Benitoren kantuen hitz eder beteak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2024ko urt. 21a, 10:30

2007an Donostiako bandera irabazi zuten arraunlariek parte hartu zuten Mirotzak kantuaren grabazioan, 2008an, Itsas ulu zolia izeneko diskoan.

Iñaki Iturainek urtarrileko zenbakiko Oroimenaren Kutxa atalean Benito Lertxundi izan zuen hizpide. Orain irakurgai da artikulua sarean. 

Orioko Udalak 2008an plazaratu zuen euskal kantu liburuxkak hitzaurrean hauxe zioen: "Gure artetik joan zaizkigun kantuzale guztiek oso pozik hartuko zuten eskuan liburuxka hau: Josepa Treku, Celestino Agirresarobe, Antxiola, Santiago Azurza, Joakin Aldabe, Felipe Arostegi, Alberto Oliden, Juan Jose Iruretagoiena, Antonino Agirre…". Horiek denek lekua irabazia zuten Orioko musikarien historian, herria musikaz jantzi zutenen zerrendan.

Kantu liburu hartan aipatu gabeko Antonio Marin ere sartu beharko genuke zerrendan, 1926an Orion musika banda sortu eta lehenengo musika akademia sortu zituen gizona. Baita, azken urteotan joan zaizkigun Oihana Alkorta, Patxi Danbolin eta Martin Lizaso ere.

Belaunaldien arteko musika transmisioaren katea osatu zuten horiek denek. Santiago Azurza katebegi inportantea izan zen, bizitza osoa eman zuen musika ikasten eta erakusten Orion. Horrez gain, elizako organo-jolea izan zen. 1951ko Santio egunean elizako kantariek omenaldi hunkigarria egin zioten: meza kantatu, sei ahotsetan. Egun hartan, Joakin Aldabek bertso hau eskaini zion Santiagori: "Erein dezun aziyak, nai nuke benetan/ eman ditzaten beti emaitzak urtetan/ jarrai, jarrai, gaztiak, leengo bidetan/ ederki abestuz danak egun aundiyetan".

Don Santiagok musika ikasle asko izan zituen; besteak beste, Alberto Oliden, Patxi Danbolin, eta Martin Lizaso. Gerora, hirurek eman zioten segida herrian belaunaldi berriei musika irakasteko eta zabaltzeko lanari. Xabier Lizasok kontatzen duenez, Azurzak hiru ikasle aukeratu zituen, nolabait ere, bere oinordeko izan zitezen: Martin Lizaso, Jose Mari Lizaso eta Xanti Loidi. Ez zuen begi txarra izan. Hiru gazte haiek bide aberatsa jorratu zuten musikaren bidean XX. mendearen bigarren erdian, musika giroaren susperraldian. Martin elizako organo-jolea izan zen urte askoan. Benito Lertxundi, ezkutuka Martinen entseguak entzunez, musika-zaletu zen. Martinen hiru semeak musikaren munduan dabiltza; Xabier egungo piano-jole entzutetsua da. Jose Mari Lizaso, berriz, herriko txarangaren eta otxotearen zuzendari lanetan aritu zen urte askoan. Xanti ere elizako organoa jotzen eta otxotean kantatzen ezagutu dugu beti.

Leteren kantuen harri-bitxiak

Anjel Lertxundik Xabier Leteren kantuetatik aukeratutako esaldi gogoangarrien parrastada luze bat idatzi zuen Berria-n (2011-08-12), Ni, han izan nintzen artikuluan: "…Amaren bularra, haurraren janari. Zerbitzuko lanean. Nafarroa arragoa, argiaren pausaleku, nahiaren eta ezinaren borroka-toki ekaitzez betea. Langile baten semea naiz ni, aita bezala langile. Kondaira urratu baten oihartzun oihukatua. Aurrean papera ta atzean papera, periodikoak leituz ilustratzen gera. Gauza denen gainetik, haizea bezala. Realak cuatro uno galdu zuen atzo. Isil-isilik esan dezagun euskaldunon sekretua. Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea. Gure izatearen testigu zuzena. Zure bular laztanen antsiz ta egarriz. Urruti zegok hura, han bere zeruan. Hamasei salbe ta hamalau kredo erdaraz entzunagatik. Hormarik gabe utzitako etxea. Ez zaidazu galdetu gauza ilun guztien arrazoi gordea. Hostorik gabe gelditzen ari den ardaska lehorra. Bihotz ustel usaia. Handitzen zarenean ikusiko duzu isilik egoteak zenbat balio dun…".

Juan Luis Zabala idazleak honela idatzi zuen Anjel Lertxundik aukeratutako Leteren esaldiez: "Leteren kantu aski ezagunetatik atereak dira esaldi horiek guztiak, adierazkortasun indartsu bete-betekoak eta euskaldun askoren oroimenean iltzatuta geratuak".

Xabier Letek 1966an kantatu zuen lehenengo aldiz jende aurrean, Seguran, Ez Dok Amairu taldearen jaialdi baten barruan. Benito Lertxundi gaixo zegoela eta kantaldira joaterik izan ez zuelako, igo zen oholtzara, Benitoren ordez, ezustean eta asko prestatu gabe. Gero, sekulako ibilbidea osatu zuen poeta-abeslari oiartzuarrak. Euskal kantagile onenetakotzat pasatu da historiara.

Martin Lizasoren itzala

Horrelako lotura harrigarriak gertatzen dira batzuetan. Benito, jende aurrean, gitarra bat eskuan eta kantari, bere bizitzan Martin Lizaso egokitu zitzaiolako gertatu zen. Horrelaxe aitortu zuen Lertxundik, Karkara-rentzat, Lizasoren heriotzaren ostean: "Ni kantari hasteko, nire bizitzan hiru momentu izan ziren giltzarri, eta hiruretan Martin hantxe egon zen: haur nintzela Martinek elizan organoa jotzen zuenean, eliza huts-hutsik, hari entzuten egoten nintzen, Martinek oparitu zidan nik izan nuen lehenengo musika-instrumentua, bandurria bat, eta berak animatu ninduen erlojutegiko lana utzi eta musikaren munduan bideratzera".

Benito Lertxundi da, Xabier Lete bezala, euskal kantagintzako artista handienetakoa. Batzuek diotenez, euskal kantautore aipagarrienak L letraz hasten dira: Laboa (Mikel), Larzabal (Imanol), Lertxundi (Benito), Lete (Xabier), Lourdes (Iriondo)… Euskaraz elea eta hitza sinonimoak dira, esanahi berdina dute. Zalantzarik ez da bostek eman dizkiotela euskarari ele eder bete-beteak, euskal kantagintzari sekulako ekarpena eginez.

2023ko San Juan egunean, Tolosan, hango futbol klubaren eta bertako Berazubi futbol zelaiaren mendeurrena ospatu zuten, oso modu originalean: musika emanaldi dotorea eskaini zuten ibaiaren erdi-erdian jarritako ontzi batetik, "iragana kontatu eta etorkizuna ospatzeko" esan zuen Juantxo Zeberio musikari antolatzaileak. Argia aldizkarian (2023-07-09) ekitaldiaren berri eman zuen Amets Aranguren kazetariak Benitoren hitz hauek ekarri zituen kronikara: "Edertasun guztien leku izan nahi duzunez gero, hala izan zaitezen", Benitok Oria ibaiari egindako kantu poetiko ezin ederragotik hartuak. Kasu horretan bezala, zenbat aldi eta tokitan ez ote dira erabili Benitoren kanturen batetik hartutako hitzak!

Benitoren kantuen hitz eder beteak

Anjel Lertxundik Leteren kantuetako eleekin egindakoaren antzeko ariketa da hau, Benitoren kantuetako hitzekin:

Zenbat gera, lau, bat, hiru, bost, zazpi? Zer egin degu? Ezer ez. Zer egiten degu? Alkar jo. Zer egingo degu? Alkar hil. Hori ez, hori ez…!/ Txori txikia nintzelarik esan zidaten kaiolan bizitzeko jaioa nintzela/ Mendian larrartean aurkitzen da loretxo bat, aurrean umetxo bat loretxoari begira, loreak esan nahi dio: umetxo, aska nazazu, jaio naiz libre izateko ta ez loturik egoteko/ Gu gazteok gaur gabiltza mundu galdu honetan, gerra bat barruan degula, zer egin jakin gabe, gurasoen mundu aldrebes hau ez degu onartzen, diruaren morroi izaten erakutsi digute; maitasun hitzak nahi nituzke esan, baina gaur ezin dut/ Agian, agian, egun batez jaikiko dira egiazko xiberutarrak, egiazko eskualdunak, tirano arrotzen hiltzeko/ Umeek ere badakite zein zaila zaigun bizitza, zein erreza dan heriotza/ Gizon izaten hasi behar da gizon izaten hemen/ Gizona da bizitzarako, egia handia da, baina egia zertarako? gizonak egia esateko baimenik ez badu/ Egizute nerekin aberri bidea, bildu dezagun nonahi asaben lorea, ta gaurdanik goritu gure sukaldea, ni nor naizen asmatu: Euskal Pizkundea/ Euskal Herriko haurrak berriro ere euskal ipuin xarmantez lotaratuko direnean; orduan bai, maite, amodiozko mozkorrean murgilduta, zorabiozko jirabiretan, haragi dardartien atsedenean, askatasunaren semeei dei eginaz, gure munduaren hastapena hantxe osatuko dut zure sabelean/ Gure herriko jakintsu intelektuala, hitz politen jaun eta jabea, zure bultzaden zain dagoen herria ez ote da aspertuko zuri begira/ Oi, Xiberua, zer hintzen eta non hago!/ Erribera, Erribera, zure landen zabalera/ Oi Baldorba, esazu nor zen bidetik baztertu zintuen madarikatua/ Bizkaia maite atzo goizean ikusi zintudan soineko xuriz jantzia, buruan orlegi, bihotzean sua, lirain, sendo, eder/ Oi ama Eskual Herri goxua, zutandik urrun triste banua, adios gaixo etxen dena, adios Xiberua/ Oi gure herria, zer hintzen eta non hago? Zazpi mendeko gauean zanpatua, itoa, zikiratua…, ez ote duk jada kemenik hire hatsa sendotzeko?/ Udazken koloretan, landen lurrinak zeharkatuz, hitaz oroit ta higan nauk hain soil hire heriotzean, adiorik gabeko partitzean/ Nola dute begiratzen emakumeek Zuberoan? Nola da hiltzen Zuberoan? Zutaz ez dakit deus ere. Bakarrik, zure kantaren bat entzun dut eta horregatik zaitut maitatzen. Jinkoak benedika zaitzala!

Gratxina, Txiki, arrantzaleak, bakea…

Benitok bizitzako gauza askori kantatu dio bere ibilbide luzean. Eta, nola ez, bere geografia sentimentaleko gertukoenei ere bai: Alaba Gratxina, itsasoa eta arrantzaleak, Txiki zena, herriko neskatxa maitea, Oria ibaia, herriko arraunlariak, Orioko balea, bere burua…:

Nigan bada, zuretzat egina, iluna denerako aterbea; zu izango zara bihotzean den suarentzako erretxina/ Azken arnasa eman nahi nuke itsasoari begira/ Urdina itsasoari irailak eman zion, eta itsasoak nerekin kaio bat egin zuen, itsasoa den kaioa/ Nere herriko neskatxa maite ahozko lorez zaitut gaur laztantzen, itsaso garden, lur gozoko landare, kresalaren usain, zeru kolore, zure grazia dut kantatzen/ Gure bazterrak bustitzen dituzun ibaia, aspaldian ustelkeriaz zikindurik zatozena, oraindik ere bizi-nahia eta maitasuna igeri dabiltza zure handitasunean; gaur zure barnetaraino murgildu nahi dut, heriotza menperatzeko duzun sekretuaren bila/ Nere herria, mirotz-leinua, arraun-orru, bihozkadaren oihua, ez zara inoiz bakarrik joango, mirotz-gogoa da zure arnasa izango/ Gertatua jarri det egiaren alde, …, gora oriotarrak esan beldur gabe!/ Formak onak dira haietan galtzen ez zaren artean. Kantari historikotzat omen naukate, agian bitrinen bat dut itxaroten, libra nadila horretatik gutxienez/ Zergatik utzi behar ote diot, zergatik utzi kantatzeari?

Ez utzi, ez, ez utzi kantatzeari, Benito! Eutsi goiari!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide