Iraileko Karkarako artikulua asmakizun batekin bukatu nuen: Ura balego, ardoa edango, eta urik ez dagoelako ura edan behar. Zer egoeratan esaten da hori Orion?.
Esaldia Anjel Alustizak bota zidan, erantsiz Orion bakarrik esaten dela. Asmakizunaren erantzuna ere eman zuen, jakina. Kalean ere baten batek asmatu dit erantzuna: Baporeak itsasotik etorrita, barran sartu aurretik, begiratu egiten zuten ea nahikoa urik bazen barran sartzeko, ur gutxirekin arrisku handia zutelako olatu batek arroketara botatzeko; eta barran urik ez bazen zain geratu behar izaten zuten, errioaren bokalean, eta herrira iritsi bitartean ezin ardorik edan, urarekin konformatu behar.
Herri guztietan daude xelebrekeriak, kontatzeko, kantatzeko…, dio euskal kantu batek. Eta hala da, gurean ere bai. Hitzekin lotutako xelebrekeriak ekarriko ditugu idatzi honetara.
Nik eninin nainuna nainunen, nai enuna inin, naienunen. Ene! A zer esaldia, n letraz josia! Ez du edozeinek ulertuko. Oriotar batek bai, bere hitz egiteko tankeran esana dagoelako. Egin proba zuk, irakurle: irakurriozu, ozen, altu eta azkar, esaldia herriko bati, esaldiari zentzua emanez, eta ehuneko ehun denek ulertuko dute zer esan nahi duen: Nik ez nian egin nahi nuena nahi nuenean, nahi ez nuena egin nian, nahi ez nuenean. Jostatzeko ariketa polita.
Egunkari batean hauxe irakurri nuen aurtengo apirilean: Zarauzko Oriokieta eskolan…. Ez da harritzekoa oker hori egitea, eskolaren benetako izena oso antzekoa baita: Orokieta. Orioko eskolak, berriz, Zaragueta du izena. Hizkiekin jolasa eginez, Oriokoari Zarauzgueta deituko diogu. Horrela: Zarauzkoa Oriokieta eta Oriokoa Zarauzgueta.
Azken urteotan Zaralardi izena dute Aia eta Orioko eskoletako ikasleen eskola-kiroleko taldeek; izena bi ikastetxeenak batzetik sortuta: Zaraguetaren Zara- eta Lardizabalen -Lardi.
Ipuin batek, berriz, kontatu zigun Orio eta Aia batzen dituen ibaiaren izena (Oria) bi herrien izenekin jolastuz sortua dela: Orioren lehen bi letrak Or- eta Aiaren azken biak.
Ingeles irudimentsu batek, Orio pixka bat ezagutu zuenean, beste izen bat asmatu zuen herri arraunzalearentzat: San Remo. Aginagari, berriz, Angulinaga esaten zion. Euskaldunontzat karneta `nortasun agiria´ dela jakinda, atzerritarrena asmatu zuen: `nortasun giria´. Irudimena eta umorea ditu dosi handitan nire lagun ingelesak.
Lehengo batean Antton Olariaga `Zakilixut´ek galdetu zidan ea nola den posible txapela ere horia janzten duen Benito Lertxundi oriotar horizaleak bere kanturik ezagunena honela bukatzea: Hori ez, hori ez…, behin eta berriz errepikatuz, ahotsa urratu arte.
Ez dut pentsatu ere egin nahi zer gertatuko litzatekeen Oriok aurten Kontxan irabazi eta Rivera eta Arrimadas Ciudadanoskoek alirona ikusiko balute, Kike Amonarrizek. Bi `Hiritar´ ospetsuak ere hori ez, hori ez kantari hasiko ote lirateke, ba?.
Adibide gutxi batzuk besterik ez dira aurrekoak, hitzarekin jostatuz gozatzen dakiten batzuek asmatuak, hizkuntzaren plazer estetikoaz zerbait badakitenenak. Eskolan eta euskaltegian hizkuntza lantzen denean, lagungarri izango da deklinabidea eta aditz-taula ikastea; baina hizkuntzarekiko maitasuna eta atxikimendua bestelako bideetatik etorriko da. Hizkuntza bizigarri bat nahi dut egin herri bizigarri batean zioen Heinrich Böllek. Hala gogorarazi zigun Anjel Lertxundik Berrian urriaren 7an. Euskara biziberritzeko behar ditugun `ahobizi´ eraginkorrenak horiexek izango ditugu, hizkuntza erakargarri egingo dutenak.