Bi euskaltzaleren arteko eztabaidaren lekuko izan nintzen lehengo batean. Bata ezkor samar ageri zen, kezkatuta: Orion lehen bai, euskaraz bagenuen gatza eta piperra; orain, berriz, gazte batzuek kinto afarirako eta parrandarako deia egin nahi eta, hitzak errimatuz grazia pixka bat izateko, erdararen premia sentitzen dute: `Y si la vista no me engaña, se avecina gran castaña´, eta eskolan euskaraz ikasitakoak izango ziren.
Bestea baikorragoa zen: Gutxienez hitzekin jolastu zaleak dituk, hori euskaraz ondo egiten badakitela, saiatuz gero, `ondo janda ta hobeto edanda, sekulako parranda¨. Horixe diagu guk lana, eskolekin batera.
Baina ezkorra ez zegoen horren erraz etsitzeko: Eta aliron batean, plazako balkoi batean ba al dakik zer jarri zuten? `Mar gruesa o mar bella, a Orio no le hace mella´. Zer iruditzen zaik? Alirona ere nahiago ditek erderaz kantatu, `oriotarra campeón´, nahiz eta euskal bertsioa ere asmatuta dagoen.
Optimista ez zen zapuztu, hala ere: Kexa alferrikakoa dek, horrek ez dik balio ezertarako. Gazteei aukerak eman behar zizkieagu, beste modurik ez zegok; hitzak falta zaizkiek gazteei, esamoldeak, bizitasuna, egia da bai hori galdu dutela gazte batzuek euskaraz, eta hori berreskuratu beharra zegok.
Anjel Lertxundik etxerako lana jarri zigun 2014ko ekainean, Karkararen 25. urteurrenean: herriko hiztegia osatzen hasteko. Anjeli berari entzun genion bere emazteak zer hitz esaten dizkion, txantxetan, oriotarron hizkera imitatzeko: Orioko karamelok merkek eta goxok, jateko mokok.
Ibon Gaztañazpi abiatu zen zeregin horretan: Orioko arraun munduko hitzak bildu zituen, eta hitzaldi batean eman zuen haien berri, orain bost bat urte, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Txosten batean jasota dauzka. `Biraorikan ez duen hizketa garbia´ dio aspaldiko euskal kantu ezagun batek. Gure artean zabalduta dago euskaraz ez dagoela maldiziorik edo biraorik. Baina Ibonek entzuten zituen, ba, galantak, bere arraun saioetan, Kortaren garaiak ziren haiek: eriya, putakumia (hau gehien), hankamehea, besamotza, eukalitua, arto txokorra, zimaurra, paketeko oilaskoa, kondoya, zapua, artagaya, elbarriya, hontza, barrabil zorrua, arbiya, putitxeko palankanerua… Hizkeraren bizitasunaren adibide diren esaldi xelebre askoak ere jaso zituen: Jesukristok gurutzen baño aurpegi txarragoa dakak! Nahiago nikek barrabiletako zainak lehertuko balitzaizkik! Zapuak baño gehio jango huan! Korrokoiaren olatuakin ere balantza egiten diagu! Ia motel! Abante egiten ez badek ere, ziarik ez egin!
Ondo jositako euskal hitz ederrak izan zituen Iñigo Fernandezek ere `Surfa eta paradisua´ bere lehen liburuan. Haren bitartez, surfaren mundua eta munduko surfa azaldu zizkigun, idazkera aberats eta dotorean.
Irailean Ibai Esoainek Zarauzko 34. Basarri Saria irabazi du. Zortzi bertso dotoretan neguan anguletan dabiltzanen giroa azaltzen digu. Anguletakoa Orion oso sustraituta dagoen jarduera da, aspaldikoa. Ibaik arrantza mota horretako hitzak ekarri ditu bertsootara: baya, lohia, zira, txitxarea, arrastan, polainean, amuka, aingura, aingira…; baina gainera ederki josita, eta hitzen bigarren esanahiarekin hitz-jolasak eginez.
Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Jon Redondok borobildu du proposamenen zerrenda: Euskalkirolaria programaren bidez, zera aldarrikatu du: kirol bakoitzeko terminologia jasotzeko eta teknologia berrien sare sozialetan zabaltzeko, erabil daitezen.
Anjelek eskatutako hiztegia ez dugu orain osatuko. Agian, datorren urtean, Karkararen 30. urteurrenaren aitzakiatan egin genezake ahalegina. Hala ere, ni nago hitzak bai, baina batez ere hitzekin jolasteko eta gozatzeko modua behar dutela gazteek, hizkuntzaren plazer estetikoa. Egin dezagun horretarako bidea. Badirudi asko gabiltzala norabide berean. Badugu nondik abiatu.
Karkararen hurrengo zenbakirako asmakizun bat proposatuko dizuet, ea nork asmatzen duen: “Ura balego, ardoa edango, eta urik ez dagoelako ura edan behar”. Zer egoeratan esaten da hori Orion? Ea zer kolore hartzen diozuen asmakizunari! Pista bat: arrantzaleen girokoa da.