Gerra ondoko lehen udal hauteskundeen ondoren (1979an) Orion osatu zen udal berriak erabaki zuen frankismoak herriko kaleei jarritako izenak kendu eta beste batzuk ematea: Herriko Plaza, Kaia, Antxiola, Eusko Gudari, Estropalari, Kale Nagusia, Abeslari eta Txistulari.
"Garai batean esaten zen udalen duintasuna neurtzen zela haietako bakoitzaren txistulari taldearen arabera. Nolako txistulari taldea, halako udala". Horixe dio Aritz Gorrotxategiren Hiru Txulo, Donostia eta txistua liburuak. Eta, jakina, nolako udala, halako kale-izenak! Orioko kasuan, ikusten da 1979ko udalarentzat bazela nor txistularia.
Bi adibideok garbi adierazten dute garai batean euskal herrietan txistulariak bazuela garrantzia. Nola ez, ba! Ez mp3, ez CD, ez kasete, ez diskorik ez zen gizartean, herritarrek disfrutatu zezaketen musika bakarra zuzenekoa zen, eta orduan jendeak kantatu egiten zuen, gogotik, nahi zuenean. "Debalde festa preparatzen det, gogoa dedan orduan", zioen Xenpelarrek.
Igandeetan eta herriko festetan, goizean, txistularien esna-deia (diana) eta elizako organoa, mezetan; eta arratsaldean, plazan, musika banda eta herriko txistulariak. Horiexek ziren herritarren aukerak musikarako. Gainerakoan, lana eta lana. Orduan toki inportantea zuten herrian txistulariek. Eta udal langileak ziren.
'Músicos juglares'
1936an, Orioko udal berria eratu zutenean, udal langileak lanik gabe utzi eta 24 orduko epea eman zitzaien lana berriro eskatzeko. Eskatu zutenen kasuan, banan-banan erabaki zen lana eman edo kale gorrian uztea.
Udalak, orduan, langile hauek zituen: administratzailea, diruzaina, zerga-biltzailea, medikua, botikaria, praktikantea, albaitaria, aguazila, serenoa, eta hiru txistulari. Txistulariak, izen bitxi honekin: Músicos Juglares. Juglareek lanean segitu zuten. Hauek ziren: Mariano Gonzalez de Txabarri, Dionisio Larrañaga eta Ignazio Leunda Potxolo.
Igande eta jaiegunetan Orioko plazan musika bandaren kontzertua izaten zen, seietatik bederatzi t´erdietara, 1970era arte. Jende asko etortzen zen Aia, Zarautz, Aginaga, Usurbil eta Lasartetik, bandaren doinuen erritmoan balsean egitera. Ordu erdiko atsedena izaten zuten eta, tarte horretan, txistulariek jotzen zuten.
Eusebio eta Martzelino Basurko anaiak
Baina Orion txisturako joera txistulari haiena baino askoz lehenagokoa zen. Iazko abenduaren 27an kontzertu bikaina eman ziguten Orioko elizan Jose Ignazio Ansorena txistulariak eta Joserra Senperena piano-joleak. Txistuaren eta danbolinaren historia azaldu zigun Piter Ansorenak. Orion ari zenez, bertako txistulari baten berri eman zigun: Eusebio Basurko Zabaletarena. Han ginenotako inork ez genekien ezer harenik.
Geroztik idatziz azaldu digu Piterrek Eusebio eta Martzelino Basurko anaia musikarien historia. Eusebio aspaldikoa da: 1856-1921. Orion bizi zirela jaio zen Mutrikun, ama erditzera hara joanda. Berehala Oriora itzuli eta, lehen urteak hemen emanda, haurra zela, familia Donostiara aldatu zen; baina oso lotuta egon zen beti Oriori. Donostian Raimundo Sarriegiren lagun mina izan zen, Donostiako danborradako doinuen sortzailearena. Adiskidetasun horren froga garbia da Eusebiok Raimundo izena eman ziola seme bati, eta Sarriegi izan zela haur jaioberriaren bataioko aitajauna. Sarriegik, esker onez, hainbat kantu sortu zituen txistularien bandarentzat, Basurko aita-semeei eskainita.
Eusebiok txistua jotzeko aparteko dohaina zuen. Donostiako txistulari bandaren zuzendari izan zen urte askoan. Konpositorea ere bai: sei hilabetean behin udalean txisturako lan bilduma aurkezten zuen. Ospe handia izan zuen.
Bi anaiak oso maila handiko musikari izan ziren; txistuaz gain, beste instrumentu batzuk ere jotzen zituzten biek: pianoa, flageolet-a…
Martzelinok Parisko kontserbatorioan ikasi zuen eta, askorentzat, garai hartako Europako flauta-jolerik onena zen. Europa osoa ibili zuen kontzertuak ematen, eta Opera Pariseko orkestrako eta Madrilgo Teatro Realeko flauta-jole solista izan zen.
Alejandro eta Felipe Lizaso anaiak
Basurko anaien nolabaiteko jarraitzaile izan ziren Alejandro eta Felipe Lizaso Eizmendi anai oriotarrak. Lehen ere eman genuen haien berri KARKARAn (343. zenbakia). Txistulari ezagunak izan ziren biak. Alejandro 1936ko apirilaren 5ean hil zen, 26 urterekin, gerrako frontean, tiro batek buruan jota, etsaiei esku-granadak jaurtitzen ari zela. Gudarien kapitaina zen. Hantxe lurperatu zuten, Legutioko lurretan.
Txistulari handia izan zen. Gerra hasieran, Euskal Gobernuak aukera eman zion Europan zehar batetik bestera txistua joz ibiltzeko, Euskadiren alde. "Nire lekua frontean dago", erantzun zion.
Gerra aurretik Errenteriako udal txistulari taldean lehen txistulariaren plaza eskuratu zuen, lehiaketan. Ikasleekin banda bat osatuta, Bilboko lehen saria eskuratu zuten, lehiakide Gasteiz, Tolosa eta Bermeoko bandak zituztela. Mexiko hiriko Eusko Etxeak deituta, jira bat egin zuen Mexikon. Sortzaile ere bazen, eta zenbait melodia asmatu zuen; ezagunena, Eusko Gudariak kantuaren doinua.
Gerraosteko txistulariak
Baina txistularien ofizioan ere dena ez zen atsegina. 1936ko gerran, faxistak sartu berritan, oso ekimen krudela erabili zuten, eskarmentua emateko: herriko hiru emakume kalez kale ibilarazi zituzten herritarren aurrean, ilea arras moztuta. Haien aurretik txistulariak joan ziren, jotzen, jendea esnatzeko.
Gerra ondoko garai ilunean, Eliza ez zen oso txistu-zalea. Musikak dantza zekarren, eta dantzak… bekatua. Dantza lotuan jardutea galarazita zegoen; isunak eta trabak jartzen zituzten. Festaren kontrola izugarria zen.
Elkano auzoan, Zarautz eta Aiaren arteko muga San Pedro elizaren ondoko frontoiaren erdi-erdian dago. Hango jaietan trikitilariak Aiako partean aritzen ziren dantza lotuko piezak jotzen, eta jendea Zarauzko partean dantzan, ondo helduta, don Hilarioren debekuen eraginetik kanpo.
Euskarazko edozein ekimen publiko debekatuta zegoen garaian, giro hari iskin egiteko moduak asmatzen ibili zen euskal jendea. Elizaren inguruko gazte kongregazioak ziren frankismoaren giro errepresiboan gazteek zeuzkaten zirrikitu ia bakarrak. 1950eko urteetan, mendizale taldeak eta txistulari bandak sortu ziren han-hemenka.
Belaunaldiz belaunaldi txistua jotzen
Orion ere, elizako luistarren abaroan, abertzale euskaltzaleek txistuaren transmisioa egin zuten. Santiago Azurzarekin musika ikasitako Remigio Lertxundi Akaña, Xanti Loidi eta Jose Mari Lizaso Auxokaltek hartu zuten lekukoa eta eutsi zioten piztuta txistularien euskal giroari. Elizako saloia baliatu zuten han elkartu eta txistua jotzen ikasteko.
Eta, haien bidez, hurrengo belaunaldia iritsi zen: Jose Antonio Atorrasagasti eta Juan Jose Olidenek eman zioten segida. Eta, jakina, ikasle izan zirenak gero irakasle bihurtu ziren; elizako saloian gazteei erakusten jardun ziren. Haien ondorengo belaunaldia izan zen jendetsuena, Imanol Urkizurena. Haiekin asko aberastu zen herrian kaleko musika-giroa.
1973an Juan Jose Oliden eta Cristina Atorrasagasti ezkondu zirenean, Juan Joseren ikasle izandako dozenatik gora txistularik kalean alaitu zuten elizan ezkondu ondoreneko festa. Beste horrenbeste egin zioten Joxantonio Atorrari, hura Begoña Sarasuarekin ezkondu zenean. Ikurrina legeztatu zenean ere, 1977an, txistulari haien doinuak lagundu zion udaletxeko balkoiraino gerra garaitik ezkutuan egon zen banderari.
Aian ere izan zen txistulari handi bat: Agustin Aldalur. Herriak oroitarri bat jarri zuen herriko plazan, elizako paretan, 1990ean hil zenean, txistulariaren irudiarekin eta Jose Mari Lertxundi zenaren bertso eder honekin: Agustin maite urrezko izkiz, zaitugu guk aurkeztuko/ Aiako erria zuk ainbat iñork ez baitu aberastuko/ txistu ta dantzan gazteak jartzen jendea nondik poztuko/ zure izena nola ez degu guk bertsotan abestuko/ jun ziñan baña gure erriak etzaitu inoiz zatuko.