Oroimenaren kutxa

Oria ibaia, gure errioa

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2019ko urt. 30a, 11:51

Aurtengo Donostiako zinemaldian Koldo Almandozen Oreina filmak Oria ibaiaren bazterrak erakutsi dizkigu, Aginaga eta Orio aldeko paduretako txoko ezkutuak, modu eder eta poetikoan.

Jakintza handia dago Orian, beharbada Xabier Lizardi poetaren emazteak senarra zuenaren liburu asko ibaira bota zituelako, haren liburutegi partikularrekoak, 1936ko udan, faxista Tolosan sartu berrien beldur.

Oria guretzat errioa da, ibaiak itsasoarekin bat egiten duen eremua, menditik datorren ur geza itsasoko ur gaziarekin nahasten den gunea. Ibaian ura beti behera doa, menditik itsasorantz. Errioa berezia da, ura gora eta behera dabil, etengabeko jin-joanean, betiereko aldaketan. Oteiza zenak, gorakoan, errioa arnasa hartzen ikusten zuen; beherakoan, botatzen. Errioan, lurrak eta itsasoak bat eginda, ura gazi-geza da: lurrak badu itsasotik, eta itsasoak ere bai lurretik, osagarritasun ederrean: yin-yang perfektuan.

Aizkorriko lurpean jaiotako ur arrastoa, Goierrin erreka bihurtuta jaisten da mendian behera. Beterriko ibarretan ibai eginda, itsas aldera, erreketako urak batuz, gizentzen eta zabaltzen da ibaia. Aginaga aldean, meandro dotoretan jolastuz bezala, Saikola, Xamaisti eta Motondoko paduretara iristen da, fauna eta flora berezia duten habitat aberatsetara. Aizkorrin ur arrastoa zena errio bihurtu da; eta itsasoratu aurretik, Portu eta Altxerriko erreketako urak batzen zaizkio.

Errioan batzen dira Oria ibaia eta Kantauri itsasoa: Oriori izena eta kolore horia eman dizkion ibaia, eta mundura zabaltzeko balio izan digun itsasoa. Orio eta Aia ere errioaren ertz batean banatzen dira, edo batzen. Agian, bien izenen baturak eman dio izena errioari: Orio eta Aia ezkonduta.

Orioko herriaren izaeran beti egon da presente ura, erriokoa eta itsasokoa. Lanerako: arrantza, ontziolak, kontserba-fabrikak, arraungileak, sare-jostunak… Eta aisialdi, kirol eta erronkarako: arrauna. Arrantzak balea du ikurra; arraunak, trainerua. Horiek ireki gaituzte kanpora. Arrantzan, Ternuaraino joaten ziren balearen bila, Afrikaraino joan izan dira hegaluzearen atzetik. Arraunean, ia mundu osora atera dira estropalariak lehiatzera, garaipenaren bila. Arrantzak eta arraunak, biek eman diote nortasuna herriari. Biek, asko. Oriok ere bai biei.

Baina dena ez da izan ematea. Kendu ere egin dio urak Oriori: arrantzale eta arraunlari askoren bizia; errioan, barran, arrokan eta itsasoan. Itsasoratzeko etxetik atera, gero arte esanda, eta sekula itzuli ez. Urte tragikoen zerrenda luzea da: 1730, 1922, 1932, 1952, 1975… Barra-muturrean itotakoen izenak jarrita dauzkagu plaka batean, barran. Haien oroigarri, poetaren bertso ederra: Oriotarren kezka minena da barra, itsasorako duten urbide bakarra, ogi bila joateko igaro beharra, heriotza dutela zelatari zaharra.

Benito Lertxundi `Uxkun´ek Oria ibaiari egin zion abestia bere kantutegiko ederrenetakoa da: Gure bazterrak bustitzen dituzun ibaia, aspaldian ustelkeriz zikindurik zatozena. Oraindik ere ikusten dut bizi nahia, borondatea eta maitasuna igeri dabiltzala zure handitasunean. Pozoiketa ez da nahikoa zure hats bizikorra itotzeko. osasuntsu ageri zara, eta oraindik gazia den zure gatza eskertzen dizute arraitxoek.

Nik zure barnetaraino murgildu nahi dut gaur, zure maitasunean igeri egin; zure bustitasunean abiatuko naiz heriotza menperatzeko duzun sekretuaren bila, edertasun guztien leku izan nahi duzunez gero, hala izan zaitezen, bizitzaren kantu zaren Oria ibaia.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide