Gabonak, Gabonak, hau zoriona!". Zoriona? Nigatik ez dezatela hitz egin, mesedez. Gorroto ditut erabat gainera datozkigun egun santu horiek, eta ezagutzen nautenek ondotxo dakite hori, nahiz eta urtero-urtero kaskabiloak ukitzen dizkidaten "Hator, hator, mutil etxera!", harroxko abesten. Nik, jokoari jarraituz –zeinen mozoloa naizen– "Alaken... Ala ken... Ala pikuta jun zaitez!", erantzuten diet amorruz, inolako melodiarik eta harmoniarik gabe.
Oihuka hasteko gogoa jartzen zait goi gerlari bihurtzeraino. Auzoak aztoratu, ekitaldiak boikoteatu eta bizilagunen grazia zapuzterainoko kame-hame emozionalak garaitzen nau. Iraultza boltxevikeko morroi horietako bat banintz, bozgorailua hartu eta eskoletara joango nintzateke nire panfletoarekin: "Olentzerooo eta Mari Domingi guraaaaaaaa... guraize bila dabiltza, Napo astoa plastiko nazkagarri batekin kateatu delako Kukuharri aldean".
Jendearen ilusioarekin ez da jolasten, eta haurrak tarteko direnean, kontxo, bihotz gutxikoa behar du pertsonak. Horixe bera berretsi du urte luzez Gabonak gozotik baino garratzetik bizi izan dituen kazetari pipertu honek; badirudi agure bat naizela, baina telebista zuri-beltzean eta hiru kate publikorekin ezagutu duenak gaztetik oso gutxi du. Egun erraza da Aita Noelen arropa gorria dela esatea, lehen grisari norberak jarri behar baitzion pantonea.
Eta panetonea zer zenik ere! Mazapana, polboroia, sutxar, turroi gogorra eta biguna, eta pinaziak... Egun, Gorrotxategi bezalako maisu artisau baten turroi berritzaileren bat eta Lindt bonboi sortarik ez badago mahaian, familia otorduek glamourra galtzen dutela dirudi. Handiusteko ginga, ordea, azkenburuko edariek ekarri dute: beti deitu izan diogun xanpain arruntak kalitatezko cavengatik ordezkatu ditugu, eta zenbaitzuk Taitinger, Bollinger eta Moët & Chandon edateko bezain mokofinak bihurtu dira. Urte berri on!
Orain, benetan, irakurle maite, bakarrik geratu garela... Derrigorrezko familia otorduak zer iruditzen zaizkizu? Egin dezagun diagnostiko azkar bat: urteroko aktoreak –Monster, Manson eta Simpson familien nahasketa–, urteroko aulki deserosoa, urteroko eztabaida-bakarrizketa-txiste matxiruloak, urteroko haserraldi nik zuk baino ozenago ba arrazoi gehiago dutenak, urteroko jango duzu pixka bat gehiagoren ondorengo bihotzerreak...
Deja vu aspergarri bat da, marmotarik gabe, baina ezinbesteko galdera klasiko batekin: "Gabon hauetan lana al duzu?". Bai, eta nire borondatez egingo dut. Haien aurpegietan pailazo tristearen zimurrak ateratzen dira, nitaz errukituko balira bezala. Ez naute ulertzen... Lan egingo dudala, gustu handiz, koinatu jator hori, eta zure babalore aurpegia Aita Noelen txapel lotsagarri hori buruan duzula lasterka pasatzen zarenean hilaren 31n, argazkia aterako dizut propio, Gukan argitaratuko dudan irudi bilduman ikus zaitezen. Bitartean, hilabetean zehar zer-nolako maskara jantziko duzuen aukeratzen hasi al zarete?