Jatorra da mutila. Ez da lehorra, baina bai lehorrekoa. Ezagun batek esango lukeen moduan, zer egingo diogu bada!
Parean elkarrekin bazkaltzen ari garenean hizketa gai bizia izaten du. Beti du galderaren bat, gairen bat proposatzeko. Haietako batean harri eta zur utzi ninduen. Aurpegi atseginarekin, zintzotasunetik galdetu zidan: "Mareen kontu hori zertan da? Zer izaten dira lau ordutik behin edo?".
Tarte bat behar izan nuen konturatzeko jakin-minezko galdera serioa zela eta ez adar jotze erabatekoa. Niri bezainbesteko harridura sortu zitzaion zera jakitean, oriotar umerik umeenak ere badakiela eguneko marea gorak eta marea beherak noiz diren. Eta noski, badakiela marea bizi eta marea hilen berri ere. Bai behintzat uda sasoian. Eta gehiago luza daitekeela, aurtengo moduan, arrantza egitea modan jarriz gero.
Arte handiz azaldu behar izan nizkion detaile guztiak: eguneko mareak, hilabeteko zikloak, urtekoak. Nola urtea hastearekin gure aitak ez zuen bakerik izaten aurrezki kutxako marea taula eskuratu arte. Koaderno txiki preziatua.
Polita da kresal usainak eta itsasoarekiko distantzia fisikoak oraindik eragina duela ikustea. Internetez eta uhin bidez hiperkonektatuak izanik ere, gure nortasunean baduela gazitasunak arrastoa. Betiko dikotomiak bizirik dirauela, kostakoak versus lehorrekoak. Barrualdekoak ez bezala, gu biziagoak garela, badugula txinparta berezia bai mingainean, baita begietan ere.
Aparte utz ditzagun aldameneko kaskarinak, non eta portukoak ez diren, noski.
2024ko irailaren 19a. Azken ia hogei urteetako marea bizienak Arrasaten harrapatu ninduen, 50. urteurren baten festa elegantean. Kantu, dantza eta hitzaldi bitartean, Orioko moilan izan nuen burua nik. Umeak zubitik saltoka, algaraka, jolasean irudikatzen nituen. Ziur nintzen batek baino gehiagok egingo zuela zubiko lehen saltoa estreinakoz egun hartan. Eta ni barruan, festa lehorrean. Eztarria ospakizuneko edariekin bustitzen nuen bitartean, eskuko telefonora iritsitako argazkiak eta bideoak ikustearekin konformatu behar izan nuen.
Jatorra bai, baina lehorrekoa da lankidea. Badakit esaldi hauek lehorrean dagoen eta elkartzen gaituen bulegoan irakurtzen dituenean irribarre egingo duela.
Hurrengo lanlekua moila bazterrean izan dadila. Bestela, zimelduko naiz.