Zinegotziaren aldaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aralar 2007ko aza. 17a, 22:30

Orioko Aralar-Ezker Batua udal taldean zenbait aldaketa gertatu dira, eta ohar honen bidez horien gaineko azalpena eman nahi zaizue herritarroi.

2003ko hauteskundeetan batera aurkeztutako bi alderdik erabateko gehiengoa izan zuten udaletxean, ez zuten batere oposiziorik izan, eta Udalak, oro har, oso jarrera itxia eta desegokia izan zuen herriko talde eta herritar askorekin; ondorioz, Udalaren eta herriaren artean eten handia sortu zen.

Aurtengo hauteskundeen aurretik herritar asko zegoen aldaketa eske. Batzuek, egoera aldatzeko asmotan, talde bat sortzeko ahalegina egin genuen. Hauteskundeetarako oso denbora gutxi falta zela hasi ginen horretan eta, nahiz eta lan politikoan laguntzeko prest geundenon taldetxo bat osatu genuen, ez zegoen nahikoa jende udaletxe barruan jarduteko prest zegoena. Zerrenda buru bi kanpotar jarri behar izan genituen; hala ere, boto zaparrada handi samarra izan genuen, batzuek espero baino gehiago. Egoera berriari erantzuteko, gauzak ez ditugu behar bezain ondo egin. Horregatik, batzuen izenean behintzat, barkamena eskatu nahi diot herriari, eta batez ere botoa eman zigutenei. Aspaldiko urteetako politikaren fama txarrak horrelako ondorioak ditu.

Oier Sarobe zinegotziak utzi egin behar izan du bere zinegotzi ardura, bere lan profesionalak urruti samarrera eraman duelako. Zerrendan zeudenek nahiago izan dute Oier ordezkatzeko ardura Iñaki Garcia Aranbarriri uztea, batetik, lan eta ardura hori hartzeko eskarmentuko pertsona egokia delakoan, eta, bestetik, besteek ez dutelako denborarik zeregin horietarako.

Orain, gure txikitasunetik, hartutako ardurari erantzuteko prest gaude, eta horretan ahaleginduko gara udaletxean gauden bi zinegotziak eta gurekin eskuz esku lanean dihardutenak. Taldea zabalik dago, gainera, inon afiliatu beharrik gabe, udal lanetan aritu nahi lukeen edonorentzat; baita ideiak eman eta proposamenak egin nahi dituztenentzat ere.

Gure taldeak dituen mugen jakitun gara, bere txikitasunaz. Baina badakigu, baita ere, azken hauteskundeetan udalean sartu ziren ezkerreko partiduak sartzeak aniztasuna eta aberastasuna ekarri diola udaletxeko joko politikoari, ideia desberdinen arteko eztabaidari, herritarrak aintzat hartzeari, udalaren irekitasunari eta herriaren parte hartzeari. Ez da gutxi, hasteko. Hortik aurrerakoa, neurri batean bakarrik dago gure esku; neurri horren barruan saiatuko gara erantzuten.

Iñaki Iturain

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide