Euskaldunok Madril kolonizatu dugula iruditzen zait askotan, baina espejismoa da, euskaraz aritzeko aukera bakarra neronek bilatutako espazioetan baino ez baitaukat. Madrilen bizi naiz eta nire inguru ia guztia erdalduna da hemen. Logikoa, noski.
Betikoengandik oso aparteko bizimoduak ezagutzeak mesede baino ez didala egin esango nuke, aberastu egin nauela elkarbizitza horrek. Imajinatzen dut nik besteekin ikasi dudan bezala, egongo zela jendea nirekin ikasi duena. Baina badut hartu-eman kultural honetan partekatu ezineko pasio bat: bertsolaritza.
Truke kultural honetan saiatzen naiz bertsoaren magia transmititzen, bat-batekotasunaren zirrara hori azaltzen, gaia entzun eta bertsoa hasi bitarteko trantze kolektibo horren konplizitatea sentiarazten, itxiera borobil baten emozioa bizitzen. Baina, nola egiten da hori? Nola azaldu errimen jolas hori? Puntu-erantzunaren grazia? Ganbarako tentsioa?
Uste dut hemen ez dudala lortu inork uler nazan. Esaten didate zeharo gaizki abesten dutela eta ia beti egia izaten da, nahiz eta horrek axolarik ez duen. Galderak ere egiten dizkidate; errepikatuena, agian, da nola dakiten ze doinutan abestu behar duten. Eta nik esaten diet doinuak dakizkigula, asko, eta arraroa egiten zaie melodia hutsak kantatzen ditugula erantzutea, izan ere, nananana eta tarirari letra herrikoiak dira gurean.
Bertso baten mezua esplikatu daiteke eta letra itzuli ere bai, baina bertsoa sentitzeko zuzenean ulertu behar da, komunitatearen parte izan eta horretarako aukera euskarak baino ez digu ematen. Zorionekoak gu. Esaten diet hor daukatela motibo bat gehiago euskara ikasten hasteko.
Gogoratzen dut punta-puntan dabilen bertsolari baten ama ezagutzeko aukera izan nuela orain dela hilabete batzuk. Ez zuen euskal jatorririk, eta adinez nagusi zela zen Euskadiratua, gainera. Ez zigun euskaraz egin, baina bai argi utzi ulertzen zuela. Eskerrak, pentsatu nuen, semea bertsotan aditu zezakeen horrela. Une batez ezinegona sartu zitzaidan, horrelako maisu baten ama izan eta eta semea jeinutasunean ezin ezagutzea! Agian horretarako hasi zen euskara ikasten, baina ez nion galdetu. Hamaika arrazoi egon daiteke hizkuntza bat ikasteko, eta uste dut bertsolaritza horietako bat dela. Horregatik bakarrik bada ere, merezi du.