Oroimenaren kutxa

Hamalauko historikoa

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2019ko urt. 30a, 11:41

Garai horretako arraunlari guztiak ziren ahobizi.

Non sortu zen euskara? Hori galdetu ohi du askok. Baina galdera nagusia da nola iraun duen bizirik gaur arte. Horren erantzuna zor diogu munduari, gai horretan dugun jakinduria. Gaur arte irauteko, orain baino lehen ere batzuk saiatu ziren gogotik.

Euskaraldiak hamaikakoak eratu ditu herriz herri. Orion, trainerua ikur hartuta, hamalaukoa osatu da, euskara erabil konpromisoa hartu duten herritarrek osatua.

1) Manuel Olaizola jarriko nuke patroi. Traineruan patroiak asko du sinbolikotik. Olaizola da gure aurreneko patroi handia, lehenengo bandera ekarri ziguna. Ciaboga aldizkarirako elkarrizketa egin zioten behin. Ciaboga erdara hutsezkoa zen, baina kazetariak euskaraz egin zion; Olaizola ez omen zelako gauza erdaraz egiteko. Beharbada ez zen horrela, agian bere hizkuntzan egin nahi zuen, besterik gabe. Lehenengo ahobizia.

2) Jorge Oteiza, hankeko, atzera begira beti aurrera. Berak ez, baina haren apostoluek euskaraz egiten zuten. Oteizak eman zion izena Ez dok amairu taldeari, Jorgek astindu eta esnatu zuen lozorroan zegoen euskal kultura. Lehenengo belarripresta.

3) Jose Lertxundi, XIX. mendean Marokora joan eta arabiera eta berbereen hizkuntza ikasi eta haien gramatika idatzita, tokian tokiko kulturaren garrantzia erakutsi zigun frantsizkotarra.

4) Santos Orbegozo, 1901-05-14an barraren aurrean balea nola harrapatu zuten bertsotan azaldu zigun bertsolari-kazetaria.

5) Maria Camino, `Maria Maistra´, bertso txiki bat bota nahi nuke, nongoa naizen esanaz, amak esan dit oriyotarra bihotz-bihotzez jaiotzaz, hemen hazi naiz alai ta mardul beti euskeraz eginaz, horregatikan bizi guztian mintzatu nahi det euskeraz. Bertso hori erakusten zien herriko haurrei. Horrekin dena esana dago, erabilerak motibazioa behar baitu.

6) Josepa Treku eta Gregori Lertxundi, emakume zirelako bertsozaletik bertsolarirako urratsa eman ezin zuten emakume gartsuak, bere garaiko kantu eta bertsoen lekukotza eman zigutenak.

7) Fabian Loidi, herriko arrantzaleen eta arraunlarien kontaerak olerki ederretan azaldu zizkigun apaiz poeta.

8) Manuel Lasarte, ahozko hitzaren dotorezia zuena..

9) Joakin Arostegi, sermoietan eta liburuetan euskara jantzia erakutsi zuen apaiza.

10) Errikotxia, Gaztelu, Txanka, Saikola, Itxaspe…, herriko eguneroko bizimoduan bertsoa txertatu zuten bertsolariak, bertsoen bidez festa jartzen jakin zuten gizon alaiak.

11) Karmele Esnal. Lehenengo ikastolak sortu ziren garaiko irakasle aitzindaria.

12) Sotero Plazaola, Orioko ikastolaren sorreran hainbat herritarrekin batera lan egin zuen apaiza.

13) Jose Mari Sarasua, Aretxabaletako etxean emazte Mertxe Maritxalarrekin batera, euskal kulturari oso ekarpen handia —ahoz eta idatziz, prosan eta bertsotan— egin dion familia euskaltzalea sortu zuena; eta lanean eta gizartean ere euskaraz modu koherente eta eraginkorrean bizi izan zena. Lapurdiko Itsasun zendu berria den Aitor bertsolari fina horren erakusgarri.

14) Bukatzeko, Altxerriko kobazuloan babestu zen gizakiaren garaira joko dugu, eta gogora ekarri gure toponimia ederra asmatu zuten ederzaleak: Kukuarri, Talai Mendi, Mendibeltz, Anarri, Oribarzar... Eta belaunaldiz belaunaldi euskaraz bizitzeko hautu kontziente eta koherentea egin duten herritarrak: baserritar, arrantzale, etxekoandre

Anjel Lertxundik Berria egunkarian gogoeta hau egin zuen: Etikak duintzen ditu gizakia eta gizartea, bai antzinako munduan bai gaurkoan; eta etikak dio gure gurasoek eta aiton-amonek eman diguten hizkuntzari eustea sakratua behar duela izan.

Horretan lagundu ziguten hamalauko historikokoek. Haiek izan ziren euskara gureganaino ekartzen ezinbesteko kate-begiak. Oraingo Euskaraldiak ere horretarako balioko digulakoan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide