Munduaren historian animaliek garrantzi handia izan dute gizakion garabidean. Asko eman digute: elikatzeko, haragia eta esnea; janzteko, larrua; garraiatzeko modua; babesa eta konpainia... Orain 39.000 urte Altxerriko kobazuloan bizi ziren gizakiak ondo jabetuta zeuden horretaz. Hango paretetan ordutik margotuta dauden 120 irudietatik, 91 piztiak dira; bisontea da ugariena (53), baina badira bestelakoak ere: renoa, oreina, ahuntza, zaldia, uroa, azeria, erbia, hegazti bat eta arrainak.
XXI. mendean jaiotako oriotarren herriko bizimoduan, animaliek ez daukate aurreko belaunaldietakoen bizitzan izan zuten presentzia. Hala ere, oraindik edozeinek ikus ditzake palotetan olidentarren idiak uztarrian lotuta karga eramaten, demarako prestatzen; orain gutxi arte, festetan, haurrak Gorritiren animaliekin (bigantxak, oilarrak, ahariak…) jostatzen; eta, tarteka, hondartzan zaldi-lasterketaren bat. Orain, gainera, animalientzako Katu Horia klinika dago Bikamiotan; eta txakur-gune bat futbol zelaiaren ondoan, araudi eta guzti.
XX. mendean animaliak askoz gertuago zeuden herritarrengandik. Bai arrantzaleen giroan: udaberri aldean, baporeak moilan arraina deskargatzen; eskabetxerietan, atuna eta antxoa latetan jartzen; herriak kresal usain nabarmena zuen. Bai baserritarren giroan ere: asto gainean jaisten zituzten barazki eta ortuariak plazako azokara; han asto-tokia zuten aberea lotzeko; oinak perratzera jaisten zituzten behiak, idiak, zaldiak eta astoak, Rafael Herrero errementariaren tailerrera (oraingo Kutixi kafetegiaren ondoan), eta hiltegira, haragitarako hiltzera. Plastada eder askoek erakusten zuten herriko kaleetan abereen ibilbidea.
Taxi-burro hondartzara
1970eko urteetan, Portu baserrikoen gurdi bat ibili zen uda partean, zaldi handi batek tiratuta, pezeta baten truke jendea herritik hondartzaraino eraman eta ekartzen. Turismo-postaletan agertzen zen zalgurdia, Madrileko udatiar batek taxi-burro deitzen zion. Garai hartan ohikoa zen artalde oso bat ikustea herria zeharkatzen. Oilar-borroka eta ahari-topaketa izaten zen festetan frontoian; ez zen noski Donostiako zezen-plazako ikuskizunen mailara iristen, han zezena eta lehoia ere ibili baitziren borrokan elkarren kontra.
Sokamuturra ere izaten zen San Pedrotan, goizean. Axentxio Txanka zenaren bertsoek kontatzen dute behin zezenak erriora salto egin eta estazioraino joan zela ihesi, seguru asko han trena hartuta herritik ihes egiteko: “Kofradiko arranplan sartu zan putzua, igalariya ere ez oso mantsua, madritarrak bezela artu zun bañua”.
Uztailean Gure Zirkua izan dugu futbol-zelaiaren ondoko belardian. Ikuskizun bikaina eskaini digu; baina han ez zen animaliarik. Orain, arrazoi etikoengatik, ez dira ikusten zirku gehienetan. Garai batean, elefanteak, lehoiak, tximuak… ikusi zituzten orain aiton-amona izateko adinean daudenek.
Jorge Oteizaren biografian kontatzen da txikia zela aitonaren eskutik pasean joaten zela hondartzara, eta nola abereen hiltegiaren ondotik pasatzen ziren, Xixario jatetxearen aurrean; eta han, hil(ko) zituzten behien eta txerrien herio-marruekin eta odolaren usainarekin batera, nola ikusten zituzten herriko gaztetxoak katuak buztanetik helduta arroken kontra lehertzen. Garai hartan bazen jendea zakua erriora botatzen zuena, haren barrutik katakume jaio-berrien miau-miaua entzuten zela. Eta baziren festetako asto-lasterketak makilarekin abereari sekulako jipoia emateko baliatzen zituztenak ere.
Urrea, zilarra eta brontzea
Orion sailkapen bat egingo bagenu, animaliek herriaren historian izandako garrantziaren arabera, eta olinpiadetan bezala urrea, zilarra eta brontzea banatu, seguru asko ez legoke eztabaida handirik urrea baleari emateko, ekonomian eta sinbologian izandako pisuagatik. Orioko arrantzaleek 1901ean itsasadarrean harrapatutako balearen bertsoak dira euskaldun askorentzat ezagunenak. Haiek eman diote Kantauriko azken balea-harrapaketari geroztik hartu duen ospe eta oihartzuna. Baina balea askoz lehenagotik izan zen inportantea oriotar askoren bizitzan: Haren atzetik joaten ziren Ameriketaraino XVII. eta XVIII. mendeetan; arrantzale haientzat balea bat harrapatzea sekulako aberastasuna zelako. Balea Goiko Kaleko antzinako etxe batzuen armarrian ageri da; herriko elkarte batek Balea izena du; haren ondoko plazatxoa balearen irudi koloretsu ederrek janzten dute; eta 2001etik, bost urtean behin, Balearen Eguna ospatzen dugu herrian, festa handia.
Orioko animalien sailkapeneko bigarren postuko zilarra banatzeko, egon liteke desadostasuna mirotzari edo bixiguari eman. Mirotza garrantzizkoa izan da eta da, herriaren ikur moduan, arraun giroan. “Agilutxoak” (mirotzak), horrela ezagutu izan dituzte kanpotar askok arraunlari oriotarrak. Kazetari kanpotar batek asmatu zuen izendapena, traineru horia olatuen gainean surfeatzen ikusita: “Esos de amarillo no son remeros, son aguiluchos, no reman, vuelan sobre las olas”. Benitok horretan oinarrituta sortu zuen Mirotzak kantua: herriko arraunlariei eskainitako ereserkia. 1965ean Orioko Arraun Olinpikoko elkartea sortu zenean mirotzaren hego bat jarri zion Juan Jose Loidik elkartearen irudiari.
Bixigua, berriz, oso lotuta egon da Orioren identitate eta izenarekin. “Bixigua, Orio estilora” topatu dezakezu jatetxeetako kartan, penintsulako hiri askotan. Bixiguak kokatu du Orio jatetxeen mapan; eman dio lekua eta izena, gastronomiaren munduan. Azken urteotan Bixiguaren festa ere ospatu ohi da herriko plazan, udaran.
Hirugarren posturako hasiko lirateke zalantzak eta eztabaidak, brontzea zein animaliari eman. Herritar askok (arrantzale eta eskabetxeroek), ekonomian garrantzia handia izan duten arrainei emango liekete: antxoa, hegaluzea, angula, txitxarroa, berdela, sardina, lupia, txipiroia… Arrantzale zaharrek itsasoko txakurra izango lukete gogoan, garai batean arrantzan laguntzeko baporean eraman ohi zutena, `txakurrarena´ hitzak gogorarazten diguna. Ehiztariek, ehizakiak: usoa, basurdea, oilagorra, eperra, galeperra… San Martin festetan baserriz baserri oilasko biltzen ibiltzen direnek horixe aipatuko lukete. Baina, jakina, beste batzuek, etxean daukaten maskota: txakurra, katua, arraintxoak, loroa, dortoka… Oria itsasadarreko paisaian kaioa izango da irudirik ohikoena. Azken urteotan, Oribarzar aldean astoak berreskuratu egin du aspaldi galdua zuen tokia, baita Txanka aldean ere; orain, alaitu egiten diete bidea oinezko ibiltariei.
Animalien goitizenak
Animaliak jendea izendatzeko ere asko erabili dira Orion, euskarazko goitizenetan: akaña, arratoya, azkonarra, ixurdia, leoya, moxolo, ollua, txepetxa, txingurri, txirrita, txolarra, txoriya, xagua, xapua, xoxua, zanga, zekorra…
Fabian Loidi Igeldoko apaiz-poeta oriotarrrak olerki bat eskaini zion Kukuarri mendiari izena ematen dion kukuari, neguaren bukaera eta udaberriaren hasiera iragartzen digun txoritxoari; abesti egokia, herriko lekurik altuen eta politenetakoan kantatzeko: kukuaren harrian. Errioko barran punpaka zebiltzan izurdeak ere aipatzen ditu beste olerki batean.
Benitok, txikitan, hartza ikusia du Goiko Kaleko Pilliku plazan, atzeko bi hanken gainean tente jarrita, bigarren mundu gerraren ondoren Hungriatik etorritako ijito nomada edo hungrianoen kale-ikuskizunetan.
Jabier Pikabeak Errioko jarduerak bere liburuan aipatzen du 1941ean 11 arroako (140 kg.) mazopa agertu zela errioan, Aginagako uretan, eskopetarekin tiroz akabatu zutena; eta 1987an, mortsa bat, galduta, DYAkoekin berriro itsasoratzen lagundu ziotena. Biak ere oso arrotzak dira ingurumari honetan.
Jon eta Aitor Sarasua anaiek, animalia espezie desberdinak gai hartuta (arranoa, hartza, kalparra, hontza…), disko ederra plazaratu zuten: Fauna txiki bat bertso berritan, ironia handiz piztien ezaugarriak gizakien jokaerekin parekatuz, umorez kritika sozial zorrotza eginez: “Sarasua da gure izen printzipala, nork daki bigarrena Maritxalar dala?, etzaigu egokitu suerte makala, apellidu bereko pabo erreala”.
Azken urteotan, gizakiotan bezalaxe animalietan ere, beste kontinenteetakoak etorri zaizkigu gure artera. Urdanetan eta Orioko Benta baserriaren aurrean ezohikoak ikus ditzakegu: ostrukak, bisonteak (Altxerriko kobazuloan bezala)... Kanpotik etorritakoen artean bada bat, aspaldi honetan gure artean ibili den sasi animalia txiki-txiki-txiki bat, izena aipatzea ere merezi ez duen birusa. Laster ospakizun handia egingo dugu mundu guztian, bakean uzten gaituenean.