Iazko abenduaren 13an, Lasarte-Orian omenaldia egin zioten Antonio Olideni, hango Udalak eta Michelin fundazioak. Aurtengo maiatzaren 21ean, Joseba Urretabizkaia eta Alvaro Bermejok plazaratutako liburua aurkeztu zen Arraunetxen: Antonio Oliden Konpaxa, Arraunlari eta Patroi. Orioko alkate Anuska Esnal Olidenena da hitzaurrea; eta aurkezpen-ekitaldia Ortzaikako Konpaxa baserrian jaiotako arraunlari eta patroiarentzako omenaldi bihurtu zuen alkateak (Antonioren anaia Alejandroren biloba); hunkituta, hauxe adierazi zuen: "Lau Oliden anaien artean 33 aldiz irabazi dute Kontxako bandera; horrek bakarrik ondo adierazten du zer pisu izan duen arraunak haien etxean. Ortzaikan arrauna oso estu lotuta egon da beti eguneroko bizimoduarekin, etengabe erabiltzen zituzten-eta txalupak, bai lanerako, bai aisialdirako, bai kirolerako… Derrigor sortu behar han arraunlariak!".
Arraun munduan palmares izugarriaren jabe da Antonio Konpaxa. Kontxako bandera 11 aldiz irabazia du; eta, euskaraz, hamaika asko da. Lasarteko omenaldian, Antoniorekin batera ziren Lasarteri Kontxako 1969ko eta 1973ko garaipenak eman zizkieten arraunlariak. Estropalari haietako 11 oriotarrak dira; asko, beraz: Jose Antonio Esnal, Jose Gozategi, Manuel Elizondo, Ignacio Manterola, Antonio Zumeta, Jose Ramon Aizpurua, Etxeberria anaiak: Tiburtxio eta Klaudio, Antonio Aduriz eta Korta anaiak: Jose Luis eta Bixentiko.
Ortzaikaren kasua harrigarria da. Mundu guztian ez dira asko izango proportzioan horrenbeste arraunlari on eman eta arraunean horrenbeste garaipen lortutako giza komunitateak. Hango Oliden, Olasagasti, Elizondo, Korta, Etxeberria, Mujika, Arreseigor… abizenekoek arraunean utzitako ubera izugarria da. Hori ez dago ukatzerik. Baina Ortzaika jende gutxiko auzo txikia da eta, trainerua osatzeko, inguruko baserrietako mutilak hartu behar izaten zituzten, eta herrikoak ere bai, eta horrek min handia ematen zion herriko zenbait arraunzaleri, eta inoiz okasioa ekarri du; tamalez, herria bi zati antagonikotan zatitzea ere bai.
Orioko arraunlari batzuek, kanpoko traineruetan ibili direnean ere, jarraitzaile asko izan dituzte herrian, eta batzuk sutsuak. Jose Luis Kortak, adibidez, jarraitzaile fidel asko izan ditu, bai Orion bai kanpoan ibili denean. Baina izan dira bestelako arraunzaleak ere: bestelako kolorea defendatu duen oriotarrarengatik kristorenak esandakoak. Su horrek urte asko iraun du piztuta, eta jende asko erre du. Gaur egun, Orioko traineruek ere kanpoko mutil eta neska asko dituzte; eta, beharbada, horrek gauzak beste talaia batetik ikustea ekarri du.
2020ko Lasarteko omenalditik hiru egunera, honela zekarren haren berri egunkari batek: “… homenajearon a Antonio Oliden, quien obtuvo la bandera de La Concha con Orio en 1969 y 1973”. Kazetariak hitz batean hanka sartu zuen. Aste hartan bertan txantxa hau zioen ortzaikazale batek: “Zer, beste bi bandera kendu nahi al dizkiguzue?”.
Duela 50 urteko bertsoak gogoan
Ardi galduak bilatu
Lasarten dira juntatu
Antonio jaunak moldatu
Ortzaikakoak batzuntzat txarrak
ezin baitute sufritu
lehenago despreziatu
geroztik kontra saiatu
baina txapeldun gelditu.
Itsasoan Donostian
Santanderkoa ibaian
errion, berriz, Bizkaian
hiru bandera irabazita
Lasartek dauzka herrian
merezi duten tokian
oso leku egokian
Mitxelineko balkoian.
Bertsoak Fabian Loidi apaiz oriotarrarenak dira, Claudio Etxeberria patroiak Lasarterekin 1969an irabazitako estropadei jarriak. 52 urte pasa diren arren, bada oraindik ere kalean eta buruz kantatzen dituenik. Antonio Konpaxa ere garaipen haien atzean zegoen: traineruan sekula ibili gabeko baserritarrei arraunean erakutsita egin zuen posible itsasorik gabeko Lasartek Donostiako bandera irabaztea. Bertsoak gogoan 52 urtean izateko, ortzaikazaleari emozio handia eragin ziotelako.
Lasarte-Michelin eta Orioren arteko lehia
Aurten 100 urte beteko dira La Union izeneko kuadrillak irabazi zuela Kontxako estropada (1921), patroi Aita Manuel zutela. Pasaiako San Pedro eta San Juanen arteko batasuna zen La Union hura. Udalerri bereko bi herri batu ziren aldi hartan. Estropada eta bandera irabaziagatik, batasunak ez zuen iraun; 1921 eta 1922an bakarrik uretaratu ziren, ontzi berean; bi aldiz eta kito, nahiz eta batean irabazi!
Ortzaikaren eta Orioren artekoa ez da izan San Juan eta San Pedroren artekoa bezainbestekoa. Urte askotan elkarrekin uretaratu dira bateko eta besteko arraunlariak, baina hainbatetan Ortzaikakoak beste kolore bateko ontzietan ibili dira, eta inoiz lehia grinatsu eta gogorra izan dute elkarren artean, txinpartak atera izan dira. 1969tik 1975era, zazpi aldiz segidan oriotar bat patroi zuen traineruak irabazi zuen Kontxako bandera: bost Oriok, Altxerrirekin; eta bi Lasartek, bana Claudio Gorria eta Antonio Olidenekin. Garai hartan Orio eta Lasarte-Michelin ziren bi traineru onenak, eta beren artean sekulako lehia erakutsi zuten; gehiegizkoa ere izan zen, kirol lehia jatorraren mugak gainditu zituen zenbait aldiz.
Garai eta giro haiek gogoratzen hasita, badira kontatzen dutenak Lasarteko traineruko mutil batzuek izututa pasatzen zirela entrenamenduan Orioko zubiaren azpitik, goitik entzuten zituztenen beldur. Era berean, badira gogoan dutenak 1973an gainerako estropadetan Oriorekin jokatutako mutilak, Itziarkoa zelako, ezin izan zuela Donostiako estropada jokatu, Lasartek inpugnatu egin zuelako haren parte hartzea. Mutil hura lehorrean geratu zen, eta bandera Michelinek eraman zuen.
Behin emakume baserritar bat ortuko barazkiak saltzera Orioko plazara etorrita, hala esan zion herriko beste emakume batek: “Hi, semea Lasartera joan baldin bazaizue, tomateak saltzera ere joan hadi Lasartera”. Izan zen herriko komertzio txiki bati boikota egitea proposatu zuenik ere; hori bai ezkututik, eskuorri anonimoen bidez, aurpegia eman gabe; eta, tamalez, izan ziren deialdiari kasu eginda boikota gauzatu zutenak ere. Zoritxarrez, era horretako jokaerek XXI. mendera arte iraun dute bizirik.
Orio eta Ortzaika
Orion bi kulturaren arteko talka gertatzen zen: itsasoari eta arrantzari lotutakoena, batetik; eta mendiari, baserriari eta nekazaritzari lotutakoena, bestetik. Lehenengoak ondo ordezkatuta sentitu izan dira herrian; bigarrenak, beti ez. Urte batzuetan, gehiegitan, dibortzioa gertatu izan da bi jendarteen artean, eta baserritarren ordezkari-edo izan dira beti Ortzaikakoak, eta oriotarrei aurre egiten saiatu dira. Horrelakoetan, errioan gora jo behar izan dute, laguntza bila; eta, goraka, Aginaga izan dute lehenengo herria, elkarren osagarri bikainak izan dira boladetan. Gero, handik gora, Usurbil, Lasarte eta Tolosara ere iritsi izan dira.
Ortzaikak, Aginagak Usurbilekin duen antzeko nortasun auzia izan du Oriorekin, belaunaldi batzuetan behintzat. Horrelaxe esan zuen behin Ortzaikan jaiotako pertsonarik ezagunenak, Jose Luis Kortak: “Ortzaika errepublika independentea da, Orioko auzo rebeldea. Gure artean beti izan da elkar ikusi ezina. Beti izan gara kontrario. Oriorekin genbiltzanean onak ginen, baina ez zirudien bertakoak ginenik. Eskolan ere maisuak hala moduz tratatzen gintuen. Gurekin irabazi egiten zuten, baina gure kontra, gehienetan galdu”.
1946, 1954, 1967, 1973, 1974… urteak, polemikoak izan ziren oso; 2001ean, Korta entrenatzaile eta patroi zutela, Castrok Kontxan irabazi zuen banderak gori-gori jarri zuen berriz garai bateko giro mikatz hura, agerian jarri ziren berriro ika-mika eta liskarrak.
Oria, Orio, Ortzaika, Oliden… oroitzapenak. O dute denek lehen letra, borobila, gure herriko arraunlarien historia bezalakoxea; oparo bai, baina oro ez da urre izan. Artikulu hau luze dirauen gatazka baten kronika da. Zorionez, askoz gehiago du iraganetik orainetik baino. Ez zaigu komeni gerora iritsi dadin, etorkizuna izan dezan; eta, horretarako, ona da gatazkaren historia ezagutzea.