Ez(berdin)

Erabiltzailearen aurpegia Eli Huegun 2026ko otsailaren 15a

Smartphone bat. (pixabay)

Urtarrileko Aia-Orio Guka aldizkariko Moila bazterretik ataleko iritzi artikulua da honakoa.

Twiterren (gaur egun, X) aritzea asko gustatu izan zait beti, baina lehengo urtean aplikazioa desinstalatu behar izan nuen, nire gaueroko loaren mesederako. Horrek ez du esan nahi, ordea, noizean behin sartzen ez naizenik.

Twitter gehienez 140 karaktereko mezuak (txioak) idaztean datzan sare soziala da. Jendea jarrai dezakezu, famatuak zein anonimoak; lehen ezezagunak ziren pertsona asko famatu egin dira beren txioek izandako oihartzunagatik. Eta oihartzuna izateko erraztasun hori da, ziurrenik, Twitter handi egin zuena: edonork izan dezake berak esandakoak munduaren beste puntara iritsarazteko ahalmena. Handi eta, aldi berean, arriskutsu.

Tresna oso eraginkorra izan daiteke egoera konkretu batzuetan dauden pertsonentzat, babesa eta komunitatea eratzen lagunduz konektatzeko erraztasuna ematen duenez. Baina, era berean, gizartean joera dago norbere pentsamendu berekoekin soilik erlazionatzeko, eta sareak hori areagotu egiten du.

Norberak eduki ditzakeen ideiak antzerakoekin soilik trukatuta ez dago kontrapisurik. Mundua errealitate bakar batetik eraikiz gero, besteak entzun edo irakurri gabe, ez dago pentsamendu propiotik haragoko ideientzat lekurik. Gainera, gure egia zurrunetatik juzgatuko ditugu besteak, beren bizipenak gure errelatutik bakarrik ulertuz. Hurkoarekin enpatikoak izatea oso zaila da horrela.

Sentimendu hori ulertu nahian azaleko bilaketa batzuk egiten hasi nintzen, eta deskubritu nuen soziologian tendentzia horri homofilia deitzen zaiola: harreman sozialak norberarekiko oso berdintsuak direnekin bakarrik edukitzea da, eta munduaren ulerkera partziala eta segregazioa ditu ondorio.

Twitterera itzuliz, azken boladan joera horiek areagotu egin dira, eta dena muturrekoagoa da. Ez dago debaterik, ezin da eztabaidarik sortu. Dena da beltza ala zuria, nirekin zaude edo nire kontra. Maite zaitut edo gorroto nauzu. Asaldura eragiten zidan horrek, egonezina, nahiz eta sare sozial honetan ni pertsona erabat anonimoa naizen. Esan behar dut lasaiago bizi naizela etengabeko eztabaida horretatik aparte, dikotomia mental horretatik urrun. Eta, zinez, uste dut triste samarra dela hori.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide