak Orioko Udalari eskatu zion ikerketa baten bidez indarkeriak eragindako sufrimenduaren mapa osatzeko. Udalak onartuta, herritarren testigantzak jasotzeko memoria-bulegoa jarri zuten Kultur Etxean. Herritarrak bertaratzea errazteko, zenbait herritarren zerrenda osatu zuten, eta foroko kideek banan-banan deitu zieten haiei. Gainera, deialdi publikoa egin zen, herritarrak bertaratzeko. 2022ko abenduan, Javier Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialariak eta Iñaki Iturainek hitzaldia eman zuten Kultur Etxean, 1936tik ordura arte Orion izandako giza eskubideen urraketei buruz. Bucesen hitzetan, datuen aniztasun handia izan da Orion, lortzen zailak ziren lekukotzak eta ziurtagiriak eskuratu zituzten. Bizikidetza Batzordeko kideek, eta, bereziki, Herritar Foroak egindako ekarpena nabarmendu zuen, haiek oriotarrak ikerketan parte hartzera animatu zituztelako. Giza-eskubideren bat urratua izan zuten herritarren kasuak jasota, webgune batean jarri zituzten horiek, herritarren eskura. Hilabete batzuetara, udalak itxi egin behar izan zuen, Espainiako Gobernuak zeharka hori egiteko eman zuen aginduagatik. Geroztik itxita dago.

Zenbait herritar, Xua haurraren eta haren guraso presoen giza-eskubideak aldarrikatzen.

Aurten hausnarketa egin dute taldean, Orioko bi ikastetxeek, Zaraguetak eta Ikastolak, urte luzeetan izandako gatazkaren gainean. Gaia ez zuten erraza, ikuspuntu desberdinetatik zetozen, batzuek bizipen mingarriak izanak zituzten, baina jarrera proaktiboa erakutsiz lan saio emankorra osatu zuten.

Zine ziklo bat antolatu zuten, 2016an, herritarrei irekia: Konponbidean al goaz Orion?, gaia hausnartzeko eta partekatzeko, Salatxo aretoan. Urriaren 20an eta 27an, zine foruma: Mujeres en construcción eta Glencree filmak, debatea sortzeko; eta azaroaren 4an, tailerra: Oriotarron ordua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide