Egin diren haren margolanetatik ezagunenetako bat Gipuzkoako Diputazioan dago, eta oriotar batek egina da: Eugenio Azkue margolariak.Bada kasualitatea: Azkue Elkanoren mundu-biraren 300. urteurrena bete zen egun berean jaio zen: 1822ko irailaren 6an. Aurten biak ospatu litezke irailaren 6an: Elkanoren itsas abentura izugarriaren 500. urteurrena, eta marinelaren koadroa margotu zuen pintore oriotar bikainaren jaiotzaren 200garrena.
Oso izen oriotarra zuen Eugenio Azkuek. XX. mendean Orion izan ziren beste bi gizon izen hori zutenak: Conservas Azkue fabrikaren nagusia eta Reina Maria baporearen patroi eta armadorea; eta izen horixe du haren seme batek ere.
Margolari oriotarraren Orioko artxiboko jaiotze-agiriak dioenez, Eugenio Antonio Maria Azkue Azkue 1822ko irailaren 6an jaio zen Orion. Jaioterrian eman zituen lehen urrats artistikoak, autodidakta gisa, 1845ean Donostiara joan zen arte. Azkue 1858an ezkondu zen Tolosako Santa Maria parrokian Rosa Mujika Iparragirre gazte hernaniarrarekin. Donostian hil zen, 1890ean.
Ibilbide luze eta oparoa izan zuen. Madrileko San Fernando Arte Ederretako Akademian estudiatu zuen, Gipuzkoako Diputazioak emandako beka baten bidez. Gero, Erroman eta Parisen jarraitu zituen ikasketak, eta hasiera eman zion nazioarteko ibilbideari, haren ostean Gipuzkoako beste artista batzuek ere jarraitu zutena. Pinturan adituek Azkue jotzen dute estetika neoklasikoaren eta erromantikoaren katebegitzat eta XIX. mendeko Gipuzkoako lehenengo pintoretzat. Nolanahi ere, Euskal Herriak eman duen margolari emankorrenetako bat izan zen. Arteari bikaintasuna eman zioten pintoreen belaunaldiaren abiapuntua.
XIX. mendean, Donostia Isabel II.aren eta Madrilgo Gortearen uda-toki bihurtu zen, eta horrek aristokraziarekin lotutako artistak ere ekarri zituen. Haien artean zegoen, Federico Madrazo margolari erromantiko handia eta Eskultura, Pintura eta Grabatuko Goi Eskolako irakaslea. Artista Eugenio Azkue gaztearekin batera ibili zen Gipuzkoako herriak ezagutzen.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek Azkueri emandako laguntzagatik, hark, esker ona adierazteko, bi koadro handi oparitu zizkion probintziari, Diputazioko bilkura-aretoan jarri zirenak.
Azkue Erroman eta Parisen ere bizi izan zen. Prestakuntza-garaia amaitu eta nazioarteko bidaia bat egin ondoren, artista Gipuzkoara itzuli zen eta Tolosan kokatu, 34 urte zituela enkargu garrantzitsu bat jaso baitzuen: Santa Maria parrokia-eliza apaintzea.
Tolosako parrokiako margolanak
Tolosakoa da bere lanik aipagarrienetako bat: hango Santa Maria elizan 1956an egindakoa; baina buruko minen bat ere eragin zion. Sinatutako kontratuak amaigabeko auziak sortu zituen artistaren eta Udalaren artean, eta horrek ordainketak atzeratzea ekarri zuen.
Elizako balio artistiko handiko artelan haien zaharberritze-proiektu batek Azkueren horma-pinturetako bi berreskuratu zituen 2020an. Proiektua Aldundiak, Udalak eta parrokiak finantzatu zuten. Denboraren joanak, hainbat sutek, eguraldi txarrak eta zoritxarreko esku-hartzeek arrisku larrian jarri zuten pintura muralen kontserbazioa. Zaharberritze talde batek jatorrizko argia itzuli zien multzoa osatzen duten sei lanetatik biri: Emakume adulteroa Kristorekin aurrez aurre eta Pizkundea, tenpluaren eskuineko habeartean daudenak.
Montserrat Fornells historialariak zaharberritzearen beharra aldarrikatu zuen, "Euskal Herrian horrelako multzo artistiko gutxi geratzen dira”. Carmen Martin, zaharberritzearen arduraduna: "Ez dago zalantzarik pinturen balio artistiko eta historikoaz. Zaindu beharreko multzo bikaina da. Eszenen konposizioa ezin hobeto eginda dago. Azkueren lanaren xehetasuna nabarmenduko nuke. Tamaina hain handiko pinturak izateko, harrigarria da eszenako xehetasun bakoitza landuta nola dagoen".
Asko eta ondo pintatu zuen Azkuek. Dekoratzaile ere fina izan zen. Pintura erlijiosoa landu zuen eta, batez ere, pertsonaia historikoen erretratuak. Euskal Herriko hainbat elizatan daude Azkueren lanak. Gipuzkoako zenbaitetan dekorazioa ere landu zuen. Nabarmentzekoak dira Donostiako Santa Mariako sakristiako mihiseak.
Orioko elizan ere hainbat koadro dago Eugenio Azkuerenak, Loli Erkiziaren `Orio, entre la ría y el mar´ liburuan (1970) agertzen denez: Monumento Jueves Santo (1858), Dos Sagrados Corazones (1868), Padre Eterno (1885) eta Santa Barbara.
Donostiako erakusketa
2013an pintura-erakusketa egon zen Kutxaren Donostiako Bulebarreko galerian: XIX. mendeko Gipuzkoako pintore erromantikoak. Han, euskal pinturaren aitzindaritzat jotzen diren zazpi margolari gipuzkoarren lanak erakutsi zituzten: Eugenio Azkue, Juan Brocheton, Antonio Maria Lekuona, Eugenio Arruti, Isidro Gil Gabilondo, Jose Etxenagusia eta Pedro Gassis. Haien 69 mihise eta 13 marrazki bildu zituen erakusketak. Han, oriotarraren hainbat margolan egon ziren ikusgai.
Cristina Beloki Kutxako Boulevard aretoko arduradunak hauxe esan zuen erakusketaren aurkezpenean: "Guztiak 1820 eta 1850 artean jaio ziren, eta erromantizismoaren berezko gaiak garatu zituzten, hala nola maitasuna, heriotza edo Lord Byron edo Victor Hugo bezalako idazleen kontakizunetako gaiak, baita bertako historiarekin eta historia sakratuarekin lotutako paisaiak eta gaiak ere. Oso garai zaila bizi izan zuten, gerra karlistengatik. Ez zuten merezitako errekonozimendua jaso, geroago etorri zirenek, hala nola Ignacio Zuloagak, Aurelio Artetak edo Ascensio Martiarenak, eklipsatu egin zituztelako".
Montserrat Fornells erakusketaren komisarioak, hauxe: "Euskal pinturaren jatorria ezagutzen hasteko abiapuntua izango da, Euskal Herrian pintura praktikatzen hasi zirenen lanak daudelako, aitzindarienak". Fornellsek artista haien lanen kalitate ukaezina azpimarratu zuen.
Pertsonaia historikoen erretratuak
Nicolas Soraluzek bultzatuta, 1850 eta 1860ko hamarkadetan Gipuzkoako pertsonaia historiko askoren erretratuak egin ziren. Haietako asko, Eugenio Azkuek: Loiolako Inazio (1849), Juan Sebastian Elkano (1851), Kosme Damian Txurruka (1859), Antonio Okendo eta Migel López de Legazpi.
Legazpi almirantearen erretratuak historia bitxia du. Nikolas Soraluzek, Zumarragakoa izanik, interes handia zuen Legazpiren koadro bat eskuratzeko. Madrilera eskatuta, erantzun zioten han ez zeukatela ezer. Legazpi Filipinetako hiriburu Manilako alkate izan zen, eta Soraluzek bazekien han bazirela Legazpiren erretratu batzuk. Diputazioak diruz lagunduta, Manilara haietako baten eskaera egin zuen 1862an. Koadroa Cadizera iritsi zen 1863an. Soraluzeren asmoa zen Gipuzkoako pertsonaia historikoen erretratuekin galeria bat sortu eta orduan Tolosan zegoen Diputazioan jartzea. Gaur egun Donostiako Gipuzkoa Plazako Diputazioan daude margolanak, tartean Eugenio Azkueren batzuk; Legazpirena, hala ere, San Telmo museoan dago.
Zumarragako Udalak Legazpiren margolanaren kopia bat egin zezan eskatu zion Azkueri. Azkuek bat ez, bi egin zituen. Haietako bat behar bezala hartu zuten Zumarragako herritarrek: txistu, danbolin eta dantzariekin, etxaferoka, eta herriko plazan jendeari ardoa banatuz. Arraunlariei baino lehenago egin zitzaion, beraz, alirona Orioko pintorearen lanari, 1863ko maiatzaren 3an, baina Zumarragan.
Orioko pintoreak
Antzinako gizakiek Altxerriko kobazuloko arroketan animalien irudiak egin zituztenetik hona, ez dugu izan Orioko pintore askoren berri, baina batzuk izan dira. Gehienak ez dira izen handikoen zerrendan agertuko; baina lan eder askoak ere egin dituzte. Baten bat ahaztuta uzteko arriskua hartuta, aspaldi honetan gure artean (izan) diren batzuk aipatuko ditugu: Gerra aurretik Orion bizi izan zen Jesus Apellaniz gasteiztarra, Jose Ramon Salsamendi, Daniel Bastos, Juan Jose Loidi, Fernando Ortiz de Guinea, Luis Cisneros Vis, Begoña Zaldua, Antton Esnal, Mari Jose Iparragirre, Tomas Esnaola, Nekane Larrañaga, Iñaki Arrillaga, Mari Jose eta Joseba Lacadena anai-arrebak, Santos Uranga, Koro Arratibel, Iñigo Manterola, Uxoa Zulaika, Zorione Mendez eta Elene Tamayo. Orain dela gutxi arte, urte batzuetan pintura-tailer bat izan zuen herrian Mari Jose Iparragirrek, haur eta gaztetxoei pintatzen erakusteko.