Askotan entzun izan dugu, eta ez arrazoi faltaz, udalean eta plenoetan hitz egiten direnen berri ez zaiela iristen herritarrei. Lehenik eta behin, gogorarazi nahiko genuke udalbatzarrak irekiak direla, eta edonor bertaratu daitekeela. Dena dela, jakitun gara hori ez dela nahiko genukeen maiztasunez gertatzen, deialdiak ere ez direlako iristen herritarrengana komeniko litzatekeen moduan.
Hau esanda, eta neurri handi batean honexegatik, pleno ondorengo oharrak plazaratzen hasiko gara hemendik aurrera, udalbatzarretan EH Bilduk hartu dituen posturak eta hala behar izan denetan eman diren botoen berri herritarrei jakinarazteko.
Urriaren 15eko plenoan jorratutako gaiei buruz, hauxe daukagu esateko, izan genuen gai-ordenari lotuta:
1.-2025eko Ordenantza Fiskalen aldaketari hasierako onarpena ematea: Udal Gobernuak 2025erako batezbeste %4ko igoera proposatu du. Argudiaketan azaldu dute aurreikusten diren obra eta jardueretarako behar den finantziazioa lortu ahal izateko %3,5 inguruko igoera egin beharra dagoela, eta aurten, gainera, Foru Aldunditik udalek jaso beharreko dirutan beherakada izango dela (beherakada aurreikuspenen gainekoa izanda, gainera, erlatiboa beraz, diru sarrera 95.022 euro gehiagokoa baita). Guk gure aldetik ikusten genuen 2025erako beherakada ikusi arren, 2026rako atzera berriz errekuperazio fase potente bat aurreikusten denez, aurten proposatuko den igoeraren neurriko dedukzioak izateko konpromisoa hartu beharko lukeela udalak 2026rako. Hori, gaur-gaurkoz, ezinezkoa dela esan ziguten. Gainontzean, proposatzen diren aldaketak ez genituen gaizki ikusi, baina kontraprestazio horren beharra ikusi genuen, berriz ere bizimoduaren garestitzea ez dadin herritarrengan erori. Bi aldeak balantzan jarrita, gure botoa abstentzioa izan zen.
2.- 2025erako taxi-tarifen onarpena: taxi-zerbitzuetan igoera bat proposatu da. Taxilarien aldetik txukun justifikatutako eskaera izanda, gure botoa aldekoa izan zen.
3.- Andatzako herri bidearen aldaketa espedienteari hasierako onarpena ematea: azken bolada luzean gatazka iturri izan den herri bide baten gorabehera behingoan desataskatu dela dirudi. Alde horretatik, pozteko berria izan da hau. Orain, hori gauzatu beharra tokatzen denez, honetan ere gure botoa aldekoa izan da.
4.- Gobernu Batzorde eta Aia Lantzen S.A.ko kontseiluko kideen aldaketa: lan kontuak direla medio, orain arte kide zen Aitor Arregi EH Bilduko zinegotziak ezin izango ditu hemendik aurrera bere funtzioak eskatzen duten dedikazioz bete. Hori dela eta, gure eskariz, Iñaki Gurrutxagak beteko du haren lekua bi organu horietan. Geure proposamena izanik, botoa aldekoa izan zen, noski.
5.- ABB-k aurkeztutako mozioen eztabaida eta onarpena: ABBk udalbatzarrera zazpi mozio ekarri zituen, eta alkatearen eskariz, hurrengo udalbatzarrera atzeratu dira. Legeak horretarako bidea ematen du, eta oposizioko bi taldeek, borondaterik onenez eta EAJk mozio hauek ondo lantzeko denbora eskatu duenez, atzeratze hau onartu genuen. Dena dela, bueltan ere borondate berbera eskatu genuen, datozen plenoetako gai-ordeneko gaietan oposizioko taldeek ere lanketa duinak egiteko denborarik ez duten kasuetan.
Hauek izan ziren gai-ordenari zegozkion gauzarik aipagarrienak. Bestalde, kaskoan 5G antena bat ezartzeko dagoen eskaera dela eta, ABB-ren eskutik etorri zen aditu baten azalpenak ere entzuteko aukera izan genuen. Gure aldetik eskerrak, geronek ere bai baitugu kezka gai honen inguruan eta argigarria izan zitzaigun, datorren udalbatzarrean landuko den gaietako bat izanda.
Besterik gabe, gaur hasi dugun berri emate bide honekin jarraitzeko asmoa dugula adieraziz bukatu nahiko genuke, herritarrei ahalik eta udal ireki eta gardenena izatea ahalbidetuko duelakoan.