Artista hutsaren hitz beteak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2021ko urr. 25a, 14:06

Urriko KARKARA aldizkarian argitaratutako artikulua, 'Oroimenaren kutxa' atalean.

XXI. mendeko 21. urteko urriaren 21ean 113 urte bete ziren Jorge Oteiza jaio zenetik, Orion. 2003an 94 urterekin hil zenetik 18 urte pasatu direnean, haren gaineko aipamenak ez dira isildu. Bera ere ez zen isilik egotekoa. Esaldi hau harena da: “Isiltzean hil egiten gara, hizkuntza guztietan”. Hitza jaiotzetik erantsia baitzuen abizenean bertan: Oteitza.

1963an `Quosque Tandem´ izeneko liburua plazaratu zuen, euskal arimaren interpretazio estetikoa egiteko saiakera. `Noiz arte!´ esan nahi dute latinezko bi hitzok. Liburuaren bidez, Oteizak herriari esnatzeko deia egin zion, oihu eta galdera lazgarria, frankismoaren gau ilunean: Noiz arte segitu behar dugu honela? Aktibista izan zen, gizarte-eragile. Jorgek beste begiratu bat eman zigun, gauzak bestela ikusteko modu bat; jenio hutsa baitzen Oteiza. Haren biografia euskaraz idatzi duen Nere Lujanbiok izenburu hori eman zion liburuari: Jenio hutsa. Bi hitzen bina esanahiak azpimarratuta: Jenioa zuen eta jenioa zen; eta artista hutsa, alegia artista bete-betea. Horregatik egin zuen hutsari buruzko kontzeptualizazio guztia, paradoxikoki hutsak eta beteak bat egiten dutelako euskaraz; eta Oteizak kontraesan hori bizi izan zuelako euskararekin.

Orain hiru urte (2018-10-20), Karkarak antolatuta Altzuzan izan ginen, Oriotik joanda, autobuskada bat jende, Oteiza lurperatuta dagoen Nafarroako herrixkako Oteizaren museoan. Hilobian, Jorge emazte Itziarrekin batzen duen gurutzearen aurrean, kantatu egin genion herkideari. Lau egun lehenago, Bernardo Atxagak hitzaldia eman zuen Arraunetxen: “Oteizak tokia bilatu zion munduko mapan Euskal Herriari, euskarari eta euskal kulturari: bertsolaritza, frontoia, txalaparta… erakutsiz. 1964an sortutako `Ez dok amairu´ kultur taldearen izena berak proposatu zien”.

Erreportajean, Altzuzako txangoan esandakoak eta batetik eta bestetik hartutakoak ekarriko ditugu lerrootara, gizon haren izaera berezian hitzak zuen garrantzia nabarmentzeko, eta haren jenioa azaltzeko.

Zirtoak eta zirtolariak

Gerra aurretik gertatu zen, Zelatungo erromeria batean: trikitixaren doinuan gazteak dantzan ari ziren, gertu argazkilari kanpotar bat erretratuak egiten, hiru hankako erretratu-makina handiarekin, burua haren oihal beltzaren barruan zuela; halako batean, gazte batek, dantzan, makina jo eta lurrera bota zuen; gaztea hasi zaio argazkilariari belauniko jarrita “perdón, perdón”, eta gizonak “que perdón, ni que leches!” eta gazteak orduan, ukabila ondo itxi eta gizonari aurpegi aurrean jarrita, mehatxagarri: “si no aceptas perdón, jakingo dek hemen zer don!”. Holaxe kontatu zigun behin, ezpainetan barre txikia zuela, Jose Mari Lertxundi bertsolari aiarrak.

Grazia handiko ateraldiak dira zirtoak; bat-bateko erantzun labur, umoretsu eta irudimentsuak. Zelatungoa zirto baten adibide ona da. Zirtoek lagundu dezakete kultura, hizkuntza eta trebetasun pertsonal eta sozialak lantzen. Jorge Oteiza azkarra zen oso, horrelako erantzunak ematen. Zoritxarrez, ez zuen euskaraz egiten eta ez zaizkigu euskaraz etorri haren ahozko ateraldiak.

Oteizaren zirtoak

Joserra Gartziak Oteizaz emandako hitzaldi batean pasadizo hau azaldu zuen: 1976ko udan Hondarribian arte-erakusketa bat jarri zuten; oriotarrak eskultura bat utzi zien harako, kutxa metafisiko bat. Kutxa erakustokiaren atarian jarri zuten, enbor baten gainean. Irailaren 8an guardia zibilek Josu Zabala gazte irundarra tiroz hil zuten Hondarribian, manifa batean. Hilketaren kontrako protestaldian eskultura lurrera erori eta zartatu egin zen. Oteizarengana joan ziren gertatutakoa azaltzera, urduri eta larri. Kutxa erakutsi, Jorge begira jarri eta: “Perfekto! Hauxe zen eskulturak behar zuen ukitua, bizi-ukitua. Oraintxe da eskultura hau bikaina!”.

Jende askok ekartzen ditu gogora Oteizak esandakoak. Seguru asko, hark esan gabekoak ere jarriko dituzte batzuek haren ahotik. Iaz, Joan Mari Torrealdairen heriotzan, Atxagak oroitarazi zigun Jorgek Joan Mariri Arantzazun zer esan zion 1964an: “Nola liteke zu bezalako gizon eder bat fraide izatea”.

Andoni Egañak hauxe idatzi zuen Berrian (2019-01-11): “Kafeari esnea eranstea nahi al zuen galdetuta, purrustada batez erantzun zidan. Ezetz, 150 urtean ez zuela esnerik probatu: Gure amonak ez zuen edaten, amak ere ez eta nik ere ez”. Orioko plazan, berriz, hau azaldu zigun Egañak (2018-10-21): “Oteizak hutsune handiena hitzarena zuen, hizkuntzarena, euskaraz ez jakitea; harexek sortzen zion barruan minik sakonena, eta huraxe atera nahi zuen barrutik”.

Apaizgai batzuek behin galdetu zioten ea Arantzazuko apostoluen eta ama-birjinaren tartea “sin nada” utzi behar ote zuen, eta Jorgek: “Cómo que sin nada, lo he dejado con nada!”. Gotzainak galdetu zionean ea zergatik egin zituen 14 apostolu eta ez 12, Jorgek: “Gehiago kabitzen ez zirelako!”. Orioko traineruko arraunlariak direla ere esan zuen behin baino gehiagotan; trainerua azken batean bere jaioterriko irudi eta ikur estetiko esanguratsuena da.  Haietako ezkerrekoa Inazio Sarasua omen da, txalupako patroia. Behin hala bota zion Inazioren seme Jose Mariri: “Ez al dakik zein den hori? Hire aitaren kaskezurra ere ez al duk ezagutzen?”. Harena da, baita ere, “Arraunlariek atzera begiratuz egiten dute aurrera”.

Jorgeren apostoluak, Elizak gaitzetsita, errepidearen bazterrean botata zeudela, baserritar batek zirikatu zion “harri horiek nire baserriko harriak ematen dute”, eta Oteizak: “Bai, baina hemendik aurrera, zure harriek apostoluen antza izango dute”. Iruñerako errepidean dauden bi haitz erraldoien erdal izena, Dos hermanas, euskaratik gaizki egindako interpretazioa da, ez dira Bi ahizpak, baizik Bi haitz-pe. Jorgek zioen han euskaldunok ez dugula izendatzen ikusten dena, baizik haien arteko hutsunea, falta dena.

Jenio bizikoa zela zinean erakutsi zuen behin: pelikula ematen hasi aurretik, publizitatea ematen hasi ziren pantailan, bat bestearen atzetik, harik eta Jorgek, nazkatuta, marru egin zuen arte: “Nahikoa da, nik ez dut sarrera ordaindu publizitatea ikusteko!”. Hau ere harena da “Euskaldunak kexatu bai, baina dena irensten dugu”.

Orioko errioko urak goraka zihoazenean, errioa arnasa hartzen ari zela esaten zuen; beherakoan, airea botatzen. Getariko San Anton mendia jende guztiak Getariko arratoia izendatzen du; Jorgek han balea ikusten zuen, alderantziz begiratuta, isatsa buru bihurtuta. Historiaren memoria neurtzeko, amona-unitatea proposatzen zuen; “gure arbasoak kobazuloetan bizi ziren garaitik 167 amona igaro dira”.

Jorgeren jaioterrikoak

Behin Orion, lehorte handi batean, errogatibak egitera elkartu ziren herritarrak elizan, Jainkoari euria eskatzera. Egun hartan ere ateri zen, baina Jorge oinetan katiuskak, soinean txamarra eta eskuan guardasola zuela agertu zen. Gainerako herritarrak, berriz, euritatik babesteko ezer gabe, eta Jorgek: “Zuek, fedegabeak, zertara zatozte, ez baduzue eskatutakoa sinesten?”. Holaxe kontatu zigun Antonio Kanposek.

Beste behin, errioaren beste aldeko bere tailerretik, 1968 aldean, Orioko teilatuetan agertzen ziren aurreneko telebista-antenei begira: “Hortik sartuko digute kaka etxe guztietan sukalderaino; horiek dira gure zibilizazio berriaren gurutzeak”. Benitori esan zion. 1974an Orion eraikitako udaletxea Oteizarentzat Euskal Herriko itsusiena zen. Orduan esan zuen udaletxea lurrarekin berdindu arte ez zela itzuliko herrira. 1925ean, Udalak plazan markesina eraikita Oriok erreboteko plaza galdu zuenean: “Ez dakit markesina hori altxatzeko, herrian toki hoberik ba ote den, baina okerragorik seguru ezetz”.

Oteizaren errekorra

Kritikak ere era guztietakoak jaso zituen. Bada dioenik Jorge eredu kaskarra zela, aitzakia merkea, euskararen alde agertu bai baina sekula ikasi nahi izan ez dutenentzat. Amatiñok gordin asko idatzi zuen Oteizak errekorra zeukala: bera zela euskaraz ez zekien Orion jaiotako bakarra.

Anjel Lertxundiren hitzak dira hauek: “Oteizaren paradoxa: Orio bezalako euskararen plaza batean jaio, bizi osoan hutsa bere lan artistikoaren ardatza izan eta ez zuen ikusi hutsaren estetika eta plazer huts bete-betea euskarak zein hurbiltzat dauzkan”.

Apologista sutsuak ere izan zituen. Joserra Gartziak: “Bai, euskararen inguruan sarri jardun zuen, euskaraz jakin gabe; baina Oteizak onartzen zuen hori: –Ez naiz nire etxean jaio!–. Nik nahiago nuke, euskaraz ez jakitekotan, ez jakiteko modua denek Oteizarena balute. Nire euskaltasunari Oteizak eman zion hauspoa”. Gogora ekarri zituen Jorgeren hitzok: “Sakonki maite dut nire herria, eta sakonki amorratzen nau”. Unibertsalak izateko bidea, geurean sakontzea da”.

Mikel Etxebarriak hauxe zioen artikulu batean: “Oteizak oso nortasun konplexua izan zuen: errebeldea, kritikoa, grinatsua, sutsua, ausarta, inkonformista, katramilatsua, ipurterrea, aldakorra… Ez zen inorekin ezkontzen, salbu eta Itziar emaztearekin. Emazteari errieta egin zion, berari itxaron gabe joan zelako, eta beldur ziolako eternitatean bakarrik ibili beharrari. Espirituen esnatzailea izan zen, jakin zuen gizartea astintzen, lozorrotik ateratzen. Oteizaren ekarpena, artistikoaz gain, haren jarrera kritikoa da, herriari erne eta esna egoteko egiten dion dei profetikoa. Ez dakit betikotasunean ote dabilen, baina haren obrak eta haren gaineko aipamenek luze iraungo dute”.

2008an, Donostiako Kursaalen Oteizaren erakusketa jarri zuten. Tartean, Jorgeren esaldi batzuk: “Beharrezkoa daukanak dena du. Baina dena ez da beharrezkoa”. “Artistak ez badu bere herria maite eta, beraz, ez badu zerbitzatzen, herri-zurtza da”.

Pako Aristik Bertsolari aldizkarian: “Oteiza gure herriagatik egin zezakeen guztia egiten utzi ez zioten pertsona harrigarri bat izan da”. Egia da Oteizak euskal erakundeetatik uko asko jaso zuela. Irailaren 14an Euskadi Irratian Jaime Otamendik, Joseba Arregi zendu berriaz ari zela, esan zuen Oteizak behin topo egin zuela jatetxe batean orduan Jaurlaritzako Kultur sailburu zen Arregirekin. Ikusi orduko, sekulakoak eta bi esan omen zizkion.

Oriotarren oroitarria

1934an dirulaguntza eskatu zion Orioko Udalari, sei hilabetez lan artistiko batean jarduteko. Udalak ez zion lagundu, esanez ez zeukala. 2008-10-21ean, jaiotzaren mendeurrenean, Orioko elizan herriak oroimen-ekitaldia eskaini zion jenio hutsari; zimitorioan Oteizaren oroitarria zabaldu zen, haren oroigarri. Aurretik, elizako ekitaldian, bertsolariek honela errimatu zuten: Oteitza, bizitza, hitza; kultura, eskultura, esku hura; atea, artea, gizartea…

2016ko udan Donostiako estropadaren antolatzaileek erabaki zuten oriotarren 1939ko garaipena palmaresetik kentzea. Orioko herriak inoiz ez bezalako batasuna erakutsi zuen, alkateak eta belaunaldi guztietako arraunlariek egindako agerraldian, erabakiaren kontra egiteko. Agerraldirako, Donostiako Paseo Berriko Oteizaren eskultura aukeratu zuten oriotarrek, eta `Eraikuntza hutsa´ren aurrean, Jorgerekin batera, atzera begiratu zuten aurrera egiteko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide