Oholtzari begira

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Dorronsoro 2025eko azaroaren 16a

Kontzertu bat Etxeluze gaztetxean.

Honako iritzi artikulua plazaratu du Egoitz Dorronsorok urriko Aia-Orio Guka aldizkariko Moila bazterretik atalean.

Ez da berria musikazalea naizela esatea, ezagutzen nauen jendeak badaki urtean zehar kontzertu andana ikus-entzuten ditudala. Kontzertuetan aritua naiz; ikusle-entzule zein antolatzaile lanetan, baina, ez dut aditu titulurik nahi; bai, ordea, aritu den norbaiten hausnarketa partekatu. Nirea ez da egia osoa, eszenaren zati ñimiño bat besterik ez, urteetan zehar bizitako esperientzia multzoetatik ekarritako pentsamenduak soilik.

Musikaren mundua poliedrikoa denez, ertz ugari ditu, eta lerro hauetan ezin denak ukitu; nire hausnarketa mugatua ere ezin denera iritsi. Hala ere, hasteko argi utzi nahiko nukeen ideia da: "Euskal musikagintzaren industria heteropatriarkala, matxista, hiperkapitalista eta normatiboa da" (Jakin aldizkariaren 267. alea). Horren adibide goren bezala Last Tour eta bere izen nagusi Zetak ditugu. Horretaz guztiaz hausnartu nahi duenak gomendio moduan irakurri Jon Urzelairen Su festak saiakera liburua.

Tira, nire esparrura mugatuz, gaztetxe, espazio autogestionatu eta areto txikietan, bada zer landua. Horietan ere programatutako kontzertuetan ez baita %50era iristen emakume zein gorputz disidenteen presentzia. Eta kuoten alde ez nagoen arren, adierazgarria da datua. Musika, kultura den heinean, ez da soilik kontsumorako elementua; alde batetik, esanahiak sortzen eta erreproduzitzen ditu eta, bestetik, iruditeria komuna sortzeko eta transmititzeko mekanismoa da. Beraz, nahiz eta eszena horrek asko eman digun, gizontasun hegemoniko bat erreproduzitu eta transmititu dugu, eta bada garaia hori guztia landu eta serio desikasten jartzekoa. Ikuslegoan bigarren lerroan geratzea ez baita nahikoa, zeren, MEFSTeko kideek dioten moduan, "XXI. mendean, punkak, punk izango bada, transfeminista behar du izan". Punkak izaeran duen jarrera inkonformista, kontrakultural eta eraldatzaileak egun derrigor behar baitu ikuspegi transfeminista.

Eta nola egin aurre horri, zer talde antolatu? Nork deitu? Nor izan teknikari? Bada, ez daukat erantzun osorik. Udane Barinagarrementeriak esan bezala, "zaintza, zaurgarritasunaren kontzientzia eta samurtasuna" lantzetik has gaitezke. Baina, badakit ez dudala zentroko ahots izan behar eta borroka honetan entzutea dela nire lekua. Emakumeei eta gorputz disidenteei entzutea dela eszena osatzen dugunon lehen zeregina. Bidegurutze asko dituen bidea izaki, ez da bide erraza izango. Eta orain arte akatsak egin ditugun bezala, egingo ditugu aurrerantzean ere, baina ez dago ezer ezkutatzeko, aldatzeko baizik. Seguru okertuko garela batzuetan, baina horrek ez du aldatuko gure bidea, sistemak leherraraztea baita joko onargarri bakarra, baita oholtza gaineko gizontasun hegemonikoa ere. Helburu hori lortzeko astindu behar dugu, mugimendua baita bizirik irauteko modu bakarra. Eta hori esanik, emakumeei eta gorputz disidenteei entzuten jartzeko gonbita eginez isilduko naiz; nik, ni neu besterik ez badut izan nahi, besteei aitortza bera egin behar baitiet.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide