2011ko maiatza. Operazio politiko baten ostean, Bilduk alkatetza kentzen dio Orion alderdi bozkatuena izan denari, EAJ/PNV-ri. Operazio hori burutzearen arrazoia honakoa izanik: politika egiteko modu berria ezartzea.
Legealdia bukatzear dago eta jadanik, oriotarrak ohartu dira zein den politika egiteko modu berri hori, ezer ez egitearen eredua. Lau urte hauetan inbertsioak erakartzeko gestio ezak eta udalerrian aktuazio urbanistiko esanguratsurik ez egin izanak, zeresan handia ematen dute. Argi dago garai hauetan udalerriek kontrakoa behar dutela, hau da, herriak behar dituen errekurtsoak lortu eta gestio on bat burutu...Zoritxarrez, oriotarrok ez dugu zorte hori izan.
Errazagoa da pankarta atzean kexatzen ibiltzea gobernatzea baino...Lehen EAJ-PNVek martxan jarritako edozein gauza txarra zen. Une oro iniziatibak kritikatzen zituzten; hein handi batean herriarentzat positiboak izan diren iniziatiba horiek. Aipatzekoak, “Bixigu Festaren” harira Bilduk egindako kritika, Muntoren garapena Ikastola eraikiz eta Eroski berria eginaz, e.a. Agintean daudela, “Bixigu Festa” ikaragarria da eta txarrak ziren plan urbanistiko horiek berretsi dituzte, Plan Partzial berbera aprobatuz eta Eroskiri irekiera-baimena emanaz.
Gestioan gaitasunik ez izatea arazo bat da. Arazo horri kutxan dagoen diru kopurua gehitzen badiogu arazoa areagotu egiten da. Kutxa 12 milioi euro izatetik 6 milioi euro izatera pasa da. Posible al da hainbeste diru gastatu izana eta oriotarron egunerokotasunean hobekuntzarik ez izatea?