Oroimenaren kutxa

Itsasoak ekarritakoa

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2019ko urt. 30a, 10:26

Ana Mari, Paulo, Angel eta Maite Fernandez Martikorena, izeba Mariarekin.

Aurtengo abuztuaren 2an desenbarko bat izan genuen Orion. Hogei arraun-ontzi lehorreratu ziren, hiruna arraunlarirekin. Mutrikutik zetozen. Biharamunean Pasai aldera jo zuten. Euskal kostaldea zeharkatzen zebiltzan. Astelehenean Castrotik abiatuta, larunbatean Donibane Lohitzunen bukatu zuten itsas bidaia. Donibane Lohitzuneko Ur-ikara elkarteak antolatzen du urtero, orain hogeita sei urte hasita. Gehienetan izan da Orio etapa-bukaera eta arraunlarien aterpe: plazan afaldu eta kiroldegian lo egin.

Aurten, lehenengo aldiz, oriotarrak ere baziren arraunlarien artean: Jon Torrotxo eta Ibon Gaztañazpi, eta aspalditxo Oriora ezkondutako David Elustondo zarauztarra eta Andoni Torres donostiarra. Andonik hirugarren aldia zuen aurtengoa.

Kiroletik eta lehiatik ere badu itsasoko ekimenak; baina bestelakotik ere bai: tradizioa, portuak eta jendea ezagutzea, patxadaz eta presarik gabe ibiltzea, itsasoaz gozatzea, atsedena, gastronomia, Iparra eta Hegoaren arteko harremanak sustatzea…

Andoni Torres donostiarrak oriotarra zuen birraitona Tiburtxio Martikorena Exkerra. Biak arraunlariak. Bata Donostian, bestea Orion. Tiburtxio arraunlari bai, baina arrantzale ere bai, bizitza osoan. Behin patroi joan zen Orioko traineruan Donostiako estropadara, 1921ean, Manuel Olaizola patroi historikoak patroitza utzi ondoren. Lehen estropada egunean, Tiburtxio eta bere mutilak arraunean joan ziren Oriotik Donostiara. Bidean, getariarrak egokitu zitzaizkien parean, trainerua bapore batek atoan zeramala. Getariako mutilak zirikatzen hasi zitzaizkien oriotarrei, ea zer egin behar zuten atunetarako ontzi zahar handi harekin. Egun hartan Orio nagusitu zen. Bigarren estropada La Union klubak irabazi zuen, San Juanek eta San Pedrok historia guztian elkarrekin egin duten urte bakarrean. Haiek eraman zuten bandera, Orioren aurretik, segundo bakar batengatik.

Maite txikiak artean urtea bete gabe, aitaren izeba donostiar batek hartu zituen lau anai-arrebak, bi neska eta bi mutil. Han hazi zen neska, Donostiako kaian,  Aquariumaren ondoko etxe batean. Maitek hamar urte zituela, aitona Tiburtxiok berriro Oriora ekarri zuen, Antonio Martikorena eta Josefina Uranga osaba-izebenera. Han bizi izan zen, harik eta 14 urterekin Donostiako Bulebarreko bonboneria batean lanean hasi behar izan zuen arte. Geroztik han egin du bizitza guztia Maite Fernandez Martikorenak. Eta han jaio ziren bere hiru seme-alabak. Haietako bigarrena da Andoni, historia hau azaldu diguna..

Gerra ondoko urte ilun haien berri ez zen transmititu etxe askotan, ezkutatu eta isildu egiten ziren orduko kontuak. Andonik ez zekien ezer askorik bere jatorriaz. 1998an baina, Donostiako estropada-egun batean, Orioko San Martin auzoko Anpolaita etxeko Nerea Gutierrez Esnalek ezagutu zuen.

Estropada eguneko topaketak ezkontza ekarri zuen handik urte gutxitara (La Union), eta mutil donostiarra Oriora ekarri zuen bizitzera. Orion jakin du bere arbasoen berri zehatza.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide