Dakigun bezala, dagoeneko badira hilabete batzuk -2023ko abendu hasieratik-, Azkuetik Errotara bitartean doan herri-bidea itxita dagoela. Hasiera batean asteburu baterako zena, gero bi astera luzatu zen, eta azterketa sakon bat egin ondoren, udal-gobernutik adierazi zitzaigun errepide hau erabat ixteko asmoa. Arrazoiak garbiak ziren beraien aldetik: geologikoki lur ez-egonkor batean dago errepidea, eta ezin du gaur egun duen trafikorik jasan. Hala, hilabete luzez itxita egon da errepidea, hasiera batean hango joan-etorri bakarrak auzotarrek baino ezin izan zituztelarik egin. Ez gara sartuko itxierak iraun duen bitartean zer nolako erabilera egin den baloratzera, sakonagoko problematika batetik etorri baitzen Ordenantzaren aurrean gure botoa.
Badakigu auzokoek irekitako bidea bat izanda ere, kaskoan bizi diren bizilagunentzat Oriorantz jeisteko errepide nagusi(ena) hauxe izan dela azken urteotan. Guk ere garbi daukagu errepide horrek ezin duela trafiko handirik jasan, eta zentzu honetan aurretik egin ziren zenbait aldaketarekin (txandakako pasorako semaforoak jartzea, badenak) oso ados gaude, inongo zalantzarik gabe. Oraingo erabakiak ordea errepideari pasarako izaera kenduko dio, eta hori behar den sakontasunik gabe hartu delakoan gaude EH Bildutik. Lehen aldiz kamara bidez erregulatzeko aukera mahaigaineratu zenerako, hiru gako nagusi aipatu genituen:
1.- Zein da errepide horrek jasaten duen eguneroko trafiko zehatza?
2.- Hortik doan trafikoa beste bideetara desbideratzekotan, prest al dauzkagu gainontzeko errepideak?
3.- Auzo-bide bat erregulatzean, gainontzeko auzoetako bizilagunekin ez al dugu desberdintasunik markatzen? Aurrera begira gainontzekoek eskaera bera egingo balute, nola erantzungo du udalak?
Lehenengo gakoaren inguruko erantzunik ez dugu jaso. Kamarak dagoeneko bertan izanda -gastua egina dago-, pentsa genezake denbora batez trafiko irekia jarri eta epe batean errepideak jasaten duen trafikoaren kalkulu zehatza egin genezakeela, eta horren araberako neurri egokituagoak jarri.
Bigarren galderari dagokionez, uste dugu badagoela adostasun handi bat Aiako gainontzeko errepideak ere oso-oso gaizki daudela esatean. Andatza-Santio Errekatik barrena doan bidea desastre hutsa egina dago, eta gaur egun handik ibiltzen diren ibilgailu askorentzat -furgoneta handiak, kamioiak, autobusak- ez dago egokitua. Laurgaindik barrena doan errepideaz beste hainbeste esan genezake, eta jakitun gara auzotarrak ere kexu direla autoen abiaduragatik. Esan beharrik ez da txirrindulari eta ibilgailuen arteko elkarbizitza ere ez dela bat ere erraza izaten, errepidearen nolakotasunak eraginda.
Hirugarren puntuarekin ere zalantza handiak ditugu, badirelako Aian beste hainbat herri-bide egoera txarrean daudenak -Lokatetik barrena doana, Elkanotik Abendañora jeisten dena-, eta haiek ere egunen batean antzeko eskaeraren bat egingo balute, ez dakigu zein izango litzatekeen udal-gobernuaren jarrera.
Hiru gako hauetan ez dugu erantzunik jaso, eta denboran asko luzatu den arren, benetan hausnarketa globalik egin gabe hartutako erabakia izan dela uste dugu Ordenantza hau ateratzea. Horregatik izan zen EZEZKOA gure botoa. Ez errepidea hau ixtearen aurka edo alde gaudelako, baizik eta erabaki irmo bat hartu delako benetako azterketarik egin eta soluzio globalik planteatu gabe.
Aian garraio-azpiegiturarena lehen mailako arazo bat da. Hau da garbi daukaguna. Errepideen titulartasuna konpartitua dela badakigu, baina bi gobernuetan dagoen alderdia berdina izanda, azterketa serio bat, berehalako eta zehatza eskatzen dugu. Gainontzean, Azkue-Errota bidearena bezalako partxeak jartzen jarraitu beharko dugu eta arazoek, konpontzera egin ordez, okerrera egingo dute.