Atochatik Atotxara

Erabiltzailearen aurpegia Eli Huegun 2026ko uztailaren 5a

Realeko bandera Orioko balkoi batean eskegita, Espainiako Koparen atarian. (Onintza Lete Arrieta)

Maiatzeko Aia-Orio Guka aldizkariko Moila bazterretik atalean Eli Huegunek idatzitako artikulua da honakoa.

Iratzargailuak jotzeko oraindik ordubete falta da, baina aspaldi nago esna, oso esna. Onena, jaikitzea. Ostirala, goizeko bostak eta laurden. Lasai nengoela uste nuen, baina kaka zaharra. Kafea egin, gogoz kontra edan, motxila hartu eta banoa Atochara, motoz. Ordu eta erdi zain egon eta gero, abiatu gara. Bagoaz Sevillara.

Lagunak biharko egunarekin datoz, eta ostirala turisteorako aprobetxatzeko ilusioz nago. Sevillan eguna pasatzea beti da aukera paregabea. Hotelean astoaren siesta egin eta ale, kalera.

San Telmo Jauregia, Afonso XIII.a hotela, Indietako Artxiboa, Puerta Jerez, Alkazarra, Torre del Oro, Giralda, katedrala. Zerbait jan eta tour bat Santa Cruzen. Beste bisita bat gauez. Gazpatxo pixka bat. Gero lotara, bihar egun historikoa bizitzeko esperantzan.

Argitu du egunak, indarberritu naiz. Zuria eta urdina dira nagusi hirian, nabarmen. Trianan elkartu naiz lagunekin, ederki kostatuta. Ezaguna egin zaidan armarri bat daraman Realeko kamiseta bat ikusi dut urrutira: Orioko FT jartzen du. Ezin irribarreari eutsi. Eguna aurrera doa eta fanzonea bisitatzea erabaki dugu. Jendetza, edukiera beteta, eta sekulako beroa. Eskerrak estadiora kalejira aurreratu egin duten.

Kalejira baino, ibilaldi neurtua ematen du, joan eta joan, eta ezin sekula iritsi. Zer den zelaia hiritik aparte egotea. Azkenean, Cartujan gara. Sarrerako kontrol eta miaketa guztiak pasatuta, barruan gara. Lortu dugu! Izugarrizko giroa. Aitor Zabaletaren tifoa. Komunitate sentimendua.

Zaleen bultzada hori gol bihurtu da berehala. Anaiari idazten ari nintzen eta ia galdu dut. Zirrara. Laster etorri da berdinketa. Kapitainaren gola, gero. Aurretik goaz atsedenaldira, har dezagun arnas pixka bat. Bigarren zatia aurrera doan heinean, ametsa gero eta gertuago dago. Aurreko astean penaltiak nahi nituela esan nuen, baina damutzen hasia naiz. Eutsi! Amaitu dadila horrelaxe, 1-2. Ez ba, berdinketa eta luzapenera. Penaltiak? Tori ba. Marrero, Marrero! Lolorolololololo! Azken gola, Marinek. Eromena, poza, besarkadak inguruko guztiekin, lagun nahiz ezezagun. Azkenean! Berpiztu da Atotxako arima. Festa betea.

Orain itzulera tokatzen da, luzea izango da batzuena, are luzeagoa besteena. Gastatutakoak, hobe ez kontatu. Irrazionala dela? Ba, agian bai, baina puf. Puf!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide