Azken udal hauteskunde eta hauteskunde autonomikoetan gauzatu zen indar-korrelazioaren aldaketa berriz ere agerian geratu den honetan, dena dela, ikuspuntu nazional batetik zein ikuspegi internazionaletik kezkaz begiratzen diogu datorkigunari. Gazi-gozoa da hauteskundeen emaitza: batetik, EAEn ere lehen indarra izan gara, Hego Euskal Herriaren osotasunean emaitzak oso onak izan dira, baina Europan nagusitzen ari den olatu ultraeskuindarra gurera iritsi da. Gaitza sartu zaigu etxera eta badakigu: zaintzen ez den zauria pasmotu egiten da.
Ipar Euskal Herrian nagusitu den indarra izan da ultraeskuina. Hego Euskal Herrian ere gorakada nabarmena izan du, eta baita Aian ere. Alderdi kontserbadore, neoliberal eta faxistek 30 boz lortu dituzte. Badakigu termino absolutuetan hitz eginda ez dirudiela askorik, baina joera bat islatzen du eta horren aurkako jarrerak sendotu eta marra gorriak markatu beharra ekarriko digu, ezinbestez.
Bestetik, europarretan ohikoa den abstentzio altuak ere sortu digu kezka puntua. 2019ko datuak ez dira bereziki aproposak konparazioak egiteko, orduan Udal eta Foru Hauteskundeekin batera izan baitziren. 2014koekin konparatuko bagenitu EH BILDUk, orohar, eustea lortu badu ere -eta portzentualki gorakada hortik etorri dela jakitun gara- penaz ikusten dugu, Europako parte garen aldetik, jendeak bizi duen desafekzio maila. Urrun ikusten ditugu hango instituzioak, normala denez, baina gure egunerokoan eta udal mailan eragiten duten hainbat erabaki hantxe hartzen dira, eta zuzen-zuzenean eragiten digute. Bestalde, maila lokaleko erabaki eta laguntzen gaiaz aparte, Europar Batasunak OTANen morrontzan jarraitzeko bidea mozteko garaia ere hauxe da. Bizi dugun testuinguru belikoan -gerra hotsak nonahi-, Nazioen Europa batean sinesten dugu, ekosistema politiko bateratu baina deszentralizatu batean. Gizarte desmilitarizatu bat behar dugu, eta horretarako uholde faxistari aurre egin beharrean gaude.
Ultraeskuina geratzeko garaia da, eta Europako instituzioetan ahots propioa izango dugu. Hori ez da noski kalterako izango, baina lehenago aipatu bezala, etxeraino sartu zaigun marko ideologiko ultraeskuindarra erro-errotik ateratzea izango da gure erronka nagusia, herri-mailan. Pedagogia politikoa egiteko momentua da. Gure txikitik handira hordago egiteko garaia da, eta ez gaude bakarrik oldarraldi honen aurrean.
Jarraituko dugu Europako Parlamentuan gure aldarrikapenei ahotsa ematen, Euskal Herriak bere lekua izan dezan, baina oinarri-oinarrizko lanarekin, etxearekin, kalearekin ahaztu gabe. Lehen ere faxismoak sarraski galantak eragin zituen Europan, baita Aian ere: aurrean izango gaituzte, ostera, hemendik aurrerakoan ere.
GORA EUSKAL HERRIA ETA EUROPA ANTIFAXISTA!