Herriko musikariak: txarangak, bandak... (I)

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2023ko aza. 26a, 14:00

Orioko txaranga berria iraleko bigarren igandean Kontxako estropadetan izan zen. (Ibon Gaztañazpi)

Azaroko zenbakian, Oroimenaren Kutxa atalean, Iñaki Iturainek erreportaje berezia egin zuen herriko txarangak eta bandak hizpide hartuta. Abenduko Oroimenaren Kutxan gaia jorratzen jarraituko du eta herriko musikariak izango ditu hizpide. Orain lehen zatia irakurgai dago sarean.

Aurtengo Balearen Egunean, euritik plazan babestuta, Getariko musika bandak eguerdia alaitu zien bertaratutako musika zaleei, kontzertu bikaina eskainiz. Emanaldia Benitoren Nire herria, mirotz leinua kantuarekin eta Balearen bertsoak interpretatuz amaitu zuten. Entzule batek hala esan zuen: "Zer pena, Oriok ez izatea holako musika bandarik".

Handik hilabete eta erdira, San Pedro egunean, musika banda ez, baina aurten Orion sortu den txaranga berria plazaratu zen lehenengo aldiz. Hiru hilabete lehenago, martxoan, abiatu zuen udalak proiektua herriko festa eta ekitaldi nagusiak girotuko dituen txaranga sortzeko; eta parte hartzeko gogoz zeudenei animatzeko mezua helarazi zien: txaranga irekita dago herritar guztiei. Sanpedroetan, herriko kaleak alaitu zituzten beren kantuekin; geroztik, arraunlariak banderarekin etxeratu diren bakoitzean, errezibimenduak musikatzeaz arduratu da herriko txaranga, "Aliron, bandera da Orion". Herrian "oso harrera ona" izan duela adierazi du udalak.

Hogei bat lagun elkartu dira orain arte, eta arduradunak gustura daude gazteek erakutsitako inplikazio eta jarrerarekin. 7 urteko Samuel da taldeko gazteena, danborra jotzen du. Martin Perona da zaharrena, 72 urterekin, eta bera da oraingo txaranga duela 47 urte sortu zenarekin lotzen duen katebegia.

Txaranga sortu berriko musikari gazteei ondo etorriko zaie nora doazen jakiteko nondik datozen jakitea. Horretarako, begiratua emango diegu txaranga hari eta haren aurretik izan zen musika bandari.

Oraingo txarangaren aurrekoa

1970eko apirilean musika bandaren zuzendari hasiberria zen Juan Olidenen heriotzak ekarri zuen bandaren bukaera. Irailean, hala ere, arraunlariek Kontxako bandera irabazi zutela eta, elkartu eta jo zuten alirona herriko plazan, azkeneko aldiz. Handik aurrera, 1976 arte, Perona familiako kideek osatutako taldetxo batek hartu zuen estropalarien garaipeneko festak musikatzeko ardura, baina bestelako emanaldirik gabe.

1976an, ahalegin bat izan zen berriro musika banda bat osatzeko. Ez zuen arrakastarik izan: bandarik ez, baina txaranga sortu zen. Bandaren igandeetako plazako dantzaldia utzi eta kalea hartzea erabaki zuten, Orioko plazatik euskal herrietako kaleetara, festak eta ospakizunak musikaz alaitzera.

Txaranga hark bazuen ezaugarri berezi bat: edozein txarangak bezala, instrumentuak jotzen zituzten, baina baita ederki asko kantatu ere; oso ahots onak zeuzkan. Jose Mari Lizaso Auxokalte zuzendari zutela, Gipuzkoako eta inguruko herri askotan ibili ziren, kantuan. "Xubero eta Behe-Nafarra, Lapurdi ta Nafarra, Gipuzkoa eta Bizkaia; zazpigarrena, Araba, gure zoriona; laralala, lala, lala, larala lalala, lara, lara…". Horixe zuten kantu kutuna, nonahi eta beti kantatzen zutena. Iparraldera joateko joera nabarmena erakutsi zuten: Hendaia, Donibane Lohizune, Biarritz, Baiona, Bidarrai, Hazparne… Ezpeletan askotan izan ziren. Peio Dospital euskal errugbilari ezagunena ondo oroitzen da: "Urtero etortzen zen Orioko txaranga, adiskidetu egin ginen oriotarrekin". Lizasok gogoan du, harro, nola ezpeletarrak aurreneko aldietan bandera frantsesarekin kaleratzen ziren, baina handik urte gutxira batere banderarik gabe. 

Txarangak 1983an jo zituen azken notak. Taldekide batzuek, hala ere, Egunsenti otxotea osatu eta abesten segitu zuten.

Txarangaren aurreko musika banda

Txaranga haren aurrekari, musika banda izan zen Orion, 1927tik 1970era. Felipe Arostegi izan zuen zuzendari azken 40 bat urtean. Felipe zenaren alaba Milagrosek aitaren eskuizkribu bat helarazi digu, bandaren historia azaltzen duena, nolabaiteko autobiografia. Karkaran lehen ere plazaratu genuen musika bandaren historia (418. zbk.). Baina Arostegiren idatzi pertsonala testigantza inportantea da, aurreko artikulu hark jaso gabeko xehetasun interesgarriak dakartzalako. Hauek dira Arostegiren hitzak, euskaratu eta laburtuta:

"Orioko musika banda 1927an sortu zen, Joakin Cortes alkate eta Antonio Marin estremeñoa zuzendari zirela. Marinek instrumentu guztiak ezagutzen zituen eta gehienak jo. Tronpeta eta tronboia zituen kutunak. Musika erakusten hasi zen herrian, eta ikasi zutenekin talde bat osatu zuen, musika banda sortzeko: Santi Aramendi, David Suarez, Esteban eta Jose Migel Leunda, Dionisio Larrañaga, Pedro Etxeberria, Juanito Iturain, Jose Mari Arostegi, Jose Orbegozo, Jose Esnal, Modesto Elizalde eta Felipe Arostegi eta ni neu. Ondoko urteetan batzuek utzi eta beste batzuk sartu egin ziren bandan. Berrien artean, Anjel Lekuona, Jose Arostegi, Esteban Elizondo, Manuel Etxaide, Bizente Larrañaga, Santos, Carlos Arribas, Pedro eta Bizente Ikazeta eta Ramon Oliden.

Marinek jokoan ikasi zuen, apustuan, kartetan eta frontoian. Donostiako Urumea frontoira joaten hasi zen, eta zorrak egin zituen artekariekin. Zaletasuna bizio bihurtu eta alde egin behar izan zuen. Musika banda zuzendari gabe geratu zen, solfeoan ondotxo nekiela-eta ni nintzen zuzendari ordea. Ondoreneko urteetan gorabehera asko izan ziren, Donostiatik etorri izan ziren musikari batzuk, zuzendari lanera: Aldasarri, Povedano, Duranguez…

Ni 1930ean soldadu joan nintzen, Marinara. 17 hilabete eman nituen han; musikaria nintzenez, hango bandan sartu ninduten, bigarren tronboia jotzen. Asko eta ondo ikasi nuen, ia egunero genuen-eta kontzertua. 1931n Errepublika ezarri zen Espainian; horrek soldaduska laburtzea ekarri zidan. 1932an, herrira etorrita, banda desegiten ikusi nuen. Eztabaidak eta haserreak izan ziren. Errenteriako txaranga bat etortzen hasi zen, 12 bat lagunekin. Urtebete inguru pasatu zen bandarik gabe.

Felipe Arostegi, zuzendari

Batzuek berriro hastea erabaki genuen. Ni izendatu ninduten zuzendari. Erzilla alkatearengana jo genuen. Ez zuen aldeko jarrera erakutsi, baina onartu zigun aurrera egitea, baldintzak jarrita: musikari bakoitzari bost pezeta emanaldiko, 15 musikari gehienez, eta instrumentuen konponketak gure kontu. Guk onartuta, entseguetan hasi ginen, Berganteneko lokalean. Udalak alokatuta zuen lokala, baskula bat zegoen bertan txerriak pisatzeko. Entsaio asko kaiolan txerria zegoela egin genituen, zikin-usainarekin. Hala ere, aurrera egin genuen, musikari berriak sartu eta, 1934an, igande arratsaldean plazan jotzen hasi ginen.

1935eko Bazko egunean eman genuen lehen kontzertua plazan, nik zuzenduta; Katiuska 1. eta 2. fantasia pasodoblea jo genuen. Herritarren txalo-zaparrada handia jaso genuen. Ondoren banketea izan genuen, eta postrean pergamino bat oparitu zidaten, eta zilarrez grabatutako batuta. Arratsaldean, herritarrentzako dantzaldia jo genuen.

Handik aurrera dena goraka joan zen. Entseguetarako beste soto bat eskuratu genuen, San Roman, Txolarra eta Jose Ramon Azkuerena zena. Astelehen eta larunbata ez beste egun guztietan entseatzen genuen; pieza berriak ikasi genituen. Egun batean zarzuela konpainia bat etorri zen Donostiako Principe antzokira. Katiuska jo behar zuten, entseguan aipatu nien bandakoei eta denak prest joateko, bi autotan joan ginen 15 lagun, denak pilatuta. Palkora joan ginen, ez oso apain nonbait, denak begira genituen-eta. Zoragarria izan zen.

Felipe eta Modestoren ezkontzak

1936ko urtarrilaren 4an ezkondu nintzen; bandako Modesto ere egun berean. Haiek Aian, baina bazkaria denok batera egin genuen eta eztei-bidaia ere bai. Orduan Ignacio Aiestaranen sotoan entseatzen genuen; han ere ospatu genituen bi bodak, barrikotearekin. Uztailaren 18an gerra etorri zen. Guk, hala ere, igandero jotzen segitu genuen, harik eta gutako batzuk soldaduskara deitu gintuzten arte. Banda bertan behera gelditu zen. Garai zailak izan ziren, herriko bi zubiak lehertu zituzten, errioaren gainekoa eta Altxerrikoa, trenbidearena. Bandako denok joan behar izan genuen gerrara.

Gerra bukatuta, berriro jotzen

1937tik 1940 arte, Orion ez zen bandarik izan, anaiak anaien kontra elkar hiltzen. Tristea izan zen. Gerra bukatuta, mutil gehienak pixkana etxera itzultzen hasi ziren: irabazleen aldekoak, beren kuarteletatik; Anjel Lekuona, preso egondako kontzentrazio-eremutik. Baina denak ez ziren etxeratu: Ramon Oliden, bonboa jotzen zuena, hil egin zen frontean; gure anaia Jose Mari, berriz, Frantzian geratu zen.

Joakin Cortesen ekimenez, 1941ean berriro elkartu ginen. Musikari gazte berriak batu ziren. 1945ean, 21 kide zituen musika bandak. Hasiera-hasierakoak, hauek: Modesto Elizalde, saxo altua; Avelino Quintana eta Ignazio Leunda, klarinetea; Jose Arostegi anaia, baxua; Bizente Larrañaga, kaxa; eta Manuel Etxaide, txindata. Berriak, hauek: Anjel Lekuona, bonbardinoa; Antonio Elizalde eta Juan Jose Zubizarreta, fiskornoa; Juan Oliden, tronpeta; Benjamin Sagarna, klarinetea; Carlos Perona, rekintoa; Eladio Zubizarreta, saxoa; Lorenzo San Sebastian, tronpeta; Luis Genova, Lino Urdangarin eta Ignazio Genoba (tronboia); Remigio Lertxundi eta Laureano G. Txabarri, klarinetea; eta Rafael G. Txabarri, baxua.

1950ean, astean hiru saio egiten genituen. Musika akademia tokiz aldatu genuen: gerra aurrean Jesusa Txokolaterena zen etxera joan ginen, gerra bukatuta Donostiako batek erosita Falangeari utzi zionera. Tomas Agirrek administratzen zuen eta hari ordaintzen genion erreziboa. Garai hartan talde polita genuen. Igandero eta festetan jotzen genuen: Bazko igandean, San Pedro egunean, eta Santa Xexilian bi egunez.

Etxe hura, gero, Nemesio Ondozabalek erosi zuen. Zinea ematen hasi ginen igandeetan. Zine mutua. Bandako kide batzuk, Modesto, Abelino, Jose lehengusua, ni… lokala egokitzen hasi ginen, tabike bat botata. Aretoa handitu eta bankuak jarri genituen, haurrek non eseri izateko. Inocencio Elgorriagak ematen zizkien pelikulak haurrei, guk plazan musika jotzen genuen bitartean. 1953an, Ondozabalek proposatu zigun beheko lokaletik lehen solairura igotzeko, berak behean garajea jartzeko. Goiko lokalaren ondoan. Falangearena zegoen, ordurako abandonatuta. Han, herriko jendearen fitxak topatu genituen, argazki eta guzti, Francoren Movimientoarekiko zuen jarrera eta ekintzak azaltzen zituztenak. Kontu barregarriak.

Horrela segitu genuen, 1970ean gure ibilbidea bukatu genuen arte".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide