Alustiza oroituz

Erabiltzailearen aurpegia Eli Huegun 2024ko abu. 12a, 10:00

Gabino Alustizaren eskultura, izen bereko plazan. (Guka)

Moila bazterretik atalean honako iritzi artikulua plazaratu du Eli Huegun aiarrak uztaileko Aia Orio Guka aldizkarian.

Ekainaren 16tik Gabino Alustizaren izena daraman plaza bat du Aiak, II. Errepublika garaian Aiako alkate zenari eskainia, EAJko kide eta euskal nortasunaren defendatzaile izateagatik 1936an matxino faxistek fusilatua.

1888an Seguran jaioa, 1915ean etorri zen Aiara bizitzera, Luisa Telleria emaztearekin batera, Laurgaingo palaziora lanera. Hamar seme-alaba izan zituzten, baina bat oso gazterik hil zen. 1931ko udal hauteskundeetan Aiako alkate aukeratu zuten. Udal abertzaleen mugimenduko kide izanik, berak jarri zuen ikurrina lehen aldiz Aiako udaletxean. Arrazoi horrexegatik, 1934an zigortu egin zuten, eta denbora batez alkate postutik alboratu.

Aiako Fronte Popularreko ordezkari izendatu zuten, demokraziaren kontra altxatu ziren matxinoen aurkako defentsaren antolaketan buru izanik. Altxamendua udan egin izateak arazo gehigarria ekarri zien, bereziki landa ingurunetako herriei: uzta garaia zen. Erresistentziarako erabaki estrategikoez gain, herritarren biziraupenerako oinarri-oinarrizkoak ziren gaiak ere kudeatu behar izan zituzten.

1936ko irailaren 20an matxinoen esku geratu zen Aia. Gerra bera baino gordinagoa izan omen zen ondorengo sufrimendua, gosea eta errepresioa latzak izan baitziren; eta Alustizak eta haren familiak zuzen-zuzenean jasan behar izan zuten errepresioa. Ihes egiteko aukera izanagatik, herrian jarraitzea erabaki zuen, familiaren alboan. Hainbat egun pasa zituen gordeta, baina azaldu zenean, udaletxera joateko agindu eta Ondarretako kartzelara eraman zuten. Alabetako batek egunero egiten zion bisita kartzelara, Donostian ari baitzen lanean, harik eta egun batean aita oporretara bidali zutela esan zioten arte. Gezurra zen, noski. Hernaniko hilerrian fusilatu zuten frankistek 1936ko irailaren 27an, epaiketarik gabe. Exekuzio sumarioa izan zen. 1958ra arte agintariek ez zioten familiari jakinarazpen ofizialik egin.

Kontrara, familiaren sufrimendua eta jazarpena areagotzeko, erailketaren hurrengo urteetan Gabino Alustizaren ondasunak bahitzeko hainbat prozesu judizial egon zirela dakigu, gaurdaino heldu zaizkigun dokumentu ofizialei esker. Gabino hil zuten, baina haren ondareak bizi-bizirik dirau. Ikurrina lehenbizikoz jarri bazuen ere, oraindik mantentzen dugu; indarkeriak, beldurrarazpenak, seinalamenduak eta mehatxuek ez dute lekurik gurean, hala salatu dugu urte luzez, eta tinko jarraitu dugu.

Orain, Aiara datozen bisitari gehienak Gabino Alustiza plazatik pasatuko dira, eta haren bustoak emango die ongietorria, han baitago, herria bizkar hartuta, mundura begira. Memoria ere badaukagu, izan zirelako baikara.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide