Musikak jantzi zuen Oteizaren eguna

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2023ko urr. 23a, 14:00

Jorge Oteiza zenaren jaiotzaren 115 urteurrena izan zen larunbatean, eta artistaren oroimenez Nafarroako Eguesetik ekarritako buruhandi eta erraldoiak ibili ziren kaleetan barrena; tartean Jorge Oteizaren erraldoia. Festa, ordea, musikak borobildu zuen. Herrira etorri ziren Iruñeatik iritsitako txaranga bat, eta Arrain zopa, Zarauzko musika taldea. Horren harira, Iñaki Iturainek kronika bidali du Karkarara.

Larunbatean, urriak 21, Jorge Oteiza zenaren jaiotzaren 115 urteurrena izan zen. Udalak,
artistaren oroimenez, festa antolatu zuen kalean: Nafarroako Eguesetik ekarritako buruhandi
eta erraldoiak ibili ziren herriko kaleetan arratsaldean, gaiteroekin batera. Baina festa egun
osoan izan zen, bete-betea: eguerdian ere musikak hartu zuen herria. Batetik, Iruñatik
etorritako txaranga, hango Aldapa elkartearena. Urte asko dira Iruñeako eta Orioko Aldapa
elkarteek, izen bera duten bi soziedadeek, egun-pasa antolatzen dutela Orion: eguerdian
kalejira musikala eta gero, elkarrekin bazkaldu zuten Aldapa elkartean. Aurten, Nafarroako txaranga
Oriora etortzea Oteizaren ospakizunarekin egokitu da.


Zer da-eta, kaleko festa borobiltzeko, Zarauzko musika talde bat ere ibili genuen larunbat
eguerdian Orioko kaleetan, Arrai zopa izen xelebrea duena. Taldekide gehienak zarauztarrak
dira, besteak beste Manolo Urbieta zenaren seme Joxean eta Manu; baina badira oriotarrak
ere haien artean: bat, Jose Luis Barrenetxea kantuzale amorratua. Aspaldi samarretik omen
zebilen taldean “Noiz joan behar dugu Oriora, kantu-kalejira han egitera?”. Larunbatean izan
zuen erantzuna Barrene-ren eskaerak. Egun egokia aukeratu zuten: azken bizi-urteak Zarautzen
eman zituen artista oriotarraren urtebetetze-eguna. Abeslarien abots ederrez gain, txistua,
eskusoinua, atabala, klarinetea eta gitarraz osatutako taldeak egokitu egin zuen errepertORIOa
egunerako. Propio prestatu zuten Orioko kalejirarako. Oskarbi taldeak Oteizari eskaini zion
Androkanto abesti zoragarria, gogotik eta ederki kantatu zuten elizpeko Oteizaren Pietatearen
aurrean eta, gero berriz, herriko plazan: “… hamalau harri isil bilutsik, hariaren hutsetik oihuka,
harriaren tartetik kantari, …, arima behin galduta nor gera euskaldunak?”. Oteizarenaz gain,
Benitorenak ere kantatu zituzten: Egunsentia, Loretxoa, Itsasoari begira, Zenbat gera? eta
Zergatik utzi?; eta borobiltzeko, Orioko beste zenbait herri kantu: Goiko Kaleko Maddalen,
Zazpi laguntxo gera, eta Bertso txiki bat bota nahi nuke, beste zenbait euskal kantu ederren
artean.


Zarauztarrek anaitasun- eta ahizpatasun-keinu ederra egin zioten Oriori, oriotarrei, herriko
kaleetan; entzule egokitu ziren batzuentzat, hunkigarria. Saria ere izan zuten musikariek: lagun
arteko bazkaria, herriko soziedaderik zaharrenean, Arkaizpen; gainera, kalejiraren aurretik,
abotsa indartzeko, hamaiketakoa ere izan zuten, San Juan Elizpe elkartean. Zarauztarrek
lehenengo bisita zuten larunbatekoa; ez ahal da azkena izango! Ongi etorriak izango dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide