2018ko udan Orioko emakume helduz osatutako traineru batek joan-etorria egin zuen Orio eta Bilboren artean, arraunean. Ekimenak izen esanguratsua zuen: Zergatik ez? 2021ean Behobia-Donostia lasterketan Orioko 29 neska iritsi ziren korrika Donostiako Bulebarrera, eta Aiako sei. Gaur egun Orion neskak kirol askotan dabiltza: korrika, arraunean, futbolean, softbolean, saskibaloian, eskubaloian, harri jasotzen, judoan…
Aia eta Orioko emakume batzuk, gainera, oso maila altura iritsi dira, bakoitza bere espezialitatean. Karkara.eus albistegian ohikoak bihurtu dira azken urteotan era honetako titularrak: "Orioko Arraun Elkarteko Eva Mirones sanjuandarra Atenaseko Joko Olinpikoetan lehiatu da (2004)". "Sara Peñak irabazi du Urdazubiko kontrabandisten mendi lasterketa". "Ainara Manterolak Venezuelako futbol selekzioaren prestatzaile ardura hartu du". "Nerea Amilibia aiarrak 100. txapela irabazi du mendi lasterketetan". "Eli Lasa aiarrak txapela jantzi zuen 1998an Mexikon jokatu zen munduko paleta txapelketan". "Orioko herriak ongi etorri bikaina egin dio Oiana Blanco judokari, Londresko Olinpiadetatik (2012) itzuli denean". "Kristina Kortak munduko txapelketan parte hartu zuen Frantzian (1997)". "Idoia Etxeberriak 163 kiloko harria altxatu du (2016)". "Orioko Bate Bizkorrak taldeko jokalari batzuk euskal selekzioarekin lehiatu dira Bartzelonan: Elena Etxeberria eta Uxua Zoroza jokalariak eta Igone Etxeberria taldeko medikua (2021)". "Nadeth Agirrek patroi onenaren saria eskuratu du traineruen ligan (2019 eta 2020)". "Nahia eta Garazi Eizmendi ahizpa aiarrak nagusi Gipuzkoako Pilota Txapelketan (2021)"...
Maila horretako lorpenak pentsaezinak ziren orain dela gutxi. Gauzak asko aldatu dira nesken kirolean: jolaste hutsetik jokatzera igaro dira, lehiatzera; ikusle soil izatetik kirolari izatera. Hein batean, eskola kirolaren emaitza da hori. Gaur egun, mutilak bezala, txikitatik abiatzen dira bide horretan.
Orain gauza normala da errioaren ondoko ibilbideetan neskak korrika ibiltzea. Orain bai. Baina herriko oraingo aitona-amonek haurtzaroan ez zuten inoiz kirolik egin eskolan, ezta gimnastikarik ere; eta gazte zirela, emakumeek ez zuten korrika egiten kalean, ezta antzekorik ere. Ez zegoen sozialki onartuta.
Nesken oztopoak kirolean aritzeko
Bitxikeria moduan, aipagarria da 1965era arte emakumeak ezin zirela lehiatu bizikletan; ordura arte, bizikletan ibiliz gero, ama izateko ahalmena galtzeko arriskua zuelako ustea zabalduta baitzegoen.
Oraindik ere, neska asko abiatzen dira kirol batean edo bestean, baina urte gutxira batzuek utzi egiten dute alde batera praktika hori. Maialen Lujanbiok bertso bat kantatu zuen, oztopoak gaindituz, ahalegindu diren emakumeentzat: "… baina behin behar ta omendu behar / gaur emakume guztiak / ta bereziki zernahi bidetan / abitu ziren gutxiak / gizarte honek bere ametsen / erdibidean utziak".
Iazko azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean, Orioko udalbatzarrean alkateak bi sexuen arteko berdintasunerako diagnostikoan jasotako zenbait emakumeren adierazpenak irakurri zituen. Haietako batek hauxe zioen: "Ni, ama izanda, kirol egitera noanean, batzuetan galdetzen didate nora zoaz?, kirola egitera? Eta umeak non daude? Hori gizonei ez zaie galdetzen".
Udane Ostolaza harri-jasotzaile gazteak ETB1en hitz hauek esan zituen: "Kontuz ibili, min hartu gabe, hori mutilena da…, ba nik horri kontra egingo diot, gizonena baldin bada, nik demostratuko dut neskentzat ere badela". Udaneri bidea Orioko beste neska batek zabaldu zion, Idoia Etxeberriak.
Nesken kirolaren hastapena Orion
Enbil eta Salsamendi abizenak izango dira Orion pilota jokoaren historiari lotuenak. Pilotari familian jaio ziren Matilde Salsamendi eta Maria Luisa eta Arantxa Enbil ahizpak. Hirurak ausartu ziren, garai hartako (1950eko urteak) moral kontserbadorearen kontra, erraketa hartu, frontoira joan eta gizonekin batera pilotan jokatzen. Matilde indar handiko neska zen; eskaintza izan zuen raketista izateko, Madrilera joan eta profesionaletan aritzeko. Neska izateak bide hori itxi zion, ez zen posible izan. Maria Luisa eta Arantxa Enbil, pilotarien alaba eta bilobak, aitarekin hasi ziren frontoira joaten. Arantxa ausarta zen, herriko kaleetan moto Lambretta batean ibiltzen zen.
Hogei eta gehiago urte pasatu ziren beste emakume batek haien lekukoa hartzeko, Pakita Redondo izan zen, 1970 aldera. Aian, berriz, Eli Lasa nabarmendu zen pala txapelketetan handik beste hogei bat urtera.
1970 inguruan, Lizargate baserriaren ondoko zelairaino joaten ziren herriko neska batzuk, han bi saski zeuzkaten jarrita, eta bertan ibiltzen ziren saskibaloian edo. Orduan, herrian egiten ausartzen ziren ariketa ia bakarra errioan igeri egitea zen.
Eugenio Cotadok Karkarako elkarrizketan (2020ko uztaila) hauxe adierazi zuen: "Orion surfean hasi ginenean (1970eko urteetan), bazen tarteka olatuetan irristaka ibiltzen zen emakume bat, Maria Jose Lacadena, seguru asko lehenengoa Orion".
Taldekako kiroletan, saskibaloia izan zen aitzindaria nesketan Orion, 1970eko hamarkadaren lehen erdian. Hauxe dio Orio, Historia argazkitan liburuak: "Aurreneko ahalegin serioa saskibaloian egin zen; horrek ireki zien bidea neskei. Urte gutxian oso maila altua lortu zuten: Gipuzkoako txapelketa irabazi eta Murtziaraino ere iritsi ziren lehiatzera. Herriko neska gazte asko ibili ziren taldean".
Orio futbolean liburuak hauxe dio Orioko futbol femeninoaz: "Zaragueta ikastetxeko neskek Zarauzko hondartzako txapelketa irabazi zuten 1985/86 denboraldian, eta talde federatua osatzeko gogoa sortu zitzaien. Horrela, hurrengo denboraldian (1986/87) OFTaren izenean lehiatu ziren aurreneko aldiz Antilla futbol zelaian. Lehen partidan 13-0 galdu arren, ez zuten adorea galdu eta azkenak ez gelditzea lortu eta aurrera segitu zuten". Talde hartan zen Maite Redondo, orain nesken futbolaren ardura duena Gipuzkoan, entrenatzaile eta hautatzaile ere ibili ondoren.
1993tik aurrera, ordura arte ezezaguna zitzaigun joko batek hartu zuen lekua Orion: softbolak. Koro Arratibelek eta Manu Peñak ekarri zuten. Kirol honetan neskak aitzindari izan ziren. Jone Iparragirre izan zen lehen softbolaria, geroztik asko ibili dira Orioko Bate Bizkorrak izeneko taldean. Sekulako maila erakutsi dute urte askoan; batzuk nazioartean ere ibili dira.
Nesken arrauna
Ia XXI. mendean sartu arte, emakumeak Orioko arraunean jokatu duen rola eginkizun sinbolikoetara mugatu da: banderen amandrea izan, arraunlarien erizain eta arropa garbitzaile, ongi etorriak prestatu... Maria Frantziska Xordo arraunlarien jarraitzaile sutsua izan zen, estropada guztietara joaten zen haiekin, etxean prestatutako ogitartekoak hartuta.
XX. mendearen azken urteetan hasi ziren neskak lehenengo aldiz arraun lehian. Leire Alustiza izan zen lehenengoa arraunean domina bat eskuratzen (1987an, Mequinensan) Espainiako txapelketan zilarra skiffean, kadeteetan. Garai bertsuan ibili ziren Ainhoa Gozategi, Kristina Korta eta Eder Etxeberria ere, gaur egun kirol mediku lanetan diharduena.
2010ean osatu zuten neskek trainerua lehenengo aldiz. Nadeth Agirre traineruko patroiak gogoan ditu kuadrilla osatzeko izandako zailtasunak eta, tarteka, kontra entzundako hitz pozoitsuak. Baina aurrera segitu zuten, eta azken urteotan maila bikaina lortu dute: 2019 eta 2020an traineruen ligan eta Donostiako estropadan nagusitu ziren; eta herriak ongi etorri izugarria eskaini zien.
Marivi Tarantino, atletismoan
Atletismoan ere ibili ziren herriko hiru neska, 1960ko urteetan, Donostiako Real Sociedad taldean: Marivi Tarantino eta Mirentxu eta Arantxa Campos ahizpak. Tarantino izango da Orioko lehenengo emakumea kirola serio praktikatu zuena, alegia federazio fitxarekin, eta entrenatu eta txapelketetan lehiatu zena. Marivirengana jo dugu, eta hauxe da berak atletismoaren munduan egindako ibilbideaz kontatu diguna.
"Atletismoak asko eman dit"
Gerra bukatu ondoren (1939), Espainiako gobernuak galarazi egin zuen atletismo femeninoa. 1963an onartu zuten emakumeak ere egin zezakeela atletismoa. Urte hartan bertan, Gipuzkoako Atletismoko Federazioa emakumeentzako lehiaketak antolatzen hasi zen.
Orion herriko mutil batzuk bazebiltzan atletismoan. "Haiek proposatuta, neska batzuek probak egin genituen palotetan eta hondartzan; eta hiru animatu egin ginen, Mirentxu eta Arantxa Campos ahizpak eta ni, eta Donostiara jo genuen, Anoetako estadio zaharrean proba batzuetan parte hartzera. Nahiko ondo ibili ginen, itxuroso".
Hirurok fitxatu zituzten Donostiako Real Sociedad taldean. "1963ko urrian neguko entrenamenduetan hasi ginen, ikasketengatik asteburuan bakarrik. Garai hartan adin guztietako neskak denak batera ibiltzen ginen, seniorretan".
Gerra ondorengo Espainiako lehenengo txapelketa jokatzekoa zen Bartzelonan, Montjuiceko estadio zaharrean. "Nik, luzera jauzian, txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka eman nuen". Autobusez joan ziren Bartzelonara. "Abuztua zen, hamabi orduko bidaia, 30 atleta, tartean lehen aldiz hiru emakume. Nik 13 urte nituen; gurasoek onartu zuten ni joatea Gipuzkoako Federazioak antolatua zelako, eta Migel Illarramendi (pertika jauzian) eta Antonio Campos (jauzi hirukoitzean) oriotarrak ere taldean zirelako".
Kirolerako arropa egokirik ez zutela esan du Tarantinok: "Ez genuen txandalik, ezta atletismoko zapatilarik ere; Wamba xume batzuekin ibiltzen ginen korrika eta saltoka. Gizonezko atleta txiki batek utzi zizkidan iltzedun zapatilak jauzi egiteko, harenak zirelako txikienak. Halere, finalean sartu nintzen, eta seigarren gelditu. Bidaia hartako esperientzia errepikaezina izan zen niretzat. Horrela hasi nintzen, eta hamar urtez segitu nuen, beti Errealarekin eta Gipuzkoako Federazioarekin".
1964an hasi zen erregulartasunez entrenatzen. "Gogorrena egiten zitzaidan egunero Oriotik Donostiara kirol poltsa astun harekin ibiltzea, arropa eta liburuak dena batera. Orduan bitxia zen emakume bat korrika, saltoka edo jaurtitzen ikustea; zorionez, saltoak Anoetako estadioaren barruan egiten genituen, kalera gabe, eta ez dut une bereziki desatseginik gogoratzen". Emakume korrikalariek arazo gehiago izan zituztela dio; "kalera beti gizonezko kirolariekin joaten ziren, egoera desatseginak saihesteko".
Atletismoaren barruan, hainbat modalitate probatu zituen. "Urte batzuetan abiadurako lasterketetan eta pentatloian ere ibili nintzen, baina luzera jauzia nuen proba kuttunena. Emaitza onenak ere horretan lortu nituen. Urtero lortzen nuen gutxieneko marka Espainiako Txapelketarako. Gipuzkoako txapela eta errekorra ere bai, behin baino gehiagotan".
Emaitzei dagokienez, urte onak eta urte txarragoak izan zituen. "Espainiako Txapelketan parte hartu nuen urteetan gorabeherak izan nituen; baina urte batzuetan emaitza ederrak, salto onak eta dominak ere bai. Luzera jauzian: 1967an, zilarrezko domina (pista estalian); eta 1968 eta 1970ean, brontzea. Eta 4x100 metroko lasterketan, Gipuzkoako taldearekin, 1965ean zilarra eta 1967an urrea".
Lehiatzeari utzi zionetik denbora dezente pasatu den arren, urte haien arrastoa berarekin darama Tarantinok. "Atletismoa nire bizitzako gauzarik garrantzitsuenetako bat izan da, poztasun ugari eman dizkit eta bizitzan agertzen diren nahigabeei aurre egiten eta horiek gainditzen erakutsi dit. Horregatik, pozten naiz jakinda orain Orioko neska asko dabilela kirola praktikatzen. Zorionak ematen dizkizuet eta zorte handia opa dizuet. Aurrera, neskak!".