Oroimenaren Kutxa

Orion oro hori?

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2023ko uzt. 30a, 13:45

Orioko haurrak gora begira Kontxako Bandera irabazteagatik emakumeen taldeari egin zitzaion ongi-etorrian. (Karkara)

Iñaki Iturainek uztaileko aldizkariko Oroimenaren Kutxa atalean Orio eta hori kolorearen arteko loturan idatzi zuen artikulua. Orain irakurgai dago sarean.

Frantziako Tourrak hori kolorez margotu dizkigu bazterrak. Martxoaren 22an, udaberria hasi berri, Donostia, Gasteiz eta Bilbo horiz jantzi ziren. Donostian, iluntasunak hiria hartu zuenean, udaletxea, Tabakalera eta Kursaal horiz argiztatu zituzten. Orduan 100 egun falta ziren Bilbotik abiatzeko; eta Tour-ak kolore horia du: maillot jaune. Horixe ospatu nahi izan zuten egun hartan. Lasterketaren zuzendari frantsesak zioen ziklismo-zale euskaldunek irabaziko dutela Tour-arekiko zaletasunaren maillot horia mundu mailan. Ondo daki zer den marketina.

Naturan oinarrizko hamaika kolore omen daude: beltz, urdin, marroi, gris, berde, laranja, arrosa, purpura, gorri, zuri eta horia. Euskaldunontzat bost besterik ez dira: Beltz, urdin, gorri, zuri eta horia; gainerakoak mailegatuak omen dira. Martxelo Otamendik hauxe idatzi zuen Berria-n (2023-02-12an): "Astero uraren kolorea aldatzen zitzaion erreka daukan herri batekoa naiz. Bagenekien une oro zer koloretako papera ari ziren lantzen hango paper-lantegietan: gorria, urdina, berdea…". Martxelo tolosarra da, eta Oria ibaia Europako ibairik zikinena zen orduan. Telebista zuri-beltza zen garaian, teknikolorreko errioa genuen, Tolosa aldean uretara botatako paper-pastaren kolorekoa.

"Kale gorrian bizi da". "Oso tipo zuria da". "Beltz lan egin dute". "Urdindu zaio ilea". "Itsaso berdea dugu gaur". "Marroi ederrean sartu gaitu"…. Esaldi horiek guztiek esanahi jakin bat daukate, euskarak koloreari emana. Eta horia, zer? Ba al du esanahirik?

Kolore hori guztiak ez dira berdinak. Badira ñabardurak, baita izenak ere desberdintasun horiek markatzeko: horaila, horixka, horikara, beilegia, beilexka, larua… Bakoitzak eman nahi dion indarraren edo leuntasunaren arabera izendatzeko.

Hori kolorearen esanahiak

Hori kolorea, denboren hasieratik, eguzkiarekin lotu du gizakiak, argiarekin, eta urrearekin eta boterearekin. Gerora, garaipenarekin ere bai. Joko Olinpikoetan urrea ematen zaio irabazleari. Frantziako Tour-rean, Indurainek maillot horia janzten zuen, liderra zenean. Munduko futbol txapelketan Brasilgo selekzioa da titulu gehien irabazi duena, lau aldiz, soinean kamiseta horia zutela.

Baina, era berean, sineskerien arabera, zori txarrekoak dira 13a, zenbakietan; eta horia, koloreetan. Antzerkiko jendearen artean zabalduta dago horiz janzteak zori txarra dakarrela. Zergatik ote? Zera omen da arrazoia, Molière idazle frantsesa Parisko antzoki batean Le malade imaginaire izeneko bere obra antzezten ari zela, hantxe bertan hil zela 1673an, horiz jantzita.

Sindikalismoan ere ez du fama onik horiak: klase borrokari amore emanda, etsitzen duenaren ikurra da; prentsa horia, berriz, gezurretan aritzen dena. Gainera, kolore horiak erleak eta liztorrak erakartzen omen ditu. Denetarako dago.

Aurten (2023-01-12) Euskadi Irratiko saio batean kolore jakin batekin lotu zituzten zenbait herri. Bergara, mahonezko galtzen urdinarekin; Ezpeleta, hango piperren gorriarekin… Orioko kasuan, nola ez, horia aipatu zuten. Hainbat kontu atera ziren egun hartan Orio eta kolore horia lotzen dituztenak.

Orio eta horia

Aurtengo martxoaren 16an Uemako ordezkari bat herriko ikastolan izan zen LH2ko ikasleekin udalerri euskaldunez hitz egiten. Ariketa bat egin zuten: galdetu zien ea zer kolorerekin lotzen zuten euskara. Oihuka, denek batera erantzun zioten, "Horiarekin!". Uemako kidea gustura joan zen. Haurrek izena aldatu ere egin diote koloreari: galdetuta ea zer koloreko arropa nahi duten, "Aupa Orio!" erantzuten dute askok.

Herri gutxi izango dira Euskal Herri osoan kolore bati Orio horiari bezain lotuak, bat baldin badago! Baina historian berri samarra da Orio kolore horrekin identifikatzea. Orioren horiaren historia 1940an hasi zen, Donostiako traineru estropadei lotuta, jakina. Ordura arte, zozkatu egiten zen arraunlarien atorraren kolorea. Orio askorekin lehiatu izan da. Aurreneko bandera, 1901ekoa, zuriz jantzita irabazi zuten Manuel Olaizolaren mutilek. Geroztik, berdez, urdinez eta morez jantzita ere bai, beti horiz janzten hasi baino lehen.

1940an, erabaki zuten talde bakoitza kolore jakin baten jabe izatea. Oriok bazituen bi arrazoi, gutxienez, horiaren aldeko aukera egiteko: batetik, ordura arte bost aldiz jokatu zuten estropada horiz jantzita, eta hirutan bandera eskuratu. Bestetik, jatorria. Herriaren izena ibaiarenari lotuta dago: Orio Oriari; eta Oria horiari. Horixe erabaki zuten.

Nafarroako erdialdean, sanjoanetatik sanferminetara, soro ia oro horitu egiten da berdetik. Han bezala, Orion ere, sanpedroetatik aurrera, traineru estropaden garaia iritsita, horitu egiten da herria. Arraunlariek bandera irabazi eta herriak harrera egiten dienean, herriko plaza bihurtzen da hori-horia; bereziki, Kontxakoan. Azkenekoz, iaz, neskek irabazita.

Orio oro hori, horixe da Orioko herriaren historia jasotzen duen Antxon Agirre Sorondo historialari zenaren liburuaren izena. Baina oro ez da hori Orion ere. Oriotar asko izan dira 1940tik hona, bestelako kolorea hartu dutenak arraunerako: Lasarteren hori-urdina, Zumaiaren gorria, Kaikuren berde iluna, Castroren gorria, Hondarribiaren berde argia… Orioren kolore horia jantzi dutenen artean ere badira beste kolore batzuetatik etorritakoak, batez ere azken urteotan.

Gaur egun, Orioko beste kirol talde batzuek ere (futbol, sofbol, eskubaloi, saskibaloian…) kolore horia darabilte jantzian.

Estropada urte horiak

1968ko abuztuaren 25ean, Orion arraun olinpikoko nazioarteko estropadaren lehen urtean, Patxi Alkorta donostiar Orio-zaleak horiz jantzi zituen herriko kaleak. Ehunka globo hori puztu eta herritarrei banatu zizkien, arraun festari kolorea emateko. Egun hartan, zortzikoan Oriok Oxfordi estropada irabazita, arratsean, plazan sekulako festa izan zen: herriko gazteak The Beatles taldearen The Yellow Submarine kantari ibili ziren, saltoka: "Submarino amarillo es, amarillo es". Hurrengo urterako norbaitek egin zuen kantuaren euskaratze lana: "Submarino hori-horia, hori-horia".

2001ean 100 urte bete ziren azken balearen harrapaketatik, eta Orioren Kontxako lehen banderatik. Egun hartan bere 30.a irabaztekoak ziren horiak; lehenengo igandean aisa nagusitu ziren, bigarrenari 10 segundo kenduta. Udalak 5.000 puxika edo globo hori zituen prestatuta udaletxean (bat, herritar bakoitzeko), arraunlariek balkoian bandera astintzearekin batera globoak askatzeko. Dena prest sekulako festarik handiena eta horiena ospatzeko; dena, salbu eta bandera irabaztea. Ez zen hala izan, Orioko arraun-zaleek inoiz izan duten frustraziorik handiena gertatu zen; hala ere, globo horiak erori ziren plazara zerutik, eta herritar askoren malko isuriak bat egin zuen globoen horiarekin. Seguru asko, garaipen horietan baino gehiago ikasi genuen egun txar hartan. Mutilek Kontxan irabazitako azken urtean, 2017an, Kike Amonarrizek txantxa egin zuen sare sozialetan, Orioko plaza dena horiz jantzitako jendez beteta ageri zen argazki bat erakutsiz, dena hori-hori. Orduantxe ari ziren katalanak bete-betean, independentziaren bidean, haiek ere soina horiz jantzita. Kikek, umorez, Espainiako (h)agintarien infartu-arriskua aipatu zuen.

Oriotarrentzat kolore horia ikurra da, sinboloa, momentu batzuetan hunkigarri eta magikoa, sortzen dituen emozioengatik. Horren adibide asko ditugu. Aitona Moxo arraun-zale eta jarraitzaile sutsu eta baikorra zen. Estropadalariak herriratzen ziren bakoitzean, han egongo zen, buruan txapela eta ezpainetan lorea, biak horiak, zain, arraunlariak noiz etorriko, bandera ukitu, mutilak estutu eta Aupa Orio! esateko. Hunkitu egiten zen eta hunkitu egiten gintuen.

Ortzadarraren koloreak

Baina kolore horia bera bakarrik baino ederragoa da zeruko ortzadar koloretsu anitza, osoa delako, kolore guztiak hartzen dituelako batera, osotasuna erakutsiz. Osasuna dakarkigu. Naturan bezala, kulturan ere kolore guztiak komeni dira, endogamia erabatekorik gabe. Zourdin futbolari oriotarra iraindu egin zuten estadioan bere taldearen jarraitzaile batzuek. Beltza delako. Kolore bakarreko arrazistek gorrotoa erakutsi zioten, nori eta Zourdini, Senegaldik berdea, horia eta gorria, Oriotik horia, azal beltza eta izenean bertan urdina duenari, ortzadarretik gertu dagoen mutilari. Arrazista horiek Antonio Machin kantari kubatarraren boleroa entzun behar lukete: "Pintor, si pintas con amor, por qué desprecias tu color, si sabes que en el cielo también los quiere Dios?".

KARKARAk martxoan Aia eta Orioko etxeetan banatu zuen Dekorazioa 2023 koadernotxoan, etxeko paretetako koloreen eraginen gaineko artikulua zekarren. Hori koloreari dagokionez, hauxe zioen: "Kolore argitsua da, freskoa, zoriona ekartzen du gogora". Baina hau ere bazioen: "Etxean hori sendo edo bizi bat margotzekotan, horma bakarra margotu, hori kolore gehiegi izateak ezinegona eta frustrazioa eragin baitezake". 

Jose Ignazio Ansorena txistulariak esana da: "Jatorriari maitasuna izatea naturala da; txertoak bezala, neurri egokian antigorputzak sortzen ditu, sendatu egiten gaitu; baina neurri gehiegizkoan, hil". Sendatzen duen botika eta hiltzen duen pozoia bereizten dituena dosia da. Eguzkiak, neurriz gain, erre egiten du; gehiegizko argiak, urreak bezala, itsutu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide