Oriotarrak Olinpiadetan. Sarasua, 1936an Berlinera...

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2024ko uzt. 25a, 10:00

Ibon Urbieta, Patxi Sarasua, Jose Luis Aagirre eta 'Amañu' Elizondo. Ibon eta Jose Luis Seulen izan ziren 1988an. Ibon, Bartzeonan ere bai, 1992an.

Iñaki Iturainek uztaileko zenbakiko Oroimenaren Kutxa atalean Olinpiadetan izandako oriotarrak izan ditu hizpide. Orain, Olinpiar jokoak hastear diren honetan irakurgai dago erreportajea sarean. 

Uztailaren 26tik abuztuaren 11ra aro modernoko XXXIII. Olinpiar Jokoak jokatuko dira Parisen, hirugarren aldiz historian, 1900eko eta 1924koaren ondoren. Latinezko Citius, altius, fortius (azkarrago, altuago, indartsuago) leloa dute Joko Olinpikoek ikur nagusia, suari eusten dion argi-zuziarekin, koloretako bost uztairekin eta lehenengo hiru kirolarientzako dominekin batera: urrea, zilarra eta brontzea.

Historian zehar, oriotarrak ere lehiatu dira Olinpiadetan. Lau gizonezko eta bi emakume, lau arraunlari eta bi bestelako –Esteban Azkuek, plater tiroketan, 1976an, Montrealen, 11. egin zuen; eta Oiana Blanco judoka, Londresen 2012an izan zen. Nahiz eta 2009an munduko txapelketan zilarra eskuratu, lehen borrokaldia galduta etxeratu zen–.

Arrauna Olinpiar Jokoetan

Euskaldunon artean Baionakoak izan ziren lehenak arraun olinpikoan abiatzen. Lapurdiko hiriburuan bi arraun klub izan dira: Baionako Nautika Elkartea, 1875ean sortua; eta Aviron Bayonnais, 1904an banaketa batek ekarria.

Donostian 1922an Ur Kirolak sortu zuten, eta 1960eko Erromako Olinpiadetan, Urkiko zortzikoak ordezkatu zuen Espainiako selekzioa.

Orion 1965ean sortu zuten Club de Remo Olímpico de Orio. 1968an nazioarteko lehen estropada antolatu zuten herrian; zortzikoan, Oxforden kontra. Ordurako, penintsulako arraun klub onenetakoa zen.

1980an parte hartu zuen arraunlari oriotar batek lehen aldiz Olinpiadan: Jose Luis Korta izan zen, Moskun, Jose Ramon Oiartzabal oiartzuarrarekin batera, scull bikoitzean. Zazpigarren egin zuten, final txikia irabazita. Luis Mari Lasurtegi sanjuandarrak, 1984an, Los Angelesen zilarra eskuratu zuen, bikoan, Espainiak arraunean orain arte irabazi duen domina bakarra. 1988an Seulen izan ziren Jose Luis Agirre eta Ibon Urbieta. Urbietan, Bartzelonan ere bai, 1992an. Eta Atenasen 2004an, aspaldi Orion bizi den sanjuandar bat: Eva Mirones; 11. egin zuen, scull bikoitzean banyolestar batekin.

Eva Mirones 20204an, Atenasko Olinpiar Jokoetan

 

 

Korta baino 44 urte lehenago, Ignazio Sarasua zena 1936ko Berlingo Jokoetan parte hartzekoa zen skiffean. Bartzelonan kontzentratuta zegoela, Espainiako gerra hasi zen uztailaren 18an, eta horrek Ignazioren plana zapuztu zuen. Nahiz eta Berlinera joan ez, Sarasuarenak oihartzun handia izan zuen orduko prentsan. Argia-k artikulu bat argitaratu zuen 1936-07-19an, zeinetan euskal kirolzaleei eskatzen zieten diruz laguntzeko, Ignazio Berlinera joateko. Hauxe da artikulua, laburtuta:

Sarasua Berlinera

"Sarasua oriotar arraunlari indartsua Berlinera joatekoa dugu. Gaur hartuko du, noski, Alemaniarako bidea. Munduko arraunlaririk onenekin neurtuko ditu indarrak. Eta neurketa horretatik Sarasuaren izena goratua irtengo den itxaropenean gara.

Sarasuaren iaiotasuna ez dezake inork ukatu: arraunlari iaioa eta indartsua da. Baina ez zegoen ohituta holako txalupa estu eta luzeetan ibiltzen. Esertokiak atzera-aurrera egiten du, arraunlariaren indarra hobeto aprobetxatzeko. Ikasi egin behar izan du, loari eta atsedenari ordu asko lapurtuz. Ikasi du, ordea, eta markarik onenak ondu ditu bere saioetan.

Elkano izan zen mundua lehenengoz zeharkatu zuena; Xabierko Frantzisko deuna Indietan misiolaritzara joanda oroitzapen onena utzi duena; Loiolako Iñaki eta bere semeak… Baina zer ari gara? Ludian hainbeste txalo irabazi duten euskaldun guztien izenak aitatu behar al ditugu? Ezin daiteke, nabarmendu diren euskaldunak asko baitira.

Sarasua: euskaldun guztiok zuri begira gaude. Ahalmen eta indar handia dituzu, ausarta eta adoretsua zara. Zer gehiago behar duzu ba garaile izateko? Jainkoak lagun zaitzala!".

Elkarrizketa Madrilgo kazetariak

MadrilgoEstampa aldizkarian, berriz, elkarrizketa egin zion Ignaziori Jose R. Ramos kazetariak. Aldizkaria, 1928an sortua, 200.000ko tirada izatera iritsi zen. Sarasuari gertatu zitzaion gauza bera jasan zuen Estampa-k, gerragatik itxi zuten 1938an. Ramosek bisita egin zion Sarasuari errio ertzeko Arratola baserrian, 1936an. Hauxe da (euskaratu eta laburtuta) elkarrizketa:

Euskal nekazari bati bururatu zaio txapeldun olinpikoa izatea. Hobeto esan, haren lagun bati. Bera lasai asko zebilen behien artean, lagunak esan zionean: "Zergatik ez zara, hori utzita, skiff batean sartzen?", "Skiff? Zer da hori?".

Morrosko hauek hitz egin ez dute askorik egingo, baina buruan gauza bat sartzen zaienean... Gorde izen hau gogoan: Ignacio Sarasua! Abuztuan ezaguna izan daiteke mundu osoan.

Txokolate motz geratu zen

Sarasua Orioko arrantzale herrian bizi da. Oria ibaiaren ertzean dago Sarasua Enea. Orion denek dakite arraunean, txikitatik ikasita. Sarasuak ederki daki zer den arrauna, baina hobeto zer den sega, nekazaria da, lehorrekoa, nahiz Orion bizi. Hala ere, denak bideratzen du arraunera: ur-ertzean bizi da, atleta baten gorpuzkera du, eta aldamenean du Txokolate, koinatua, Kantauri itsasertz osoko estropadetako txapeldun ospetsua.

Egun batean, Txokolatek itsasoratu zuen. "Ea nola egiten duan arraun!". Eta paseatzera bezala irten ziren biak, batel banatan. Txokolate, ezer esan gabe, martxa behartzen ari zen, koinatua errenditu nahian. Noizean behin begiratzen zion, eta ikusten zuen lasai zihoala arraunean, fresko. Bere txapeldun harrotasuna matxinatu egin zen."Baina ze asto-potro haiz hi! Ez al haiz nekatzen?", "Ez". "Ba nik bezainbeste egiten duk arraunean orduan".

Txokolate labur geratu zen laudorioan. Ez zuen esan nahi izan, baina jabetu zen berak baino hobeto egiten zuela arraunean. Halere, Sarasua bere segara itzuli zen berriro. Orain arte.

Sarasuak irribarre

Berlingo Olinpiadara doazen atleta iparramerikar batzuen entrenatzailea Donostian zebilen. Han jakin zuen baserritar bat ari dela prestatzen agian skiffean Olinpiadako txapelduna izateko. "Baserritar bat? Eta nork prestatzen du?", "Inork ez. Sorotik itzultzean bera bakarrik entrenatzen da".

Prestatzaileak barre egin zuen. Gehiago egingo luke Sarasuaren skiffa ukuiluko sabaitik zintzilik ikusiko balu, eta behiak skiffaren azpian, hausnarrean. Baina ez dio bisitarik egin, hain hurbil izanda ere. Horregatik ezin izan du ikusi Sarasuak etxepean, lau upel zaharren gainean, eraiki duen ur gaineko ontziralekua.

"Baina irabazteko asmoa duzu?" galdetu diot Sarasuari. "Hori diote. Nik ez dut inoiz ezer esan. Bihar Berlinera noa. Hobe dugu itzultzean hitz egin".

Zaila da Sarasuari hitz bat gehiago eginaraztea. Nekazarien trebetasuna du erantzun nahi ez duena saihesteko. Hobe bere lagun Angel Lizarraga Urkiko arraunlariarekin hitz egin, Parisen Sarasuarekin egon baita, honentzako skiffa erosten.

"Zertan oinarritzen da Sarasuak sortu duen itxaropena?". "Berak arraunerako dauzkan ezaugarri berezietan, besterik ez. Eserleku mugikorreko ontzi batean eseri zen lehen aldian, lau azalpen entzunda, gezi bat bezala atera zen. Bazirudien besterik ez zuela egin bizitzan. Hori urteko lehen egunean. Hamaika egunez entrenatuta, Urkiko txapeldun baten denbora hautsi zuen. Astebetera, 17 segundoan jaitsi".

"Badakigu Sarasuaren denbora batzuk hobeak direla orain jokatu berri den Europako txapelketakoak baino, eta Olinpiada ere han izango da, Gramau lakuan. Aurreko batean, Orion skiff zahar batean, Urkiko lauko txapelduna gainditu zuen Sarasuak. Haiek jota, eta bera hain fresko".

"Ikusi al zuten Parisen arraunean, skiffa erostera joan zinetenean?", "Ikusi zuten, bai. Teknikari frantsesek denek bat egin zuten aparteko ahalmenak dituen arraunlaria dela, baina ez zitzaien gustatu bere estiloa. Ez omen da klasikoa. Jakina! Estilo klasikoa minutuko 25 palakoa da. Sarasuak 33koa du".

Tira, gutxi falta da!

Ikusi dut Paristik bidali berri duten skiff berria, 14 kilo, neurrira egina. Badirudi hondoratu egin behar duela Sarasua gainean esertzen denean; baina alderantziz da: ur gainean hegan egiten du. Arraunean hasten denean, bere baserritar blusaren zabalak ezkutatu egiten du haren baitan doan atleta bikaina.

"Parisen urduri eta presaka bezala ikusten nuen nik" esan dit Lizarragak, "Oriora itzultzeko gogoa dut!" esaten zidan. "Zertarako?" nik, eta "txaketa eranzteko" berak.

Eta galdetu nion Lizarragari: "Uste duzu Berlingo txapelketa irabaziko duela?". "Ahalmenak soberan ditu, baina beste batzuk hobeto prestatuta daude. Azken egunotan skiff berriarekin egin dituen markei buruz ezer ez dakigu. Bakarrik entrenatzen da eta ez du esaten zer lortzen duen. Galdetuz gero, irribarre egiten du". "Ahal dudan guztia egingo dut", erantzuten du.

Egun gutxi falta dira laborari ausart hau zertarako gauza den guk jakiteko, lehorreko gizona uretako txapeldun bihurtuko ote den erabakitzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide