Orain dela 100 urte, 1924an, aiar batek irabazi zuen Behobia-San Sebastian lasterketa, Aiako Txikitok. Erraz nagusitu zen Añorga Kirol Elkarteko Joan Manuel Azpiroz korrikalaria (1:14:22). Urte hartan abialekua aldatu zuten, hogei kilometroak Gran Kursaal kasinoaren parean bukatzeko. Orduko kronikaren arabera, jendetza handia bildu zen Irunen, Errenterian, Pasaian eta helmugan; baina oso talde txikia zen Behobiatik Donostiara bitarteko bidea korrika egin zutenena, 37 lasterkari besterik ez; iazko 30.000rekin bada aldea. Lehenengo edizioan, 1919an, Juan Mugerza elgoibartarrak irabazi zuen hartan (1:17:50), hogei bat lagun lehiatu ziren. Interneten Aiako Txikito-ren bilaketa eginez gero, bi agertzen dira, bi Txikito, biak aiarrak eta kirolariak: bata korrikalaria, bestea aizkolaria. Txiki goitizen edo ezizen moduan erabiltzea oso zabalduta dago Euskal Herrian; herri gehienetan bada Txiki-ren bat.
Batzuk ezagunak dira oso: Txiki Begiristain, Realean eta Bartzelonan jokatu zuen futbolaria; Txiki Benegas, PSOEko politikari donostiarra; Txiki Muñoz, ELAko kidea; Txikito de Arrigorri, Jesus Guridi musikariaren El Caserío-n; ETAko bi militante: 1973an Algortako kalean poliziak hildako Eustakio Mendizabal Txikia itsasondoarra, eta 1975ean guardia zibilek Bartzelonan fusilatutako Jon Paredes Txiki zarauztarra… Beste zarauztar batek ere hartu zuen goitizen hori, Txiki Larrañaga, Orioko traineruko patroiak, klubaren urte boladarik onenetakoan, 1998an istripuz hil zen arte.
Aldiz, Handi ezizena duenik ez dugu euskaldun askorik aurkituko. Euskal Herrian historiara pasatutako Handi bakarrenetakoa, Altzoko Handia da. Espainolentzat, berriz, euskal neska-mutil handi edo indartsuak Chicarrones del Norte dira, handitasunari egiten diote aipamen eta gorazarre. Haientzat gizartean ohore handikoak Grandes de España dira. Interneten Chiquito bilatuz gero, agertzen den bakarra Chiquito de la Calzada da.
Txikitasunaren alde
Euskaldunontzat txikitasuna sinpatikoagoa da, fama hobea du. Zoriontasuna gauza txikiek ematen omen digute. Txikitik eragiten leloa asmatu zuten Argia astekariko lantaldean, "txiki asko, txikitik eragiten, bestelako mundu baterantz bidea urratzeko gai garelako" zioten aurtengo uztaileko azken zenbakian. Imanol Urbieta musikari zarauztarrak badu kantu bat Txiki-txiki-txikia izenekoa "txikia izanik, asko maite zaitut nik" dioena. Andoni Egañak bertso ederra egin zion Lazkao Txikiri, ETB1en bertsolariari eskaini zioten marrazki bizidunetako serierako: "Txiki izenez, txiki gorputzez/ handia maitasunean/ ta handiago bilakatuko/ zara etorkizunean/ zure txikitasunean, …,/ txiki handia zinen zu". Lazkao Txikik berak barre egiten zion bere buruari: "Ni Lazkaon jaio nintzen, hazi inon ez; halere, hankak iristen zaizkit lurrera". Joan Manuel Serrat katalanak ere txikia hobesten zuen handiaren aldean, Cada loco con su tema kantuan: "Me priva más un siux que el Séptimo de Caballería, una mariposa que el Rockefeller Center".
Txiki, pertsonak izendatzeko ez ezik, tokiei, tabernei eta jatetxeei izena emateko ere asko erabiltzen da: Txiki Polit Zarautzen, Kolon Txiki eta San Luis Txiki baporea Orion; Txikierdi Aginagan, Borda Txiki, Ernio Txiki… Oraingo zaharrak gaztetxo ziren garaian, balio handirik ez zuten txanponak izendatzeko txakur txiki bat esaten zen. Tabernaz tabernako kuadrillen tragoxkako ibilerari txikiteo deitu ohi zaio orain arte, nahiz orain poteo izan. Euskal Herria txikia da eta Txiki asko dago; txikitik, baina argitasunez jokatzen asmatu behar dugu, derrigor.
Aiako Txikia, plaza gizona
Manuel Lasarte zenak badu liburu bat: Plaza-Gizonak (2005, Auspoa saila), aurretik DV egunkarian idatzitako 56 artikulurekin. Haietako lau plaza gizonek Txiki(a) ezizena daukate: Joan Manuel Azpiroz Aiako Txikia, Joan Kruz Azpiroz Arroitzko Txikia, Paulo Zuriarrain Ernani Txikia, eta Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki. Lasartek honela dio Aiako Txikiaz (DV, 2001-01-19), (laburtuta):
"Joan Manuel Azpiroz Aiako Txikia Aian jaio eta hazi zen. Eta bizitza osoa bertan pasa gizon atsegin maitagarri hark. Izugarrizko egokitasuna zuen hizketan, norbaitekin gustura ari zenean. Irribarre gozo eta ixil antzeko gizon xuabe eta apala zen, euskaldun osoa; harrokeriaren izpirik sekulan erabili gabe joana mundutik. Eta horixe da denok aintzat hartu behar genukeen gizatasunik baliosoenetakoa. Eskolaz jantzi gabeko pertsona jakintsu handi baten historia da J. M. Azpiroz korrikalariarena. Gerra zibila pasa eta berehalaxe ezagutu nuen, artean sasoi ederra zeukala. Kalean pausaje mantsoa erabiltzen zekien arren, hankak astindu ohi zituen korrika hasten zenean. Nik inoiz ikusi nuen entrenatzen. Gauez ilargitan etxetik irten eta Asteasu alderako bide-gurutzean arropak eranzten ikusi nuen. Lehenengo, gerriz goikoak, kamiseta ez beste denak; eta hurrengo, galtzak edo bonbatxoak, azpitik jantzita baitzeuzkan korrikalarien galtza motzak. Arropak txukun asko bildu eta horma edo pareta-zoko batean utzita hasi zen korrika, Asteasu aldera. Lehenengo, poliki antzean, motorra martxa hartzen, seguru samar. Nik, begien gozamenerako, gehixeago nahi eta atzetik metro batzuetan segitu nion. Laster utzi ninduen bakarrik. Nire hanka-hotsa entzungo zuen agian eta aurrera. Hura zen hura korrikarako erraztasuna! Bizi-bizi hasi zenean niretzat ikuskizun ederragorik ezin nezakeen aukeratu. Gorputzez oso egokia, hanka-zangoak ez zituen sendoak, mehe antzekoak baizik, karreretan ibiltzen diren zaldiek bezala. Baina gerritik gorakoa, ordea, zoragarri hutsa. Haren petxu-aldeari kamiseta hutsean zegoenean begiratu behar zitzaion, ongi ikusteko.
Gizon osatua, edukazioz jantzia eta umila genuen Joan Manuel. Egunerokoan ere zuzena. Kale-baserria zuenez, ganaduak eduki ohi zituen, eta goiz-partean haien martxa erosotu lehenengo, eta gero, bazkal aurretik, ostatura joan, ardo pixka bat edan, zigarro batzuk erre, tabakoaren kea ongi tragatuz, lagunartean, besteei arrazoi txarrik eman gabe. Lasai ederrean arrantxoa eginda, etxera, eta beti garai jakinean bazkaltzera. Orduari errespeto izugarria zion inoiz ahaztuko ez dugunak".
Apustu asko irabazi
Aiako Txikiak korrika-apustu asko jokatu zituen, eta gehienak irabazi. Auspoa saileko liburuetatik hartu ditugu Aiako Txikitok jokatutako batzuen berri: bizpahiru trabes jokatu zituen Amezketako artzain Inazio Goñi Galartxei-rekin. Braulio Olaskoagari ere irabazi zion erronka bat Azpeitian.
Famatuenak beste Txikito baten kontra jokatutakoak dira, Klaudio Egaña Aizarnako Txikia-ren aurka, Herrera Sport taldean ibilia eta Espainiako txapelketa irabazitakoa. Bitan lehiatu ziren elkarren kontra Aiako eta Aizarnako Txikito-ak: Azpeitian 1928an (hamalau kilometro) eta Donostian 1931n (25 kilometro). Bietan zezen-plazan, bietan aiarra nagusi, plaza jendez betea zela. Bertso-paperak ere jarri zitzaizkien. Aizarnako Txikitok erronka haiek baino garrantzi handiagokoa ere galdu zuen: bizia. Beste 29 presorekin batera fusilatu zuten Burgosko kartzelatik mendira eramanda, 1936ko gerran, CNT sindikatu anarkistako kide omen zirelako.
Aiako Txikia-ri osperik handiena 1924an Behobia-Donostia lasterketa irabazteak ekarri zion. El Pueblo Vasco egunkariak aiarraren izena erabili zuen erronka baten balizko protagonista moduan, "Gipuzkoa 1936, Korrikalarismo montañero" artikuluan.
Donostiatik Herniora bi ordu?
"Donostiatik Herniora joan al daiteke bi ordutan? Chiquito de Aya korrikalari famatua Benta-Berri/Hernio martxa bi ordutan egiteko prestatzen ari zela zabaltzeak lurrikara ekarri zuen, baina gero baztertu egin zuen apustua irabazteko edo gutxienez saiatzeko aukera. Aiako Txikito fenomenoa da, baina egin zituen entseguetan konbentzitu zen hain denbora gutxian ezinezkoa zuela. Ibilbideak distantziaz gain mila eta piku metroko desnibela baitu. Hala ere, batzuk oraindik ez dira konbentzitu eta entrenatzen dabiltza, aukerak ikusi eta erronkaren bat botatzeko. Baina denbora bi ordu eta erditik hurbilago ibiliko da.
Guk Hernio-Donostia ibilbidea egitea erabaki genuen, lasterketaren kontrako norabidean, erronka horretan denbora alferrik galtzen ari direnen aukerak bertatik bertara aztertzeko. Herniotik, Zelatunen barrena, Iturriotzeko Bentara jaitsita, han arrautza frijitu pare bat jan genuen, artean baraurik baikeunden. Kanpoan eguzkitan ginela, korrikalari bat ikusi genuen, praka motz eta elastiko zuriz bikain jantzia, prestatzailearekin, baselizatik gora. Ez genituen ezagutu, korrikalarien proben sekretu eta misterioagatik, baina guregana iritsitako berriak baieztatu zizkiguten.
Iturriotzen gosaldu eta aurrera eginda, Andazarrateko Erietxearen aurretik pasatu ginen, gelditu gabe. Han, gaixoek eguzkiaren laztanez gozatzen zuten. Zarateko Bentara iritsita, Andatzarantz okertu eta, pinu-baso zoragarriak zeharkatuz, San Esteban auzora iritsi eta bertan bazkaldu genuen. Indarrak berreskuratuta, aurrera, Benta Berriraino.
Mapan, Erniotik Benta Berriko gailurrera artean hogei kilometro daude, baina 25 izango dira. Bizi-bizi egin ondoren, zati batzuk kronometratu ditugu, 25 x 12 minutuz: bost ordu. Ibilbidea alderantziz egin genuen, beraz, marka ona litzateke korrikalari handiek horren erdian egitea, bi ordu eta erdi, batez beste sei minutu kilometroko, edo hamar kilometro orduko".
Aiako beste hiru korrikalari
Maria Luisa Irizar, Aiako andoaindarra, eta Nerea Amilibia, Zarauzko aiarra, ere ez dira makalak. Irizarrek zazpi aldiz irabazi du Behobia-Donostia proba, 1980tik 1995ra. 1985ean ezarri zuen bere denborarik onena: 1:12:01. Amilibia mendi-lasterkaria da, eta 100dik gora txapela eskuratuta, 50 urterekin lehiatzen segitzen du. Beste aiar txiki handi bat da Lasarteko nazioarteko krosa irabazi duen euskaldun bakarra: Jose Migel Maiz, 1968an.
Argazkiak: Azpiroztarren familiarena (Txikiarena) eta Iñaki Iturainen artxibokoak.