Kantabriako presidente Miguel Angel Revillak apirilean telebistan esan zuen Orion egon berria zela. "Alabarekin jatetxe batean izan nintzen bazkaltzen. Herriko jendea hurbildu zitzaidan, eta besarkatu. Gauzak asko aldatu dira; lehen, beste batean, hanka egin behar izan genuen Oriotik". Hori esan zuen, ETArena bukatu denetik gauzak zenbat aldatu diren eta euskaldunak zer jatorrak garen adierazteko.
Revillari gustatu egiten zaio bere ahotsa entzutea, eta hitz eta pitz jarduten da. 500 argazki egin omen zituen Orioko Itsaso jatetxean, jendearekin.
Denok dakigu 500 argazki esatea gehitxo dela; baina oriotarrok, gainera, badakigu Orion ez dagoela Itsaso jatetxerik. Adibide egokia da jakiteko entzundakoak, eta irakurritakoak ere, galbahe kritikotik pasatzea komeni dela beti.
Ez dira asko, kanpotik etorrita, munduari Orio eta oriotarren berri eman diotenak, baina batzuk bai, seguru asko Revilla baino fidagarriagoak. Antonio Zabala jesuitak Auspoako hiru liburutan eman zigun Orioko bertsolarien berri: Errikotxia, Gaztelu, Txanka, Saikola, Itxaspe… Ana Maria Etxaidek El castellano en el habla de Orio liburuan azaldu zigun 1950eko oriotarrek erdaraz nola hitz egiten zuten. Loli Erkizia, Elena Sierra eta Mari Carmen Urbizuk, 1970ean, Orio entre la ría y el mar liburuxka idatzi zuten: historia, jaiak, tradizioak… Historialariak ere izan ditugu: Marta Truchuelo eta Antxon Agirrek liburu bana idatzi zuten: Orio historian zehar 2003an Martak eta Orio oro hori 2011n Antxonek. Donostiako Untzi Museoaren Itsas Memoria aldizkariaren zortzi aleetan, Orioko itsas ondarearen berri (arrantzaleak, ontziolak…) eman dute hainbat adituk: Lourdes Odriozola, Xabier Alberdi, Jose Mari Unsain, Soko Romano…
Wilhelm Von Humboldt zientzialari erromantiko alemana ere izan zen Orion, 1801ean, eta hitz gutxi batzuk utzi zituen gure herriaz, 1801, Euskaldunen herrian barrena liburuan. Zioenez, Oriok 100 etxe inguru zituen, batzuk eder askoak, eliza, udaletxea eta frontoiaz gain. Etxeetako armarriak eta haietan tailatutako irudiak goraipatu zituen: arranoak, lehoiak, gizon basatiak...
Selma Huxley euskal balea-arrantzaleen ikertzaile kanadarrak hauxe zioen, 1993an, Goiko Kaleko etxe zahar batzuk botatzeak eragin zion mina adierazteko: "Orain 20 urte zirrara sentitu nuen Orioko etxe historiko gehienak zutik ikusita. Azken hiru urteotan hiru bota dituzte, XVI. mendeko itsas gizonenak: armarriak, leiho gotikoak, grabatuak (arpoilaria, txalupa eta balea)... Egungo oriotarrek zergatik ez dute zaintzen gune historikoa?".
Literaturan ere badira Orioren aipamenak. Adibidez, Gabriel Celaya poeta hernaniarrak 1968an plazaratutako Canto en lo mío liburuko olerkia: "Orio sencillo y difícil, todo está por inventar. En tu playa he descubierto que el mar –¡amor!– es la mar". Kirol kazetari batek hauxe utzi zigun 1950 aldean: "Oriotarrek arraun ez, hegan egiten dute olatuen gainean, mirotzak dira (aguiluchos)".
Eusko Ikaskuntzak 1927an Mathilde Van Eys-en oroitzapenak eman zituen nazioarteko aldizkarian: Souvenirs d´un voyage dans le Pays Basque en 1866. XIX. mendeko hemengo bizimodua ezagutzeko argibide politak eskaintzen ditu. Bada bat Orioren aipamena egiten duena: "Zarauzko ostatutik paseo luze bat egin dugu Orioko mendiraino. Saltinbankiak ikusi ditugu. Euskaldun batek inoiz ezingo luke lanbide hori izan". Horixe gogorarazi zigun Andoni Egañak Berrian (2018-12-12). Van Eys andreak Revillaren antzeko txerpolari kanpotar bat topatu zuen nonbait egun hartan Orio aldean, hitz eta pitz hura ere.