Aginagako 'Herri txiki, infernu handi' ikusi genuen duela gutxi ETB1en. Historiaren joanean, herri barruko gatazkak bai, baina muga egiten duten herri txikien artekoak ere asko izan dira. Gehienek gehiago dute komediatik tragediatik baino. Ika-miken adibide asko dago. Azpeitia eta Azkoitiaren artean, Loiolako Inazioren jatorria bereganatzeko. Pasaiako sanjuandarrek esan ohi dute San Pedrok duen onena aurrean San Juan edukitzea dela; sanpedrotarrek itxaferoak zuzenean botatzen omen zizkieten bestaldekoei...
Zarauzko eta Getariko arrantzaleek auzia izan zuten 1878an, batera harrapatutako baleak norentzat behar zuen erabakitzeko. Mutrikuarrak eta ondarrutarrak ere liskarretan ibili ziren 1888an; ondarrutarrek, estropada irabazita, Debako musika-bandarekin ospatu nahi zuten garaipena; baina ezin izan zuten, mutrikuarrek harrika hartu zituzten Debako musika-bandakoak, eta herritik pasatzen utzi ez.
Orioko historian ere badaude haserreen adibideak, gehienak arraun girokoak: 1911n, getariarrak Mendibeltzeraino etorri ziren, irabazitako bandera handik oriotarrei erakustera. Donostiako arraunzaleek, 1915ean, San Martin kalean Orioko traineruaren hileta antzeztu zuten, prozesio eta guzti. 1983ko banderak Orio eta Zumaiaren artean ekarri zuen okasioa. Orion bertan, boladetan, hainbat tirabira izan dira Orio eta Ortzaikaren artean, estropada garaian.
Garai batean Zarauzko musika-plaza izan ohi zen Getariako eta Orioko mutil gazteen arteko borroka- tokia. Testosterona kanporatzeko modu hoberik bilatzen ez, eta muturrekoka konpontzen zituzten elkarren artekoak. Elkar tentatzeko esaldi eginak ere badauzkate bi herriotan: Hara, hi, ijitoak, getariarrak, eta Getari, joiok zakila paretari oriotarrak.
Aiak bandera bat du arraunean irabazia, 1934an bateletan. Lau mutilak baserri berekoak ziren,
Oribarzarrekoak: Pedro eta Juan Aizpurua anaiak eta Modesto eta Gregorio Makazaga anaiak. Batelak oraingo tren-geltokiaren izen berbera zuen: Aia- Orio. Mutil haiek zer ziren, aiarrak edo oriotarrak? Auskalo! Estropada jokatu arte dena ondo joan zen. Eztabaida gero sortu zen: non utzi bandera, Aian edo Orion? Baserria Aiako udalerrian dago, batela eta arraunak Oriokoak ziren; eta bi herriek nahi zuten bandera herrirako. Azkenean, Aiako Udalak ontzia eta arraunak erosita, bandera gora eraman zuten.
Gatazka serioagoa izan zuten 1951-52an. Oribarzar, Altxerri eta Arratola inguruko 24 baserri Aiatik desanexionatu eta Oriora pasatzekotan egon ziren. Hori gauzatzeko, hainbat bilera eta joan-etorri egin ziren. Inguru horretako etxe jabeak botoa ematera ere iritsi ziren. Espainiar Gobernuko Ministroen Kontseiluak desanexioa onartu zuen; baina, zenbait arrazoi tarteko, dena bertan behera gelditu zen.
Aiarrek asteasuarrekin ere izan zuten tirabira bat, tartean apustu bat zela. Beste askotan ez bezala, auzi hura ondo bukatu zen, istilurik gabe, eta zergatik eta aurten 100 urte hil zen Pello Errotaren bertso batengatik.
Asteasuko behiak lehian aritu ziren Aiako idien kontra. Asteasukoek galdu egin zuten norgehiagoka; eta hango jendeak diru franko ere bai apustuetan, tartean Pello Errota bertsolariak. Aiarrek zirikatu egin zuten Pello, kantatu zezan eskatuz. Halako batean, kantuz ekin zion: Kantauko ́izuet bañan, ez oso umorian, gizona tristia dek galdu ondorian, etorri gaituk zerbait eiteko idian, lapurrik ateratzen bazaigu birian, marabedirik ez dek nire poderian.
Aiarrek bertsoa entzunda esan zioten txapela pasatzeko. Apustuan galdutakoa baino diru gehiago bildu zuen bertsolariak. Hark ekarri zuen egun hartako bakea.
Gatazka guztiak bertsotan konpontzen bageneki, orduan bai ederki!