Zortzi izar

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2013ko urr. 31a, 16:07

Lehorrean bezalaxe Itsaso zabalean ere ilunak ekartzen du eguneko unerik lasaiena. Iaio afaltzen dugu. Angel eta sukaldeko bere taldeak hiru plater prestatzen dizkigute gauero eta hutsik egin gabe hirurei heltzen diegu. Arraunean ez dakit, ez naiz halako putzutan sartuko, baina mahaiean behintzat oriotarrak bermeotarren aurretik gara nabarmen, gutxienez lau traineruko aldearekin. A ze jankadak egiten ditugunak! Ikusi egin behar zenuten aurrekoan patroia guri begira, begiak ontzarenak bezala zabalduta, menestra eta arraina jan ondoren bi oriotarrok mingaina saltsan zeukan fuentetik hirugarren aldiz errepikatzen genuenean. Ze uste zuten ba! Pena daukat palkarik ekarri ez izana platerean jartzeko.Afariaren inguruan, aipa dezadan arrantza-egun oparoa izan denean Coca-Cola lata bat jartzen digutela mahaian eskifaiko kide guztioi, eta aitzakia horrekin kalimotxoarekin afaltzen dugu arrantza handiak direnean. Azkenaldian maiz.  Hala, ikaragarria gertatzen ari zait munduaren bazter honetan. Sekula gusturik hartu ez diodan kalimotxo zaztarra gero eta gogokoagoa dudala. Hau da hau marka! Lurraren  beste muturreraino etorri eta hemen ere arrain gainean! Ah, eta ia ahaztu zait esatea. Bazkaldu ere ur-ardoarekin egiten dugu, ume kozkorretatik probatzen ez nuen edari hastapenekoarekin.

Kontua da, kalimotxoarekin edo kalimotxorik gabe, bapo afaltzen dugula eta ondoren eguneko ordurik lasaienak etortzen zaizkigula bisitan dagoeneko hain gurea sentitzen dugun Alakrana honetara. Afalondoan sukaldariarekin jarduten gara berriketan, Angel Mari izeneko morroi elantxobearrarekin. Beno, jardun, bera jarduten da, hitzontzi halakoa, eta guk entzun egiten dugu. Zer ez ote duen bizi gizaseme honek! Aurrekoan marine lgaliziar batek esan zigunez, ordea, itsasoko arau ez idatzi baten arabera “as cousas do mar, quedan o mar”, eta beraz, barkatuko didazue solasaldi hauen mamia ixilik eduki eta “paper klasifikatuen” karpetan gordetzen badut. Sukadariarekin amaitu eta berez armadorearena den gure gelara iristen gara grabaketa talde eraginkor honetako hiru kideok. Orduan lanean hasten gara: bat ordenagailuan dagoen bitartean, bestea komunera joan etorrian dabil eta hirugarrena, egunean grasaz zikindu ditugun arropak KH7 izeneko produktu kirastun batekin garbitzen. Lan metodología horrekin txukuntzen dugu egunean zehar grabatutako materiala. Hurrengo eguneko plana ere horrelaxe zehazten dugu.

Lanak bukatuta, zerbeza  bana eta bi zigarro hartu eta puenteko kubiertara joaten gara. Han kapitaina topatzen dugu guardia garaian, argiak erabat itzalita dituen atunontziaren iluntasunean radarrak eta aparatuak zelatatzen. Presarik gabe jarduten gara berriketan. Ez dio batere mesederik egiten politikariei eta Espainiako erret familiari buruz jardutea. Kubiertara atera eta han segurtasuneko kidea topatzen dugu. Mingaina amutsa ez du honek ere eta hitza hartzeko borrokan ibiltzen gara askotan gauerdira arte luzatzen diren berriketaldietan. Gauez isiltasunik ez daukagu, Alakranaren 8000 zaldiko motorraren hotsak ez baitigu bakerik ematen, baina duela astebete ilargia jaisten hasi zenetik harritzeko moduko iluntasuna du gauak. Skif somaliarrek ikusi ez gaitzaten atuontziak argi guztiak itzaltzen ditu gauero eta hala, kubiertara atera eta gaubeltzean, iluntasun itsuan, murgiltzen gara. Metro erdiradagoenlagunarenaurpegiaikusi ere ez da egitenlehenengominutu parean. Gero bai, gero begiak zerrazoira ohitu egiten dira, inguruan dagoena bistaratzen zaigu, vaina ezinbestean gure begi pareek zerura bideratzen dute begirada pixkanaka agertzen zaizkigun izarren argiak erakarrita. Gauzak idealizatzeko joera dut, baina okertu gabe esan nezake sekula ez dudala hainbeste izar ikusi; eta hain modu dizidiratsuan gaua argitzen ere ez. Besteak beste, noski, etxean nagoenean begiratu ere egiten ez diedalako, eguneroko bizimoduko rat-race (Bob Marley-rena da esamoldea) eroan sartuta.

Kontua da, behintzat, Dani, Serafin eta hirurok gauero puente gaineko helipuertora igo eta hantxe egoten garela zerura begira, izarrei buruz teorizatzen. Aurrerapen handiak egin ditugu eta dagoeneko argi asko bereizten ditugu Norteko izarra, Kasiopea, Pleiadeak, Tauro eta Orion. Azken konstelazio hau guztiz xehetu dugu eta Orion gerlari oldarkorraren sorbaldak, gerrikoa eta belauna guztiz lokalizatuta dauzkagu. Ekuatorearen bueltan gabiltzanez Ursa Mayor eta Ursa Minor oso berandu ateratzen dira eta oraindik ez ditugu ikusi, ezagutzen ditugun arren. Ikaragarrizko buruko minak eman dizkiguna Hegoaldeko Gurutzea da, baina asko eztabaidatu ondoren guztiz identifikatuta daukagu noizbait, handiak egiten garenean akaso, Itsaso australetarantz eramango gaituen izar dizdiratsua.

Zortzi dira, beraz, identikatuta dauzkagun konstelazioak, zeruaren zabaltasun mugagabean hutsaren hurrena baino ez diren urruneko zortzi helduleku, gure txikitasunaren, harrokeriaren eta ezerezaren neurria ematen diguten zortzi lagun dizdiratsu. Hemendik gutxira ahaztuko bazaigu ere, behin bakarrik biziko dugun bizitza honetan garrantzia zerk duen gogorarazten diguten zortzi izar dira. Plasmako pantailekin adarrak jarri arren, gauero-gauero ohera joan aurretik guk begiratu eta laztandu zain dauden zortzi maitale.

Burutazio hauekin hartzen gaituloak, patxada ederrean.


Ezkerretik eskuinera, Copernico, Galileo Galilei eta Magallanes

IBON GAZTAÑAZPI

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide