Lehenik eta behin, jakitera eman nahi dugu baiezko botoa izan arren, neurri handi batean baiezko kritikoa izan zela eta horrelaxe adierazi genuen plenoan bertan. Gauzak honela, bi alderdi azpimarratzera gatoz: lehendabizi, gure baiezkoaren arrazoi nagusiak, eta bestetik, aurrekontu hauek sortzen dizkiguten zalantza, kezka eta kontrakotasunak.
Jon Ander Azpiroz alkateak hasieran egin zigun aurrekontu-proposamenari gabezia nabarmen samarrak ikusi genizkion, gehienbat gure ustez estrategikoak beharko luketen arlo zehatzetan: euskara, gazteria, kultura eta eta etxebizitza. EH Bildutik garbi ikusten dugu norabide falta handia dagoela eta hori dela eta beharrezkotzat jotzen dugu hauentzat PLAN ESTRATEGIKOAK martxan jartzea, epe ertain-luzera gauzatuko diren ekimenei zentzua emango baldin bazaie. Hori dela eta eskatu genuen EUSKARA ETA KULTURA PLAN bat, GAZTERIA PLAN bat eta ETXEBIZITZA PLAN bat martxan jartzeko partidak irekitzea, eta horiek jasota geratu dira aurrekontuetan. Espero duguna da urte honetan zehar gai honi behar den bezala heldu, dagokien eragileekin bildu eta sail bakoitzari tokatzen zaion plan estrategikoa martxan jartzea. Bestetik, alkateak borondate ona erakutsi duen arren, beharrezkotzat jotzen dugu gai hauetan ere herri-mahaiak eratzea eta hauetan udal-gobernuko gainontzeko kideek ere ardurak hartzea, dena alkatearen figuran zentralizatu gabe.
Bestalde, begi onez hartu dugu UKT komunikazio taldearentzat ere laguntza bat aurreikustea, ohar hau irakurtzen ari zaren GUKA/Karkara agerkarira bideratuko dena. Orain urte batzuk diru-laguntza hau moztu egin zitzaion, gure ustez justifikaziorik gabeko arrazoiak zirela medio, eta orain berriz ere herrigintzarako hain beharrezkoa den euskal hedabide honentzako laguntza bat berreskuratzea lortu dugu, EH Bilduren ekimenez eta udal-gobernuaren onespenez.
Atal honi dagokionez, azkenik esan nahiko genuke bestelako proposamen puntual batzuk ere kontutan hartuak izan direla aurrekontuetan.
Dena dela, eta lehenago aipatu dugun bezala, badira aurrekontuetan zalantzak eta kontrakotasunak sortzen dizkiguten puntuak ere. Lehenengoa, epeetan oso estu ibili garela: pleno eguneko goizean bertan izan genuen alkatearekin azken bilera. Iruditzen zaigu pisuzko erabakiak direla hartu beharrekoak eta presazko lanetan aritzeak ez duela onik egiten. Aurrez eman zaigun informazioa ez da izan guk nahiko genukeen bezain xehetua, eta hala adierazi genuen udalbatzan bertan. Espero dugu, aurrera begira, patxada handiagoz lantzeko tarteak izatea.
Bestetik, partida zehatzetara etorrita, iazko 10.000 euroko partidatik 2025ean 40.000 eurora igo dutena, IDI EGUNA. Asentzio-eguneko feriaren gainbeherari buelta emateko izpirituz sortu zen, baina ez zaigu iruditzen inondik inora ere horri erantzun bat ematera datorrenik. Gutxi batzuentzako modu festa bihurtu zela iruditu zitzaigun iaz ere, eta aurten partida laukoizteari ez diogu ez hanka ez buru ikusten. Badira inguruan adibideak, antolaketa on batekin gauzak askoz merkeago, herriari zabalduago eta emankorrago egin daitezkeela erakusten dutenak: Itziarko Peri Eguna, adibidez, Udalari 2000 euro kostatzen zaio, eta urte luzez arrakastatsu jarraitzen du. Iruditzen zaigu hor joango den dirua bestelako beharretara bideratzeko moduko kopuru oso errespetagarria dela. Herrigintza eta kultura adierazteko modu baten ispilu ere badelakoan gaude.
Azkenik, eta nahiz eta ez den aurrekontuetan zuzenean sartzen salerosketa bera, iruditzen zaigu bai Santio Errekan egingo diren etxeentzat, bai erosi den Erretore-etxean egingo direnenentzat merkaturatzeko irizpide falta dexentea dagoela (etxebizitza-planarekin lotura estua du honek), eta hori ez dela aurrekontuetan inondik ere islatzen. Zer nolako etxeak izango diren pentsatu aurretik lur-sailak edo etxeak erostea, etxea bera teilatutik hastea dela uste dugu, areago, errentara atera daitezkeen etxe-hutsen katalogo bat egiteko hainbeste luzatzen ari direnean.
Iruditzen zaigu, bukatzeko, aurrekontu hauek zenbaki-dantza bat izateaz gain, udal batek duen norabide eta intentzionalitatearen argazki izan behar dutela, eta hori hartu dugu faltan. Dena dela, gure proposamenetako batzuk ere jasoak geratu direnez, eta aurreko legealditako joerarekin aldaketa nabarmen bat izan denez, gure aldeko botoa jaso zuten aurrekontuek. Urte osoa dugu aurretik, proposamen horiek gauzatzen joateko, argazkiez aparteko eguneroko lanarekin.