Ezer ez eta festa. Gustuko nuela esaldia. Horixe idatzi nuen moila bazter honetan orain urte eta erdi. Esaldiari moldaketak egitera natorkizue gaurkoan.
Urriaren bigarren asteburuan bizitakoa hobeto ulertzeko hitz bat gehitu behar zaio esaerari.
Ezer egin ez, eta festa.
Hogei urte dira lagunen burugogorkeria eta ilusio neurrigabea kokteleran sartu eta Goiko Kaleko festak berreskuratu genituela. Hamar-hamaika urtez jardun genuen saltsa horretan. Lan dezente, baina gozamen ikaragarria ekarri zigun. Hamarkada batez, udazkenero izan genituen Trapu zaharrak atrezzo eta soinu banda. Eta aurretik eta atzetik espezialitate bihurtu genuena, bilera-afariaren formula. Prestaketetan eta balorazioetan ez genuen sekula mokadurik falta izaten. Zein baino zein menu ilustratuagoak izaten genituen. Gure artean baziren sukaldari finak, kontable adituak, barman eta barwoman profesionalak eta enparauak.
Beste aldaera bat. Zerbait egin, eta festa.
Lan pixka bat egin aldiro, bizipoza taldeari. Hura izan genuen urteetako mantra errepikatua.
Jaia bai, aldarrikapena ere bai. Auzoa biziberritzea ere bazelako helburua. Dena beherantz zihoala sumatzen baikenuen. Beheko kalera, erremediorik gabe, bai bizilagunak, baita kaleetako bizitasuna ere. Asteburu batez bada ere, paradisu txiki bihurtu nahi genuen gure Alde Zaharra.
Gozamena baino karga gehiago zela ikustean, etapari bukaera ematea erabaki genuen. Goikokaletarron estilora, Benta Zaharreko Mutiko Alaien doinuekin eta babarrun janarekin.
2015eko azken bazkari hartatik hamar urte pasatu dira dagoeneko. Aldatu da panorama ordutik. Bi igogailuk lotzen dute goia eta behea. Saregile instalatu da gure Britenea maitean eta, Danbolin joan bazaigu ere, musika eskolak alaitasuna ekarri dio auzoari.
2025ean etorri da erreleboa. Berriz ere txupinazo bat izan da Goiko Kalen urriko lehen egunotan. Freskotasunez betea, Instagrameko kontu eta guzti! Eta testigua utzi dugu besteen eskuetan eta egiteko bakarra izan dugu bertan. Festa. Hasieratik bukaeraraino. A ze parranda eguna larunbatekoa. Lehenengo aldiz bizitzeko aukera izan dute gure ondorengoek, eta umetan ezagutu zituztenak antolakuntzan ere estreinatu dira.
Udazkena nostalgikoa bada, aurtengoa doblekoa da.
Hemendik eskerrik asko infinitua lantalde berriari. Lehen, orain eta beti, gora Goiko Kale!