Esperantza Getarikoa da, hango arraun taldea, eta traineruaren izena. Eta horixe izan dute azken urteotan Getariko arraunlari eta arraun-zaleek: esperantza, itxaropena. Jakin dute itxaroten, lanean: taldea osatzen eta pixkana hobetzen, aurrera begira.
Getariatik Oriora etorrita, eta arraunarekin segituz, horixe sumatzen da gurean ere: esperantza. Badaude arrazoiak horretarako. 2023ko udan, hori koloreko bi kuadrilla izan dira traineru liga nagusietan: bana nesketan eta mutiletan. Biek jokatu zuten Kontxako bigarren igandean, ohorezko txandan. Mutiletan, bigarren talde bat ere ibili da lehian, hirugarren mailan, oso mutil gazteek osatua, eta bat ez beste estropada guztietan nagusitu dira. Adin maila txikietan, neska-mutil gaztetxo asko dabil arraunean. Eta Arraunetxe daukagu herrian: Kantauri guztiko arraun zentrorik onena.
BATZUEK, TRADIZIOAREN IZENEAN, ALDAKETAK EGITEARI TRAIZIO DEITZEN DIOTE
Iragana ere alde dugu. Garaipen urte guztiak aipatzeko leku faltan, eta 2023an gaudenez, 3 zenbakiarekin bukatzen diren XX. mendeko urteak gogoratuko ditugu, onak izan baitziren Oriorentzat Kontxan: 1903 eta 1913an ez zen estropadarik izan; 1923an (Uranga, patroi), bandera; 1933an (Mitxelena), bandera; 1943an (Mitxelena), bi estropadetakoa batuz, denbora onena baina banderarik ez (horrek ekarri zuen hurrengo urtean araua aldatu eta lehen txandakoek ere bandera irabazi ahal izatea); 1953an (Sarasua), bandera; 1963 (Gorriya), bigarren; 1973an (Altxerri), bigarren; 1983an (Altxerri), bandera; eta 1993an (Txiki-Korta), hirugarren.
Epe laburreko etorkizun eder batekin amesteko osagai asko ditugu esku artean. Eta inportanteena: tradizioa, eta horri lotutako eskarmentua eta jakituria, oso aberatsa gainera.
Zer da tradizioa?
Latinezko jatorrizko hitzaren etimologiari dagokionez, tradizioa ekartzea da, tradere, iraganetik orainera ekartzea, aspaldikoa urtero berrituz. Zer ekarri, baina? Ba, gure arbasoak, haien antzinako historia eta istorioak, arraunean utzitako ubera. Tradizioak haiekin lotzen gaitu. Orion arraunak du tradizioa, beste kirol edo jardun gehienek ez bezala. Eta horrek, ia mende eta erdiko etorbide luze horrek, eman dio herriari daukan nortasuna, bere izaera berezia. Eta horrek emozioak askatzen ditu, zirrara, barrena ukitzen digu.
Baina tradizioa arriskutsua izan daiteke. Nola erabiltzen den! Batzuek, tradizioaren izenean eta aitzakian, aldaketak egiteari traizio deitzen diote. Eta edozein berrikuntzari atea itxi. Hori gertatu da herri batzuetan: matxismoaren eta atzerakoikeriaren alarde itsusia, festan emakumeei parte hartzeko eskubidea ukatuz. Bide batez, gezur galanta esanez, aldaketak beti gertatu baitira jarduera guztietan, eguneroko bizitza bera aldaketa baita. Eta alardeetan bezala, arraunean ere aldaketa handiak izan dira, urteen joanean. Orain 100 urte, 1923an, Antonio Maria Uranga patroi zela Oriok bere seigarren bandera irabazi zuenetik, berrikuntza asko izan dira Donostiako estropadetan.
1923tik 2023ra arteko aldaketak
Donostiako estropadetan, orduan, arraunlari guztiak arrantzaleak ziren, eta taldearen herrikoak. Ontziak eta arraunak denak egurrezkoak, oso astunak (oriotarren San Nikolasek 370 kilo zituen). Entrenatu udan bakarrik egiten zuten; hori bai, lana bera urte guztiko entrenamendu zuten. Elikatzeko modua arras bestelakoa zen: herritarrek dirua bilduta, mutilek egunero txuleta handi bana jaten zuten, eta sagardoa edo baxoerdia edan, ura txarra baitzen, ez zuen indarrik ematen.
Taldeen kolorea zozketatu egiten zen. Oriok 1901ean txuriz irabazi zuen Kontxako bere aurreneko bandera; 1909an, berdez; 1910ean, urdinez, 1916an, morez; 1919 eta 1923an, horiz; 1925ean, txuriz; 1933an, morez; 1934an, horiz; eta 1939an, berdez, hamargarrena. Horiek izan ziren Orioren koloreak, 1940an talde bakoitzari kolore bat egokitu zitzaion arte.
Bi estropadak, urte batzuetan, segidako bi egunetan jokatu zituzten. Bigarrena, bi ontzik bakarrik, finalera sailkatutako biek. Haiek bakarrik zuten bandera irabazteko aukera; eta aukera berdintasunaren izenean, ontziak trukatu egiten zituzten, bakoitzak bestearen traineruan jokatzen zuen, eta denborak batu.
Jakina, orduan ez zegoen gaur egun egungo teknologiarik, ez GPS, ez telebista, ez irratirik. Aurrerapen handiak izan dira. Galera nabarmenak ere bai: Orain dela gutxi arte, estropadaren aurretik ahozko apustuak izaten ziren Portaletan (Oriok bandera baietz!); estropadaren ondoren, herriko bertsolariak bertso-sorta osoa jartzen zion estropadari, herritarrek ikasi egiten zuten eta haiek kantatuz gauzatzen zen arraunarekiko grinaren transmisioa. Orain bai Portaletako ahozko apustuak, bai estropaden bertso-paperak iragana dira.
Nahiz eta komunikabide ofizial guztiak erdara hutsean aritu, arraunlariak eta jarraitzaileak euskaraz aritzen ziren; arrauneko Ciaboga aldizkariak euskaraz egin zion Manuel Olaizola patroi oriotarrari elkarrizketa, zergatik eta Manuel erdaraz moldatzen ez zelako, edo bere hizkuntzan nahi zuelako. Orain, berriz, telebistak eta irratiak estropada euskaraz ematen digu, baina aldi berean, arraunlarien artean Acaba! eta Sigue! asko entzuten dugu, Kontxako bi puntetan dagoen Oteizaren Eraikuntza hutsa izeneko eskultura bera ere aspertzeko adina, etxea (h)uz(s)ten ari delako.
Berrikuntza handienak
Behin, oso aspaldi, estropadaren ondoren, Donostiako Alde Zaharreko jatetxe batean, bi arraunlari-kuadrilla bazkaltzen ari ziren. Batzuk, aupa eta bibaka; besteak, marmarrean, haserre eta elkarri errietan. Zerbitzatzen zebilen neskak, giroa antzemanda, galdetu zien pozik zeudenei: "Zer, zuek estropada irabazi egin al duzue?" eta haiek "Bai zera, guk seigarren egin dugu!", eta orduan neskak: "Hortaz, horiek azkenak izan al dira?" eta: "Bai zera, horiek bigarren, baina oriotarrak dira!" Ordutik hona gauzak aldatu dira pixka bat: ikasten ari gara ez irabaztea ez dela galtzea, aurrena ez iritsita ere irabaz daitekeela, banderarik ez bada ere.
Aurten, bai estropadaren aurretik bai ondoren, sekulako jai-giroa erakutsi zuten Orioko jarraitzaile gazte pilak, herriko txarangarekin, beren kantu eta hori koloreko ke-poteekin, beren Aupa Orio! eta saltoekin. Jon Lizarralde arraunlariak "Dena eman dugu, eta dena eman duen bati ezin zaio ezer aurpegiratu" adierazi zuen, nolabaiteko konformidadea erakutsiz.
Txaranga aurten plazaratu da herrian, udako aliron guztietan arratsa alaitu die plaza aldera azaldu diren herritarrei. Aspaldiko estropalariei egiten zitzaizkien ongietorri jendetsuetako argazki zaharretan ikusten den musika-banda gogorarazten digu. Kontxako bigarren igandean han izan genituen, txapela horia buruan, jendeari goiza alaitzen Donostiako portuan. Oriotarrek aurten Donostiako uretan ez zuten irabazi, baina lehorrean, alde handiz.
Azken urteotan izan da garrantzi handiko beste berrikuntza bat arraun-giroan. Gaur egun, adin guztietako jendeak du aukera herrian bertan arraun egiteko, baita jubilatuek ere, bai lehiatik kanpo, plazer hutsez, aisialdi moduan: Oria bizi taldearen bidez; bai lehian ere, estropadetan: Orioko Badok 13 neska-mutil beteranoen taldean. Eta udalaren eta arraun elkartearen artean ari dira, pixkana, Arraunetxek herriari eskaintzen dizkion aukerak baliatzen.
Nadeth Agirreren aroa
XXI. mendeko aldaketarik handiena, hala ere, nesken arrauna izan da. Garai batean, emakumea figura dekoratibo hutsa zen arraunean: amandrea, ospakizunetarako; bakoitzak etxean arraunlaria zaintzen egiten zuenaz gain. Alarde batzuetan ez bezala, zorionez, arraunaren munduan ateak zabalik ditu emakumeak: XXI. mendeak nesken traineru-estropadak ekarri dizkigu. Ez da erabili tradizioaren aitzakia ateak ixteko.
Nadeth Agirre Orioko traineruko patroiak hamazazpi urte eman ditu arraun-taldean, eta hamalau, traineruko patroi, jo ta ke lanean. Bidean 65 bandera eta beste 22 garaipen ekarri ditu Oriorentzat, inork baino gehiago. Erraz esaten da! Aurten agur esan dio arraunari, eta patroi oriotar handien zerrendan sartu da, Orioko arraunaren historian.
Orain dela 100 urte, 1923an, Antonio Maria Urangari egin zioten bertsoa orain Nadeth Agirreri egokitu diogu:
Ziatzaile ederra da,
Agirre gurea
neskak bideratzeko,
non dago hobea?
gorputzez egokia,
begia ernea
aisa igarotzen da,
zurekin bidea
bejoindeizula,
Nadeth, Orio-ko-lorea!
Etorkizunari begira
Laster arraun klubaren zuzendaritzan berrikuntzak etorriko dira. Ez da lan erraza bide horretan abiatzen direnena. Ez da beti samurra. Ausardia behar izaten da, eta ilusioa. Handia.
Orain arte bide luzea urratu du Oriok arraunean, erriotik itsasora eta itsasotik erriora ubera luzea utziz. Historia harrigarri aberatsa osatu dute horretan aritu direnek. Urteen joanean, denetik izan da, onetik eta txarretik: garaipenak eta porrotak, batasunak eta zatiketak… Baina herri honek arraunari eman diona eta arraunak herriari emandakoa, biak, izugarri handiak eta onak dira. Eta hori elikatzen segitu behar dugu.
Beraz, tradizioari eutsiz, berrikuntzei ateak zabalduta eta esperantza elikatuz, iragana gogoan dugula etorkizunari baikortasunez begiratuko diogu.