Laster arte!

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Mutiozabal 2024ko mai. 20a, 12:00

Bi pertsona elkarri hatzetatik helduta, laguntasuna adieraziz.

Maiatzeko aldizkariko Korapiloa ataleko iritzi artikulua da honakoa.

Espainiako Kopa irabazi eta sekulako festa ospatu dute athleticzale guztiek. Txatartegitik Gabarra erreskatatu, konpondu eta atondu ondoren, Jose Angel Iribar ikurra feriako tximinoa bailitzan jarri, eta Nerbioi itsasadarretik behera eraman zuten garaikurra milaka zaleren gozamenerako. ETBk ere zuzenean eman zuen, egunak zeramatzan sekulako dispositiboa martxan jarriko zuela iragartzen, eta lau haizetara zabaldu zuten plataforma guztietan ikus ahal izango zela... Eta denok ikusi genuen, realzale, armagin, gorritxo, babazorro eta antifutbolzaleok, zeinen ospakizun hein handi batean erdalduna atera zitzaien. Euskal Herriaren erakusgarria!

Zeremonia-maisu gisa Iker Muniain kapitaina aritu zen, Bilboko udaletxeko balkoitik jokalari guztiak banan-banan aurkezten eta abesti guztiak gaztelania dotorean desafinatzen. Ez dut nik kantuko klaseak hartzera behartuko, baina ez dakit, Nico Williamsek elkarrizketa batean euskaraz zipitzik ez zekiela erantzun zuen barre-irrikaz, eta Munianen kasuan ere, ibilbide guztia Athleticen eginda, bi esaldi euskaraz esatea eskertuko geniokeen. Batez ere, hurrengo eguneko kazeta guztietan euskal futbolaren eredu direla goratu zutela ikusirik.

Apirilaren 24a egun tristea izan zen familia zuri-gorriarentzat: kapitain nafarrak taldea uzteko erabakia egin zuen publiko. Negar artean, eta gaztelania dotorez beste behin, bere agurraren arrazoiak eman zituen Muniainek, eta euskaraz erabili zituen hitz bakarrak Hertzainak taldearen Aitormena abestiko Maitia lehen baino lehen aska gaitezan izan ziren. Inork ezin du ukatu: zeinen polita den zirkulua ixtea norbere bihotzeko taldearekin titulu bat lortuta, eta euskal ereserki bat erabilita.

Bizitza errealean, aitzitik, ibilbideak bukatu eta etapa berriak hasten dira, eta gorabehera horiek etengabe gertatzen dira edozein eremutan. Baina horien berri emateko ez da prentsaurrekorik antolatzen, ezta prentsa oharrik argitaratzen ere. Are gutxiago soinu banda hunkigarri bat jarrita. Emozioak, ilusioak, negarrak eta bizitako une gozoak bezain mingotsak erabat korapilatzen dira egoera horretan, eta norberak eraman behar izaten ditu bere erraietan, betirako edo ahanzturaren zulo beltzean galdu arte.

Duela gutxi hamarkada bat baino gehiagoz lankide izan dugun lagun batek lanez aldatu du. Euskararen alde eta tokiko euskal komunikabideen alde lan eskerga egin duen langile porrokatua bera. Beti laguntzeko prest, irribarrea ahoan eta alaitsu. Gure herriaren erakusgarri izan zarela esan nahi dizut, eta, bihotzez, zorte ona opa zure ibili berrian. Laster arte!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide